TRAKAMATRAKA birziklatuen orkestra

trakamatraka

Trakamatraka Jon Urrutia (Bilbo, 1978) musikariaren proiektua da. Ikuskizunean, musika eta birziklapena bateratuta, kontzeptu didaktikoak eskaintzen ditu material birziklatuaz sorturiko musika tresnen bidez. Emanaldi “dinamikoa, parte-hartzailea eta dibertigarria” izaten da, bai haurrentzat bai helduentzat. M. Egimendi. Argazkiak: Trakamatraka.

 

Ingurumena da Urrutiaren kezketako bat, eta musikarekin batu du: “Mundua neurri batean aldatzearren, neure aletxoa jarri nahi nuen. Beraz, batetik, proiektu erakargarria da umeak musikara modu dibertigarrian hurbiltzeko. Bestetik, erakutsi nahi diet gauzak birzikla daitezkeela. Kontsumo gehiegikeriari aurre egiteko desazkundea ere sustatu nahi dut, oraingo haurrek dena erosten dutelako. Nahiko proiektu hezitzailea dela esan genezake”. 
Emanaldiaren barruan, kontzertua eta tailerra daude, azkenekoa hainbat musika tresna material birziklatuz sortzeko. Hitzaldia ere egon daiteke, Trakamatrakaren ezaugarrietako bat baita oso ikuskizun moldagarria izatea, bezeroak eskatzen duenaren araberakoa: “Zenbaitetan, aurretik azaltzen dut egingo dugun musika tresna nondik datorren, haren fisiologia eta abar”. Beste batzuetan, kontzertuaren edota azalpenaren ostean, aukera ematen dio publikoari materiala aukeratzeko eta musika tresna egiteko: “Polita da, irudimena eta sormena landu behar direlako. Umeekin gauza zoragarriak ateratzen dira, haien irudimena ez dagoelako gurea bezain mugatuta. Ideia piloa ematen didate. Ikuskizunean gurasoak daudenean, haiek ere umetu egiten dira, neurri batean, eta irudimena lantzen dute. Makulu bat, heldu batentzat, makulua da, baina umearentzat izan daiteke zaldia, pistola...”. Helburu du, halaber, familian gauzak elkarrekin egitea: “Gauza asko umeentzat baino ez dira, eta gurasoak zain edo kanpoan egoten dira, garagardo bat-edo hartzen. Proiektu honetan, ordea, denek batera jarduten dute, elkarrekin, eta gozatu egiten dute. Aita-amek, askotan, umeari lagundu baino, umearena egiten dute”. Oro har, guraso horiek nahiko musikazaleak izaten dira, eta zaletasuna transmititu nahi izaten dute. “Bide batez beste balio batzuk lantzen badira, hobeto”. Batzuetan, saioaren bukaeran, tailerrean egindako musika tresnekin kontzertua elkarrekin ematen ahalegintzen dira, “nahiz eta zail samarra izan”. Saiatzen dira denen artean abestiren bat egiten, “baina abestia kantatu edo jo baino, matraka ematen dugu” dio Urrutiak barrez.
Jendea, emanaldietan, “haluzinatuta” geratu ohi da, maiz kontzertu didaktikoa iragartzen delako: “Sarritan hasten dut ikuskizuna eskailera bat jotzen, eta orduan shock moduko bat sortzen da; halere, berehala sartzen dira jokoan, attrezzoan dauden osagai guztiak joko direla konturatu bezain laster. Pozik sartzen dira Trakamatrakaren munduan parte hartzera, jabetzen baitira edozer gauzak duela musika egiteko eskubidea”. Edozer gauzak, bai. Adibidez, azenario batek, “nahiz eta musika ez sortu beti berdin, ez daudelako bi azenario berdin”. Edota adreilu batek: “Asko gustatu zitzaidan musika egiteko, baina putz egitean... Teknika hobetu beharra dut”. Musika tresna horietako asko ditu ikusgai eta entzungai www.trakamatraka.com webgunean.
Baditu, saiatu arren, oraindik lortu gabeko instrumentuak ere: “Halere, ez dut etsitzen; musikariok frustrazio gaitasun handia dugu, eta burugogor jarrita... Nik badaukat neure I+D saila, eta kostatu egingo zaie, baina egunen batean aterako dute soinua, nola edo hala!”. Bitartean, etxe ondoko lokal batean gordetzen ditu denak. Azkenean, kontuz ibili behar Diogenes sindromea garatzeko arriskuarekin: “Lagunek, etxean obrak egiten dituztenean-eta, gauzak eman nahi izaten dizkidate, baina ez! Une honetan, material birziklatu pilo ezin handiagoa daukat, zaborra ez esatearren, tailerretarako zein musika tresnak egiteko. Beraz, ‘desengantxatzen’ nabil, kar-kar!”.
Trakamatrakaren bezeroak askotarikoak dira: udalak, eskolak, musika eskolak, irakasleak, kale antzerki jaialdiak... Bilboko Euskalduna jauregian ere izan da, eta Gabonetan, adibidez, “gizarteak bazterturiko pertsonei laguntzen dien elkarte batean eman nuen kontzertua”.
Ikuskizuna iazko maiatzean kaleratu zen, baina lehenago hasi zen egosten: “Ni ez naiz lehena; ikusia nuen kanpoan norbait halakoak egiten, eta ez perkusioarekin bakarrik, horixe baita errazena. Gustatu, eta ikertzen hasi nintzen, musika tresna piloa bildu eta material birziklatua metatzen, orduak ematen musika tresnak egiten eta horiek jotzeko teknikak ikasten. Tarteka, bideoren bat igotzen nuen Internetera, eta oso harrera ona izaten zuen. Gero eta gauza gehiago nuenez, azkenean ikuskizuna sortzea erabaki nuen”. Aurretik, baina, denbora asko eman zuen asmatzen, arakatzen, irakurtzen, jendeari galdezka... Lan handia da, besteak beste, bera arduratzen delako prozesu osoaz: ikuskizuna bera, bideoak, webgunea, marketina... “Trakamatraka autoekoizpena da, ehuneko ehunean”.

