Azken afaria

azkenaafariaXabier Montoia
Susa, 2013

Bibliara eramaten gaitu izenburuak, baina orduko koadrilan hamahiru ziren, eta hemen, aldiz, bi baino ez dira azken afarian. Halere, hori nobelaren laugarren atala da, amaiera. Aurretik beste hiru kapitulu ditu Montoiaren azken eleberriak, zeharo bereiziak, bai gaiarengatik, bai kontatzeko moduagatik. Nobela aspaldiko lau lagunen arteko bazkari batekin hasten da. Egileak deskribapen gutxi batzuk eta adiskideen arteko elkarrizketa besterik ez du behar irakurlea kokatzeko: lantzean behin elkar ikusten duten unibertsitate garaiko lau adiskide. Bigarren atalean gertatzen dira eleberriari bidea zabaltzen dioten jazoerak. Euskal gatazkaren altzoan kokatuak, idazleak modu xehean baliatzen ditu irakurlea hirugarren kapitulura (nobelaren muinera) eramateko.
Ondorioz, aurreneko bi atalen eginkizuna da egileak idatzi nahi zuenari testuingurua eskaintzea, nobelaren asmoa baita kontatzea zelan alda dezakeen gertakari batek familia baten pentsamoldea eta bizimodu oso-osoa, nola jo dezakeen hondoa pertsona arrunt batek, zenbateraino irits daitezkeen ulertu ezina eta gorrotoa. Autoreak giro itogarri eta ia jasanezinean murgiltzen du irakurlea, kapitulua amaitzeko gogo bizia eraginez berarengan, protagonistak euren sufrikarioa bukatzeko irrikan dauden bezalaxe: protagonistaren bakarrizketa isil, trinko9 eta ilunak lortzen du helburua.
I.E.

abisaliaAsier Serrano
Txalaparta, 2014


Idazlearen unibertso literarioan, Abisalia irla berri bat da, ezlekua, atmosfera arraroa duen tokia. Pertsonaien ordoki abisaletara jaisteko, autoreak ipuinek beren baitan dauzkaten teknika guztiak erabiltzen ditu; eta bere prosa poetikoa baliatuz, indar handiko irudi estetikoak sortzen ditu. Boterea da liburuko narrazioak (mikro-ipuinak, narrazio luzeagoak, olerkiak...) biltzen dituen gaia, egilearen obsesioa. Helburua, berriz, lur honetan edo lur honen sakonean baino are sakonago dagoen beste batean bizi diren gizakien bulkadez galdetzea.

gozaKarmelo Ayesta
Utriusque Vasconiae, 2014


Euskaldun baten hizkuntza-bidaia da liburu honen azpititulua. Euskaldun hori egilea bera da, autoreak bere ibilbide pertsonala kontatzen baitu euskaldunok hizkuntza-bidaia hori zergatik egin behar dugun azaltzeko. Euskara erabiltzeko bidean aurkituko ditugun oztopoak eta aurrera egiten bultzatuko gaituzten faktoreak aztertzen ditu ondorio batera iristeko: euskaldunok euskararen erabileran daukagun erantzukizunaz jabetzen garen neurrian handituko da euskararen erabilpena.