Pantaila handiaren goxotasunean

Zinema ametsen fabrika dela esan ohi da. Askotariko ametsen fabrika, zinez. Amets gozoak, atseginak, dibertigarriak, baina baita garratzak, ilunak, mingarriak, gazi-gozoak... ere sortzen dituen faktoria, ikuslea ezinezko munduetara nahiz errealitaterik bizienetara eramaten duen leihoa. Aisialdi soila batzuentzat, eraldaketarako tresna besteentzat, amesteko bidea harentzat, norberaren baitara biltzekoa honentzat. Halaxe erakartzen ditu zaleak ere, nor bere nahi, zaletasun eta beharren arabera hurbiltzen baita zinemara. Zinema komertziala izaten da nagusi, baina merkatuko muga zurrunetatik kanpo ere mundu zabala du eskaintzeko. Mundu aberatsa, jarraitzaile askoren gozagarri. Zaletasun horren isla dira zineklubak, zinemaren bide eta bidezidorrak ikusleen eskura paratzen dituztenak, zinemazaleen eta zinefagoen gosea asetzen saiatzen direnak, ohiko eskaintzatik aldenduta, hala eskaintzen dituzten lanengatik nola pelikulak emateko moduarengatik: filmen nondik norakoen azalpenak, film osteko solasaldiak, ziklo bereziak... Batzuk arrakastatsuak, xumeagoak besteak. Denak ere, askok eta askok zinemari dioten estimuaren eta maitasunaren erakusle. Eñaut Mitxelena, Txomin L. Aramaio, M. Egimendi.

azpeitia“Zinekluba antolatzea erraza da; irautea, ordea, ez hainbeste”

Nuovo Cinema Paradiso filma gogoan, Paradisu Zinema du grazia Azpeitiko zineklubak. “Ez da oso originala, gutxienez beste hiruzpalau talde badaudelako izen horrekin” dio zineklubeko kide Kepa Urbietak (Azpeitia, 1981), “baina guk transmititu nahi genuenarekin lotuta dago: badago jendea zinema estimatzen duena”.

