Ametsak taupaka

maravillas

Ezina zirudiena ekinez egin dute. Hamahiru urte luze pasatu dira Iruñeko Euskal Jai gaztetxea eraitsi zutenetik. Tenore hartan, eraikina botatzea lortu zuten; alabaina, gunearen argiak hiria argiztatzen jarraitu du gaur arte. 2017an, Nabarreria plazako Rozalejoko Markesaren Jauregia okupatu zuten Alde Zaharreko gazteek. Helburua argi dute: gizartea eraldatuko duen eremu bat eraikitzea. Arkaitz Almotza Muro.

Gaztetxe berriari Maravillas izena jarri diote, 14 urte zituela falangistek bortxatu eta erail zuten Larragako neskatoaren omenez. Bihotz gorri, more, berde eta errebeldea eraikitzen ari dira Iruñeko Alde Zaharrean. Ametsak ditu taupaka, eta ilusioa, itxaropena, egungo jendartea eraldatzeko nahia. Gazteen grinak ematen dio indarra bihotzari. Iragan urtean aipatu jauregian sartu zirenetik, buru-belarri ari dira hiriko kolektibo eta gizarte-mugimenduen etxea izango dena eraikitzen, baita auzoko bizilagunak bilduko dituen egongela sortzen ere. Ordutik hona, hainbat proiektu abiatu dituzte, bestelako mundu koloretsua sortzeko itxaropenak bultzatuta.
Bidea ez da batere erraza izan. Iruñeko Euskal Jai gaztetxea eraitsi zutenetik, hainbat saiakera egin dituzte esparru autokudeatu bat izateko, beraiena, baina aitaren batean kanporatu dituzte beti. 2007an, esaterako, egungo eraikinean sartu ziren, eta, okupatu bezain laster, kaleratuak izan ziren. 2015ean, gobernu aldaketak eragin zuen aro berriaren harira, Iruñeko gazteek aukera egokia ikusi zuten gaztetxe bat izateko. Aipatu bezala, tartean hainbat saiakera egin zituzten: hasieran, Konpainia kalean dagoen eraikin batean sartu ziren, orduan ere berehala kaleratu zituzten. Gero, Iruñeko Udalak Caparroso etxea utzi zien, baina kontratua ez betetzea leporatuta (Udalaren esanetan, obra batzuk baimenik gabe egin zituzten), kalean geratu ziren. Azkenean, hirugarrenean lortu dute: “Bide honetan ikasi dugu autokudeaketa eta okupazioa beharrezkoak direla gure independentziari eusteko. Orain badugu gune handia, eta horrek ilusioa sortzen du, egitasmo handia eraikitzeko”, azaldu diote AIZU! aldizkariari gaztetxeko kide Odeik eta Nahiak.
Harrizko eraikin ederra da Rozalejoko Markesaren Jauregia. 1739tik, hiriko historiaren lekuko mutua izan da. Hastapenetan, Gendika jauntxoen etxea izan zen; geroago, etxebizitzetarako erabili zuten. Azken 20-30 urte hauetan, baina, hutsik egon da, nahiz eta, 2005ean, Nafarroako Gobernuak bereganatu zuen. Orain, gaztetxeak hamaika kolorez margotuko du jauregi grisaren arima. “Guztion artean, esparru sendoa eraikiko dugu, gure auzoa, hiria eta, zergatik ez, mundua aldatzeko” azpimarratu dute proiektuko kideek. “Azken hamarkada hauetan, eredu neoliberala bultzatu dute UPNk, inbertsoreek… eta beharrezkoa da Alde Zaharraren izaera herrikoia berreskuratzea”.
Herri mugimenduen jauregia izanen da gaztetxea. Hori dela eta, ateak zabaldu dizkiete une honetan abian dauden egitasmoei eta lanean ari diren hainbat talderi. “Garrantzitsua da herritarrak hona hurbiltzea, beren proposamenak aurkeztea eta garatzea, gaztetxearen alde lan egitea, guztion arteko sare sendoa josteko”. Auzoko bizi-lagunei begira ere egonen da gunea. “Oso harrera ona izan dugu, jende asko gerturatu zaigu atxikimendua erakustera”. Gazteen esanetan, proiektuak ilusioa eragin du inguruan bizi direnen artean. “Okupen irudi kaskar horrekin amaitu dugu, benetan lanerako prest gaudela erakutsiz ”.
