Jaialdia

sagartu‘Lau sormen-haizetara’ loratuko da Loraldia

Martxoaren 5etik 26ra, euskal kultura loratuko da Bilbon, IV. Loraldia Festibalaren eskaintza oparoari esker. Lau sormen-haizetara lelopean, 30 kultur hitzordu izango dira hiriko hogei gunetan. Antzerkia, dantza, musika, literatura, zinema, bertsolaritza, artea, gastronomia... diziplina anitz batuko ditu euskal kultur industria suspertu eta sortzaileei ikusgarritasuna ematea xede duen jaialdiak. Guztira, 100 artistak baino gehiagok hartuko dute parte. Kontzertuak, antzezlanak, kultur diziplinak nahasten dituzten ekitaldiak, solasaldiak... orotariko ekintzak, tartean produkzio berriak eta estreinaldiak. Horietako zenbait, gainera, behin bakarrik ikusi ahal izango dira, jaialdirako beren-beregi sortuak izan baitira. Jorge Oteiza “berreskuratzeko” Kukai konpainiak prestaturiko Oteizak 110 lana, kasu. Horrez gain: Anton Abbadia. Dublinetik Hendaiara bakarrizketa; HIKA Teatroaren eta Oinkari dantza taldearen Sagartu kale ikuskizunaren aretorako moldaketa; Mizel Thereten Lekeitioak dantza ikuskizuna; Imanol Jazz musika eta poesia uztartzen dituen emanaldia; Estitxu gogoan Estitxu musikaria zenari omenaldia;  bertsoa eta artea uztartzen dituen Oholtza ikuskizuna; liburu aurkezpenak... Alferrik da hemen zerrendatzen hastea, ez baitira denak sartuko. Hobe www.loraldia.eus atarira jotzea, egitarau osoa ikustea eta, behin jaialdia hasita, ekitaldi andanan parte hartzea!