Bidaiek inspiratuta

Urrutiak gitarra eta biolina jotzen ikasi zuen prestakuntza arautuan, baina gaur egun multi-instrumentistatzat du bere burua. Oso bidaiazalea da, eta orain sortzen eta jotzen dituen tresnetako asko munduko beste musika tresna batzuen antzekoak dira. Urrutiaren bidaiak “musikalak” izaten omen dira: “Ideiak hartzen ditut eta musikarekiko nire ikuspegia zabaltzen dut, eta guztia Trakamatrakaren poltsan sartzen dut. Esaterako, Indiako bansuri izeneko zeharkako txirula moduko bat. Nik Lacasitos potez osatu dut, diametro berdina dutelako. Zuloak egin toki berean eta kito”. Europako ekialdean artzainek erabiltzen dituzten harmoniko txirulen antzekoak ere egin ditu, zaborra biltzeko palaz, edo Australiako didjeridua Pringles patata kutxekin... Turkia, Iran eta inguru horietako txirula moduko batzuk ere egiten ditu, enboloa duen edozer gauzarekin, “mopa batekin edo ur pistola batekin”.
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzen du ikuskizuna, baina gehienak euskaraz egiten ditu, hari, perkusio eta haize familiako musika tresnekin. Errepertorioari dagokionez, AC/DC ere jotzen du, edo Zazpi jauzi, edo euskal folkloreko beste batzuk. Halaber, munduko beste herrialde batzuetako folklorea ere sartzen du: “Neuk sortutako konposizioek, munduko folklore piezek (hemengoak barne) eta rock and roll edota musika modernoko beste konposizio batzuek (abesti ezagunak) osatzen dute errepertorioa. Dena den, proiektua aurrera doan heinean, aldatu egiten da, instrumentu berriak sartzen direlako”.