Herri komunikabidea dute Amikuzeko euskaldunek

irratia

Nafarroa Behereko iparraldean dago Amikuze eskualdea, Bearnorekin mugan. Donapaleu du hiriburua, baina herri txikia da, 2.000 biztanle ere ez ditu. Guztira, 10.000 dira eskualdean, 27 herritan banatuta. Euskarak bertan azken hamarkadotan galera prozesua bizi izan badu ere, biziberritzeko dinamika azkartuz doa. Tresna bat gehiago du, gainera, urtarrilaren amaieraz geroztik: Amikuzeko Irratia, Nafarroa Behereko euskarazko bigarren irratia, martxan da. Unai Oiartzun.

Urtarrilaren 27a, goizeko 11:00ak, lehen emisioa. Jende andana bildu da Donapaleuko estudio berrian, estreinaldian parte hartzeko asmoz. Artzen Letona esatariak ez du esperientzia faltarik, Xiberoko Botzan eta France Bleun aritua baita. Hegoaldean, Euskadi Irratian entzun izan dute, Alaia Martin bertsolariarekin batera, Zubiak irratsaioan. Hala ere, urduri dabil alde batetik bestera. “Jota estresatuta gabiltza gaur goizean. Tresneria ezagutzen ari gara oraindik”. Kontent dago, dena den, abentura berriarekin: “Erronka handia da, oso interesgarria”.
Isiltasuna nagusitu da egoitzan zuzenean hasi aurreko azken minutuetan. Kafe makinaren soinua besterik ez da entzuten. Letonak seinalea egin die mahaiaren bueltan dauden gonbidatuei, eta, aho batez, ongietorria eman diote Amikuzeko Irratiari. Txalo egin dute ondoren, irribarrez. Hortik aurrera, bi orduz, jendea sartu eta irten ibili da, etengabe, estudioan. Izan ere, eskualdeko elkarteetako kideak eta eragileak gonbidatu dituzte irratiaren inguruko itxaropenen eta asmoen berri ematera. “Pozik gaude jaso dugun oihartzunarekin. Kolaboratzaile sare ederra dugu abiatzeko” aitortu du Jojo Bidart Irulegiko Irratiko kazetariak.
Orain arte, Nafarroa Beherea osoko irratia izan da Irulegi. Baina Amikuze eskualderako berariazko irrati baten beharraz ohartuta, haren sorreran parte hartu du. Irulegiko Irratiaren adarra izango da Amikuzekoa, eta Euskal Irratiak Iparraldeko irratien federazioaren baitan jarraituko du, beraz, Xiberoko Botzarekin, Lapurdiko Gure Irratiarekin eta Bidasoa aldeko Antxeta Irratiarekin batera. Oraingoz, egunean bi orduz eskainiko du Amikuze eskualdearekin lotutako edukia, 94.2 FM irrati frekuentzian. Emeki-emeki, kopuru hori handitzea da arduradunen asmoa.
Herritarren eskaerari erantzun diote
Bidartek azaldu du aspaldiko eskaera bati erantzungo diola irrati berriak. 2000. urte inguruan, Kattalin Indaburu kazetaria Amikuzen berriemaile ibili zen, bertako berriak biltzen eta Irulegiko Irratira bidaltzen. “Arazo ekonomiko eta teknikoak izan genituen, eta aurrerantzean lan hori Irulegiko Irratitik egitea deliberatu genuen” dio Bidartek. Irulegiko Irratiaren egoitza nagusia, alabaina, Donibane Garazin dago, Donapaleutik ordu erdira, bide azkarrenetik joanda. Distantzia horrek zaildu egin du Amikuzeko gaurkotasunaren jarraipena, eta amikuztarrek behin baino gehiagotan galdegin dute hori.