Duela hiru urte jaio zen Paradisu Zinema. Halere, aurretik ere izan dira zineklub gehiago Azpeitian. 1976an sortu zen lehenengoa, “eta 25 urte bete zituenean, utzi egin zuten”. Jarraian, beste talde batek Ta3. zinekluba sortu zuen, baina hura ere desagertu zen.“Kulturaz Kooperatiba Elkarteak Soreasu antzoki berriaren kudeaketa bere gain hartu zuenean, 2014an, hiru hankako proiektua sortzea erabaki zen: zinema eskaintza komertziala, zinekluba eta bestelako zinema emanaldiak. Horren barnean sortu zen Paradisu Zinema”. Azpeitiko Kultur Mahaiak sorturikoa da kooperatiba. Herriko kultur taldeek, Udalak, udaleko kultur teknikariek eta norbanakoek osatzen dute Kultur Mahaia.
Zazpi lagun arduratzen dira zineklubaz; tartean, Urbieta, kooperatibako komunikazio arduraduna izateaz gain Soreasuko zinema eskaintza ere kudeatzen duena. Proiektu zabalagoaren hanketako bat izanik ere, “zineklubak erabakitzen du zein film eskainiko dituen, eta nola jardungo duen”.
Irailetik apirilera bitartean, hilaren hirugarren asteko asteazkenetan izaten dira Paradisu Zinemako emanaldiak. Hasieran, hilean bitan izaten ziren, baina lana, familia eta bestelako kontuak tarteko, zineklubeko kideak nahiko lanpetuta dabiltzanez, “hilean behin egiten dugu orain, mementoz”. Emanaldiak Soreasuko Dinamo aretoan izaten dira. Gela handiagoa badu Soreasuk, baina “aurten, Dinamo aretora joan gara, goxotasun eta gertutasun handiagoak lortzeko”. Izan ere, film bakoitza eman aurretik aurkeztu egiten dute, eta ondoren, “+++hala nahi duena gelditzen bada”, solasaldia ere egiten dute. Gainera, “gutxi gorabehera lau saiotik behin, saiatzen gara gonbidatu bat ekartzen, uste dugulako jendea erakartzeko balio duela”. Halakoetan, gonbidatuak aukeratutako filma eskaintzen dute.
Bestelako eskaintza ere izaten dute aldian behin. Besteak beste, Mendi Tour antolatu ohi dute herriko beste zenbait eragilerekin batera; eta Gabonetan, Bilboko Zinetxiki Zinemaldiko lanak eskaini zituzten.
Zineklubaren eskaintzari dagokionez, denetarik dute, bai film berriak bai zaharragoak. Irizpide finko bakarra dute: “Jatorrizko bertsioa eskaintzea, azpitituluekin; ahal dela, euskarazko azpitituluekin”. Horretarako, Filmazpit programako pelikulak baliatzen dituzte. “Urtean 8 film botata, esaterako, 4 Filmazpiteko katalogokoak izatea nahi dugu”. Euskarazko azpitituludun filmak topatzea, baina, ez da lan erraza. “Filmazpitek 50 bat pelikula edukiko ditu, baina mugatu egiten zaitu. Batzuk dokumentalak dira, beraz... Alde horretatik, Azpitituluak.com egitasmoan film mordoxka dago”. Haatik, Azpitituluak.com-en eskaintza ez dute baliatu orain arte. “Egia esan, euskaraz eskaintzeko ez daukagu aukera handirik” dio. “Bere garaian, proiektua ere bageneukan, gu geu hasteko pelikulak azpititulatzen. Baina une honetan ezin dugu, eta asmoak bere horretan segitzen du”.
Urbietaren esanetan, “zinekluba antolatzea erraza da; irautea, ordea, ez hainbeste”. Bi zailtasun nagusi nabarmentzen ditu. Batetik, ekonomikoa: “Gure kasuan, zortea daukagu, bi babesle ditugulako: kooperatiba eta Udala”. Zineklubeko sarrerak 3 euro balio du. “Sarrerekin ez da filma ordaintzen. Sinbolikoa ere ez da, ezta jendea atzera botatzeko modukoa ere”. Halere, zineklubeko ikusle kopurua ez da handia izaten. Paradisu Zineman, “batez beste, 30 ikusle izaten dira saio bakoitzean”. Urbietaren iritziz, “orain, horixe da zailtasuna Azpeitian: jendearengana iristea. Zergatik ez den jende gehiago etortzen ez dakit. Akaso, jendeak pelikula arraroekin-eta lotzen ditu zineklubak... Berez, zineklubak arrisku batzuk hartzeko atrebentzia eduki behar du, ezta? Jendea arriskuok ikusteko prestatuta dagoen... ezetz esango nuke”.
Ildo horretan, “kooperatiban, zinema eskaintzari halako azterketa eta errepasoa egin nahi diogu, nola hobe daitekeen ikusteko”. Azpeitiko lehen zinekluba ekarri du gogora: “Filmak eskaintzeaz gain, pelikula luzeak eta laburrak egiten zituzten. Beste dinamismo bat zeukaten, beste indar bat, eta nik uste herriak ere beste erantzun bat ematen ziola”. Horrenbestez, “ederra izango litzateke aurreneko zineklubak bezala geuk ere indar handiagoa egingo bagenu film laburrak eta halakoak egiteko. Azpeitian, azken urteotan, ikus-entzunezkoen alorrean ari diren taldeak sortu dira. Horien jarduna eta zineklubarena bateratzea litzateke kontua”.
Oraingoz, aurrera egiteko gogotsu dira: “Saiatuko gara eskaintzak egiten lagun artean gauza politak edo ausartak ikusteko”.

zinekluba

“Jendeari gustatzen zaio pelikulak lagun artean ikustea. Horretarako aukera ematen dugu guk”

