Euskal Herria

euskarabenturaEuskarAbentura espedizioak gazteak eta euskara batuko ditu

Uztailaren 1etik 31ra, 120 gazte euskaldunek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez, EuskarAbentura egitasmoaren baitan. 16 eta 17 urteko gazteak izango dira, zazpi euskal lurraldeetakoak zein diasporakoak. Done Jakue bidea eginez, Unescok gizateriaren ondare izendatutako paraje eta lekuetatik igaroko dira. Ruta Quetzal zena izan du inspirazio iturri EuskarAbentura espedizioak, eta helburua da hiztun gazteak aktibatzea. Dena den, euskararen normalizazioan eragitea ez ezik, beste helburu batzuk ere baditu ekimenak: euskal lurraldearen gaineko ezagutza areagotzea; gazte euskaldunen sarea osatzea; eta zenbait balio transmititzea: bizikidetza, genero berdintasuna, ingurumenarekiko errespetua... Euskaraz dakien edozein gaztek har dezake parte espedizioan, 2001-2002 urteen artean jaio bazen. Ez da matrikularik ordaindu behar, baina, izena emateko inprimakia betetzeaz batera, motibazio gutuna eta lan bat bidali beharko dituzte. Lanak nahi bezala osatu ahal izango dituzte, hiru gai hauetako bat oinarri: euskara & zure herria, euskara & emakumeak edo euskara & itsasoa. Martxoaren 18an amaituko da lanak aurkezteko epea, eta apirilaren 16an jakinaraziko dituzte abenturan parte hartuko duten 120 gazteen izenak. Informazio guztia www.euskarabentura.eus gunean eskura daiteke.