Sostengu kanpaina egiten dute Irulegiko Irratiko kideek urtero, herriz herri. Jojo Bidartek onartu du Amikuzen bilkurak egiten zituztenean maiz ateratzen zela gaia: “Herritarrek nabarmentzen zuten Irulegiko Irratiak biziki ongi ematen zituela Garazi-Baigorri inguruko berriak, baina Amikuzekoak ez aski”. Hurrengo urratsa 2016an egin zuten. Bi amikuztar sartu ziren Irulegiko Irratiko administrazio kontseiluan. Chantal Ergi Aiziritzeko auzapeza da haietako bat: “Gogoeta horretan sakonduz, Amikuzen antena bat ezartzeko aukera aztertzen hasi ginen”.
Irrati parte hartzailea izango da
Thiers karrikan dago Amikuzeko Irratiaren egoitza txikia, Donapaleuko hirigunean, merkatu estaliaren parean. Lehen emisioaren astean bertan amaitu dituzte azken atontze lanak. Urte erdi pasatxo eman dute, hala ere, proiektua abian jartzeko lanetan buru-belarri. “Baliabide ekonomiko eta teknikoak ziurtatu ondoren, herritarrekin biltzen hasi ginen” azaldu du Jojo Bidartek: “Komunikabide interaktiboa gara, jendearekin mintzatzen gara eta zuzeneko harremana dugu”. Erantzun baikorra lortu, eta berriketari eta kronikari izango diren kolaboratzaileen sarea osatu dute.
Chantal Ergi Aiziritzeko auzapezak herriko etxeek irratian parte hartuko dutela baieztatu du. Berak egingo ditu lotura lanak. Bestalde, eskualdeko kultur, kirol edota gizarte arloko elkarteek ere ahotsa edukiko dute irratian. Arantza Ihidoi Burgaintzi dantza taldeko kidea da. Lehen, Garazira joaten zen elkarteari buruzko berriak zabaltzera. Orain Amikuzeko Irratia Donapaleun edukitzea “praktikoagoa” izango dela uste du. Ihidoik aitortu du dantza taldean frantsesez aritzen direla maiz, batzuek ez dutelako euskara ulertzen. Baikorra da, dena den, etorkizunari begira: “Ageri da orain euskara berreskuratu nahi dugula”.
Denek azpimarratu dute azkenaldian Amikuzen euskara berpizteko dinamika oso bat martxan dagoela. “Egia da badela mugimendua; izan ere, duela zenbait urte ez bezala, euskara begi onez ikusten da” diosku Jojo Bordagarai musikariak. AEK-ko irakaslea da Donapaleun, eta ondo ezagutzen du euskararen egoera eskualdean. Kritikoa da euskararen erabilera apalari dagokionez: “Gauza bat da interesa edukitzea, eta beste bat ikastea eta erabiltzea”. Horrez gain, nabarmendu du euskaltegiko ikasleen batez besteko adinak gora egin duela (43 urtekoa da gaur egun), eta gehiago dira emakumeak. “Ikastolako haurren gurasoak dira asko” zehaztu du Bordagaraik.
Nolanahi ere, irakasleak uste du orain arte itxita egon diren ate batzuk ireki dituela euskarak. Kirolean, errugbian bereziki, ez du leku handirik eduki, orain arte. “Kirol munduko erreferente euskaldunak edukitzea oso garrantzitsua da. Nolabaiteko ospea ematen dio euskarari” aipatu du Bordagaraik. Kontuan hartu behar da azken 50 urteotan euskarak asko sufritu duela Amikuzen. Bearnotik gertuago dagoelako, edo ez dagoelako mendialdeko bailarak bezain babestuta, galera prozesua sakona izan da bertan.
Biztanleriaren zahartzea, aldiz, ez da horren handia izan. “Jarduera ekonomikoa bizia da eskualdean, badira lan aukerak” baieztatu du Chantal Ergi Auziritzeko auzapezak: “Gazte amikuztarrak bertan gelditzen dira”. Haien parte-hartzea funtsezkoa izango da eskualdean euskara eta euskal kultura dinamizatzeko lanean. Orain, bide horretan, herri komunikabide bat dute lagun.