Badator udaberriko Errigora

errigoraDagoeneko jakina eta ezaguna denez, euskarari eta Nafarroako ekoizleei laguntzeko ekimena da Errigora, Nafarroako hegoaldean nekazaritza ekoizpena eta euskara bultzatzeko asmoa duena. Nafarroa, euskara, kontsumo arduratsua, herrigintza... ditu, beraz, osagai nagusi. Bada, udaberriko kanpaina abiatzear da, beste behin: martxoaren 6tik 20ra eskatu ahal izango dira kutxak, ohiko lekuetan. Besteak beste, oliba olio birjina eta kontserba sortak biltzen dituzte, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Bestalde, martxoaren 9an eskainiko dute ETB1eko Txoriene saioan aurtengo eskaintzako produktuekin osatutako menua. Elkartearen ordezkari Iker Ajuriagerra eta Gotzone Sestorain izango dira bertan.