Su haietatik, emakume hauek

martxoak

Kolore morez tindatutako greba izango da martxoaren 8koa. Euskal  Herriko mugimendu feministak bat egin du nazioarteko Emakumeok* planto aldarriarekin (izartxoa jarri diote emakume sentitzeko modu ugarien adierazgarri). Enpresetako eta eskoletako lanuzteez gain, zaintza lan ikusezinetan eta kontsumoan ere planto egitea sustatuko dute. Begiak zirikatu, arnasa mehatxatu eta eztula eragitera dator mugimendua, euskarazko abesti batek dioen gisan. Jomugan, botere egiturak eta mendekotasuna ditu.  Maider del Olmo.

 

Ez dago su gabeko kerik. Hala, Martxoaren 8aren iturburutzat jo da ondoko gertakaria: 1910. urtean, ehun emakume baino gehiago sugarrek kiskalita hil ziren New Yorkeko oihalgintza enpresa batean. Haiek egin zuten Alkandora egileen greba sonatua, emakumeen lanuzterik ezagunenetako bat. Zerrenda luzean beste bat bada ere, erakundeek ospetsu bihurtu zuten, dela New Yorken jazo zelako (eta ez Thailandian, esaterako), dela bestelako arrazoiengatik. Edozelan, behargin haiek larrutik ordaindu zuten botereari planto egin izana. Dirudienez, moreak ziren fabrikan egiten zituzten oihalak; horrexegatik bustitzen ditu feminismoak bere aldarrikapenak kolore horrekin, zenbait iturrik diotenez.
Jatorriari buruzko iritziak gorabehera, aurten, Emakumeen Nazioarteko Egunean, andreek besoko morea jantzita agertuko diote atxikimendua grebari, bai Euskal Herrian bai nazioartean. Iaz, 70 herrialdetan baino gehiagotan zabaldu zuten emakumeek nazioarteko grebarako deialdia. Duela hil batzuk, Euskal Herriko mugimendu feministak erabaki zuen protestara batzea, arestian aipatu bezala Emakumeok* planto leloarekin.
Grebaren xedea da egungo sistemaren botere egiturak eta mendekotasuna ezbaian jartzea. Protestatzeko ekintza hau soldatapeko lanaz harago doa; izan ere, eredu klasikotik aldenduta, emakumeek inolako aitorpenik jaso gabe egiten dituzten lanetan jarri da arreta. Hala, enpresetan eta ikastetxeetan ez ezik, beste esparru batzuetan ere sustatuko dira lanuzteak, zaintza lanetan eta kontsumoan, besteak beste. Zaintza lan ikusezinetan diharduten emakumeei dagokienez, beren jarduerak egiteari utziko diote. Egun horretan, esaterako, ez da garbiketarik egingo, umeak ez dira eskolara eramango, eta ez da otordurik prestatuko. Horren guztiaren erakusgarri,  amantalak (edota beste edozein tresna) balkoitik eskegitzeko deia egin dute, aldarrikapen gisara. 
“Vaga de Totes” adibide
Aurrekariak Bartzelona ingurukoak dira. 2014. urtean, zaintza lanak ikusarazteko, emakumeek ezohiko lanuztea egin zuten: Vaga de Totes (Denon Greba, euskaraz; emakumeei erreferentzia egiten diena). Ekintza haren bitartez, ikusgai jarri nahi izan zituzten langabeak, prekarioak, etxekoandreak, etxeko langileak, sexu langileak, paperik gabeko migratzaileak eta erretiratuak.
Horrela, mugimendu feministaren aspaldiko ohartarazpena kaleratu zuten: egungo sistema ekonomiko eta soziala emakumeek egiten duten lan ikusezinari esker mantentzen da. Aldi hartan, Emakumeok mugitzen dugu mundua, eta orain gelditu egingo dugu izenburua zuen manifestua zabaldu zuten.
Vaga de Totes-ek bezala, Euskal Herriko mugimendu feministak kontsumo greba ere bultzatu du hemen. Bereziki, enpresa eta saltoki handietara erostera ez joateko eskatu dute, “haiek baitira lan esplotazioaren eta baliabideen ustiapen basatiaren ikur esanguratsuenetako bat”. 
Urtero legez, mobilizazioak egingo dira martxoaren 8an. Herriz herri antolatutako ekintzekin osatuko dituzte hiriburuetako deialdi nagusiak. Horrez gain, enpresetako langileei eta ikasleei launa orduko bi lanuzte egiteko eskatu diete: goizeko 11:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 18:00etatik 22:00etara.


Haien ahotan:

Pare, Deustuko Talde Gazte Feminista:
“Neska gazteok subjektu aktibo eta kritikoak garen heinean, feminismoa tresnatzat jotzen dugu, politika egiteko eta borrokatzeko, Euskal Herri aske, gorri eta morea eraikitzeko”. Adierazi dutenez, “guk bat egingo dugu martxoaren 8ko grebarekin”. Aurten, 10 urte beteko ditu taldeak.

Bizkaiko Emakume Asanblada:
“Greba honekin erakutsi nahi dugu emakumeok egiten dugun lana ezinbestekoa dela. Gu geratzen bagara, mundua ere geratu egingo da. Bide horretatik goaz. Bestalde, lanaz haragoko grebaren kontzeptu berri eta zabalagoaren beharra ikusten dugu”. 30 urte baino gehiago daramatza eztabaida eta ekintza feministak sustatzen, autogestioan oinarrituta.

Amuge, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea:
“Jasaten duguna emakumeak garelako da, ijitoak izateaz harago. Gure borroka emakume guztiena da”. 15 urte bete ditu elkarteak.

ELE, Etxeko Langileen Elkartea:
 “Martxoaren 8ko grebaren alde gaude, baina ezin dugu bere horretan aurrera eraman; izan ere, langileak kanporatuak izateko arriskuan egongo lirateke, hori eginez gero. Gainera, kontratatzailea ez dago behartuta berriz pertsona hori kontratatzera. Nolanahi ere, modu aktiboan hartuko dugu parte greban. Gure helburua da egun horretan kontratazio agentzien jarduera etetea, etengabeko telefono deien bidez haien sarea blokeatuz”. Etxeko langileen elkarteak 30 urte inguru daramatza borrokan.