Zineklub bat baino gehiago ezagutu dute ondarroarrek azken urteotan, dela Guzur Etxean, dela Gaztetxean... Azkena Barnetegixe etxe okupatuan ipini zuten martxan Iban Lekunberrik eta Iker Alkortak duela urtebete pasatxo.
Hiru zinema areto eduki zituen Ondarroak bere garaian: Pesca, Alameda eta Bide Onera. Alamedakoari Beikozini (beheko zinema) ezizena ipini zioten ondarroarrek, eta Bide Onerari Goikozini (goiko zinema). Izan ere, biak zeuden aldapa berean, baina bata goian eta bestea behean. Haiei omenalditxoa eginda sortu zuten Lekunberri eta Alkorta ondarroarrek Goren Gorengo edo Goi Goiko zinekluba.
Urte asko daramatzate itxita Pescak eta Alamedak; Bide Onera, ostera, iaz zarratu zuten. “Orain dela gutxira arte, zinema aretoetan pelikula modernoak ematen zituzten, eta gehientsuenak moda-modan zeudenak. Horri buelta emateko eta klasikoak ikusteko sortu genuen Barnetegixeko zinekluba”.
Hilabeteari begira antolatzen dute zinekluba. Hilabete osorako pelikulak aukeratu, kartela atera, eta hurrengo hilabetea prestatzen hasteko moduan egoten dira. “Batzuetan, zikloak izaten dira, guk aukeratutakoak edota zineklubera hurbiltzen den jendeak proposatutakoak. Otsailekoak, esate baterako, hutsik egin gabe etortzen den lagun batek aukeratu zituen” azaldu du Alkortak. Urtarrilean, Black Mirror telesaileko kapituluak ikusi zituzten, eta, egiari zor, nahiko gogorrak direnez, zerbait alaiagoa, positiboagoa eta erosoagoa ikusteko gogoa sortu zitzaien. Bide horretan, Amanece que no es poco, Young Frankestein eta Relatos salvajes eskaini dituzte.
Filmen ostean, gauzak batu bitartean, tertulian geratzen dira inoiz. “Pelikula martxan dagoela ere egiten ditugu komentarioak. Hori bai, ez gehiegi. Berba egiteko aukera dago, baina luzatu gabe” zehaztu du Alkortak. “Garrantzitsua filma ikustea da; gero, egongo da astia komentatzeko. Pelikularen arabera, gehiago edo gutxiago hitz egiten dugu. Zelako gorputzaldia laga dizun...” gaineratu du Lekunberrik.
Iban Lekunberri Otxarkoagan bizi zenean, bertako zineklubera joaten zen, non astero jende piloa batzen omen zen. Gero, SGAE sartu eta pelikula emateagatik dirua eskatzen hasi zenean, bertan behera geratu zen. Barnetegixen, ez dute horrelako arazorik, oraingoz. “Jendeari gustatzen zaio pelikulak lagun artean ikustea. Horretarako aukera ematen dugu guk”.
Hasieran, jatorrizko bertsioan paratzen zituzten filmak, azpitituluak ondarroarrez jarrita. “Euskarazko azpitituluak prestatzen hasi ginen, baina zerbait falta zelakoan geunden. Euskara batuko esaldi batzuekin ez ziren egoki geratzen. Probatzeko, ondarroarrez idatzi nituen, eta gustura geratu nintzen!” dio Lekunberrik. Hala, zortzi bat pelikula azpititulatu zituzten herriko hizkeran.
Gehiago ere egingo ditugu, baina astia behar da. Pelikula bakoitzak 1.300-1.600 esaldi eduki ditzake. Batzuk motzak, baina beste batzuk poetikoak, filosofikoak edo dena delakoak... lana eskatzen du, eta ez dugu astirik” erantsi du Alkortak.
Gaztelaniatik itzultzen dituzte, pelikula aurrean dutela beti. “Azpitituluen artxiboa zabaldu, hartu eta editatzeko aukera egoten da. Gaztelaniazkoaren gainean egiten ditugu aldaketak, aldi berean jatorrizko bertsioa ikusten ari garela. Izan ere,  ez da bakarrik esaldiak itzultzea, pelikulari zentzua hartu behar diozu”. Oraindik ez dituzte sarera igo, zuzenketa batzuk egin behar dizkietelako. Baina prest daudenean, edozeinen eskura lagako dituzte. Azkenaldian azpititulurik jartzen ez dutenez, gaztelaniaz ematen dituzte filmak.

testi

“Solasaldia, batzuetan, magistrala izaten da, master class txikia”

Bilboko Fas zineklubak 65 urte bete ditu aurten. Tarte horretan, hutsik egin gabe eskaini ditu kalitatezko filmak asteartero-asteartero, zinemaz gozatzeko eta ikasteko xedez. Zineklubeko bazkidea eta batzordekidea da Itziar Zeberio (Errenteria, 1963).