Jakin badakite gune berezia sortzen ari direla Nafarroako hiriburuan, eta hasieratik garbi izan zuten halako proiektu batek izen berezia behar zuela, hots, mezu bat bidali behar zitzaiola gizarteari. Horrela, izena hautatzeko prozesu parte-hartzaile baten ostean, gaztetxe berriak begi-keinua egin dio Nafarroako memoria historikoari: Maravillas izena jarri diote, 1936an falangistek bortxatu eta erail zuten 14 urteko Larragako neskatoaren omenez. “Oso garrantzitsua da Gerra Zibilean gertatu zena kontuan izatea, etorkizuneko borroketan ere bai”. Gunea inauguratu zutenean, Josefina Lambertori, Maravillasen ahizpari, omenaldia egin zioten. “Izugarri hunkitu zen”, diote. “Harro dago, eta ia astero ekartzen dizkigu bizkotxoak, bonboiak, etab.”.  
Gizartea eraldatzen
Eraikinean denbora gutxi badaramate ere, dagoeneko errealitate bihurtu dituzte hainbat amets. Otsailean, adibidez, jantokiko ateak zabaldu zituzten, eta badira pare bat hil Paradisu Zinemak auzoko bizilagunak elkartzen dituela, zazpigarren artearen magiapean. Euskara eskolak ere hasi dira ematen, eta Bertso Eskolak egundoko arrakasta du. Urtarrilean antolatu zuten bertso trama saioan, esaterako, ehun lagun inguru elkartu ziren Maravillas gaztetxean. Erritmoak ez du etenik. Une honetan, zirkua egiteko gela prestatzen ari dira, baita musika entseguak egiteko gela eta grabazio estudioa ere. Iruñeko Euskal Jairen omenezko taberna ere prest dute, eta, aurrera begira, dantzalekua, gimnasioa edo arte martzialen gela, sukaldea, liburutegia eta prestakuntza gela izango dituzte erabilgarri.
Eskuz esku, auzolanean ari dira eraikitzen gaztetxea. “Kolektibo askok gune eredugarritzat hartu dute Maravillas, beren jardunaldiak hemen antolatzen dituzte, eta horrek bultzada ematen dio proiektuari; espero dugu hemendik aurrera ere beren egitasmoak gune honetan eraikitzea” azpimarratu dute Odeik eta Nahiak.
Gazteek ematen diote oxigenoa sortzen ari dien bihotzari, baina beste adin tarte batean daudenentzat ere zabalik daude ateak. Oinarrian, Alde Zaharreko gazte mugimenduak azken urte hauetan egindako sukalde-lana dago. “Mugimendua osasuntsu dago, eta horrek gazteen partaidetza bultzatu du” azpimarratu dute. Salatu dutenez, aurretik ez zegoen gazteentzako inolako gunerik; horrexegatik, egoki deritzote auzoko gazteak elkartuko dituen gunea sortzeari. “Hezkuntzari garrantzi handia ematen diogu. Bestelako mundua eraiki nahi badugu, beharrezkoa da partaidetzaren bidez kontzientzia kolektiboa bultzatzea, arazoak guztion artean kudeatzea. Finean, bizitzarako irakaspen baliotsua da”.
Gogo biziz ari dira Gaztetxeak jantziko duen proiektua josten. Hala ere, tamalez, oraingo honetan ere ez dira desagertu kaleratzearen mamuak. Eraikinaren jabetza Nafarroako Gobernuarena da, eta helegitea jarri du epaitegietan. “Oraindik ez gara gai horretan sartu, baina eraikina okupatu genuenetik babes handia jaso dugu; beraz, inoiz kaleratzen bagaituzte, nahikoa indarra izango dugu horri erantzuteko”. Dena dela, orain indar guztiak esparrua eraikitzeko erabiltzen ari dira, ilusioa gidari dutela. Taupaka-taupaka, amesten duten bestelako mundu koloretsu hori eraikitzen ari dira. Taup, taup!