Zer irizten diozu nahitaezko soldadutza berrezartzeari?

 

ikamika

Nahitaezko soldadutza Ipar Euskal Herrira itzuliko da. Emannuel Macron Frantziako presidenteak presidentetzarako hautagai zenean agindutakoa berretsi du: soldadutza berrezarriko dute. Erabakiak zuzenean eragingo die Iparraldeko gazteei. Xehetasun gehiagorik ez du eman oraingoz, proposamena lantzeko dutelako. Aipatu dituen apurren arabera, “zerbitzu nazional unibertsal” delakoak (antza, ez dira “soldadutza” esatera ausartu) hilabeteko iraupena izango du, eta 18 eta 21 urte bitartekoek egin beharko dute. Tarte horretan, “prestakuntza zibiko-militarra” jasoko omen dute gazteek, Frantziako defentsa “hobetzea” helburu. 1997an desagertu zen nahitaezko soldadutza Frantzian. Hego Euskal Herrian, berriz, 2001ean.  Historiaren ahanzturan galduta zirudiena itzuli egingo da, ordea. Zer iruditzen zaizue? Halakorik onartuko al zenukete? Irungo AEK-ko arratsaldeko C1B2 mailako taldea.

1. Irati Castaño
Ez nago ados; izan ere, Frantziako defentsa egitura ona dela iruditzen zait, eta horrexegatik, hain zuzen ere, ez dago nahitaezko soldadutza egin beharrik. Nire ustez, espezializatuek egin behar lukete.


2. Marina Romo
Egia da munduko egoerak okerrera egin duela, baina horrelako erabakiak hartzea gehiegizkoa iruditzen zait. Gazteek gazte izaten jarraitu behar dute, eta ezin ditugu soldaduska egitera behartu, bokazioa eduki behar da-eta horretarako.


3. Nerea Arabolaza
Edozein prestaketak hilabete baino gehiago iraun behar du, emakumea edota gizona hezteko; are gehiago gerra batean nola jokatu behar den ikasteko. Hala bada, iruditzen zait gaur egun udako kanpamentu bat dirudiena nahitaezko zerbitzu militar luzea bihur litekeela laster, proposamen hau onartuko bagenu. Erne ibili!


4. Esti Zugasti
Horren lan garrantzitsua profesionalek soilik egin beharko lukete. Beraz, Estatuak ahaleginak egin beharko lituzke lan baldintza erakargarriak eskaintzeko; horrela, noski, lanbide honek jarraitzaile gehiago izango lituzke.


5. Amaia Basterra
Arduragabekeria hutsa da gaur egun nahitaezko hilabeteko soldadutza eginaraztea. Herrialde bat defendatzea erantzukizun handiko kontua da, eta ez du edozeinek balio. Soldadutzak, orain bezala, profesionala izan behar du.


6. Olaia Gil
Gaur egungo egoera ikusita, gazteak hilabeteko soldadutzan aritzea astakeria iruditzen zait, ez baitut uste gerretan sartuko garenik.