Teknologia

pantailaPantailadun maskarak, pertsonak ordezkatzeko

Auzotarren bilera dela, laneko batzarra dela, ikastolako gurasoen bilkura dela, lagun gogaikarriren baten urtebetetze ospakizuna dela... Halakoetan, nori ez zaio inoiz burutik pasa norberaren ordez beste inor bidaltzea? Bada, Chamaleon Mask izeneko produktuari esker, horixe egiteko moduan izan gaitezke. Tokioko Unibertsitateko (Japonia) ikertzaile batek sortu du, Human Uber izeneko teknologia baliatuta. Itxuraz, erabilera erraza du: pertsona batek pantaila bat jartzen du aurpegian, maskara bat balitz bezala, eta pantailan ordezkatua izango den pertsonaren aurpegia agertzen da denbora errealean; gainera, haren ahotsa ere entzuten da. Hartara, fisikoki bertan egon gabe ere, ordezkaturiko pertsonak bertan balego bezala joka dezake, baina beste pertsona baten gorputzarekin. “Ordezkatuak” aginduak emango dizkio maskara daraman pertsonari, berak nahi duen lekura joan dadin eta nahi duena egin dezan. Hori guztiori, tableta bat aurpegian jarrita. Jendaurreko aldean, ordeztuaren aurpegia ikusiko da, eta haren ahotsa entzungo. Gailuaren beste aldean, berriz, ordezkatuaren aginduak ikusiko ditu ordezkariak, betaurreko adimendun batzuei esker. Sortzaileak azaldu duenez, kalean eta zenbait lantokitan probatu dute asmakizuna, eta erantzuna ona izan omen da: mozorro pantailako pertsona benetakoa balitz bezala hautematen zuen jendeak. Bitxia asmakizuna, eta, segur aski, baita erabilgarria ere, askoren ustez.