Europako zinekluben artean zaharrenetakoa da Fas, eta zaharrena estatuan. Badaude lehenagokoak, “baina etenaldiak izan dituzte” dio Zeberiok. Fasek, ordea, oporretan izan ezik, astero eskaini du filma, baita Tejerok estatu kolpea eman zuen astearte hartan ere. Elizaren baitan sortu zen, San Vicente elizan dokumentalak jartzen hasi zirenean, baina berehala hasi zen garaiko abangoardiako zinema onena eskaintzen, “bertan biltzen ziren zinemazaleek eskatuta edo”. 1996tik, El Carmen aretoan ikusten dira filmak.
Zazpi-zortzi boluntarioz osatutako batzorde batek kudeatzen du zinekluba. Egitekoen artean, “lehentasun osoa du asteartero film bat emateak”. Programazioa hiru hilero osatzen dute, hainbat irizpideri jarraiki: kalitatezkoa; jatorrizko bertsioan; hilean behin film klasiko bat; lurralde ezberdinetako filmak, mundu osoko errealitateak erakusteko... “Horrez gain, zuzendari batzuk bereziki jarraitzen ditugu, emakumeak oso aintzat hartuta, guk uste baino gehiago daudelako”. Inguruko zinemaldietara joaten ere saiatzen dira, “zer datorren jakiteko. Ikusten ez den lan handia dago atzean”.
Diru kontuak ere batzordeak daramatza: “Urtero egiten dugu batzarra bazkideekin. Urtean 80 € ordaintzen duten 150 bazkide baino gehiago ditugu. Egonkortasun ekonomikoa ematen digute, diru laguntzak aldakorrak izan baitaitezke”. Dena den, bazkide kopurua handitu nahi dute, “modu horretan urtean 36-37 saio egotea ziurtatzen delako. Garrantzitsuena ez da sarrera ordaintzen duen ikusle asko egotea, baizik eta bazkide asko izatea. Horrela, diru laguntzaren batek huts egingo balu (Udaletik eta Foru Aldunditik jasotzen dira, batik bat), tarte batez, behintzat, iraungo genuke”. Badago 45 euroko bonua ere, urtean hamar film ikusteko, eta sarrera arruntak 5 € balio du, “baina filmaz gain, solasaldia dago. Hor, asko ikasten da, batzuetan magistrala izaten baita, master class txikia”. Emanaldietara 200 lagunetik gora joan ohi dira, eta 60 bat gelditzen dira solasaldian.
Beste ekitaldi batzuk ere prestatzen ditu Fasek, “KORTeN film laburren zinemaldia, adibidez, euskal ekoizleak sustatzeko”. Denboraldi osoan egiten da, astearte batzuetan, film luzearen aurretik laburra eskainita. Saritua erabakitzeko, publikoak ematen du botoa emanaldi bakoitzaren ondoren, eta abenduan jasotzen du saria irabazleak. Euskal film laburren eguna ere antolatzen dute apirilaren amaieran, Aitzol Aramaioren omenez; eta Zinebirekin ere kolaboratzen dute, euskarazko zinema bultzatzeko asmoz. Halaber, ekaineko azken saioan, udako oporren aurretik, beti jartzen dute klasiko mutu bat, Josetxo Fernández Ortega pianista aretoan bertan dela film horretarako berariaz konposatutako partituta jotzen. 
Zineklubetako filmek adituentzat izateko ospea dute, baina, Zeberioren ustez, kalitatezko zinemak ez du zertan zaila izan: “Guk denetariko filmak eskaintzen ditugu: batzuk komediak dira, eta jendeak oso ondo pasatzen du; beste batzuk sozialak dira, eta jendeak oso ondo barneratzen ditu; eta beste batzuk esperimentalagoak dira, abangoardiako zinemak inoiz ikusi gabeko gauzak egin behar ditu eta. Gure helburuen artean badago, zinemaz gozatzeaz gain, ikastea, bai zinemaren inguruko kontzeptuak, bai filmek ezagutarazten dituzten gizarteak edo bestelako errealitateak. Ikusten dugunean oso abangoardiako pelikula korear, txinatar edo japoniar bat, ez da soilik estetika kontzeptuei erreparatzeko, baizik eta errealitate berezi batzuk erakusteko. Beraz, osteko solasaldia oso garrantzitsua izaten da, ikuslearen interesa pizten duten hainbat eta hainbat ikuspuntu ezagutzen direlako”.
Hala dirudi. Izan ere, egiten duen eguraldia egiten duela edo futbola bada ere, asteartero 200-250 lagun film bat ikusteko batzea bada zerbait. 65 urte betetzea, gainera, zer esanik ez!