“Ez dut etorkizunik imajinatzen antzerkirik gabe; zinemarik gabe, bai”

sagardoy

Eneko Sagardoy (Durango, 1994) lo gutxi eginda harrapatu dugu, promozioan buru-belarri sartuta. Handia filmari esker irabazi duen Goya sariagatik egin da ezagun jende askorentzat, baina lan gehiago ditu esku artean: Cuando dejes de quererme eta Errementari film estreinatu berriak, Heriotza bikoitza (Doble Malta) eta Obabakoak antzokietan, eta oraindik argia ikusi ez duten proiektuak. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Hiru film karteldegian, bi antzezlan martxan… Lanean gelditu barik ibili zaren seinale!
Zinemak horixe dauka. Pelikula bat egiten duzunetik estreinatzen den arte denbora asko pasatzen denez, batzuetan ematen du lanez gainezka zabiltzala, baina agian ez da horrenbesterako. Polita da, aldi berean, ia ahazturik zenituen proiektuak direlako. Ustekabe txikiak ere izaten dira berriro garai haietako kontuekin gogoratzean.
Promozioan buru-belarri, baina langabezian. Promozioa ez da lana?
Bi promozio mota daude. Bata da filmak eskatzen duena eta kontratuan sinatua duzuna; kasu horretan, ekoizpen etxea arduratzen da gastuez. Bestea da aktoreak nahi duelako egin dezakeena, bere burua ezagutzera emateko; orduan, gastuak aktoreak berak ordaindu behar izaten ditu. Ni horretan ibili naiz Madrilen hainbat astez, eta horrek gastu batzuk ekarri dizkit, neuk ordaindu beharrekoak. Bestalde, albiste izan beharko luke aktore batek lana aurkitzea, ez langabezian egotea, zoritxarrez salbuespena delako lana izatea. Ni oso pribilegiatua sentitzen naiz, eta zorte handikoa, behar asko egin dudalako eta orain ere badatorkidalako. Langabezia hau, beraz, geldialdi bat da, ez daukat kexatzeko arrazoirik.
Zer behar du pertsonaia batek zuk baiezkoa emateko?
Harritu egin behar nau, bizitzan agian nire kabuz ezagutu ez dudan zerbait kontatu behar dit… Atsegin dut, halaber, muturreko pertsonaiak izatea, fisikoki edo psikologikoki, eta, transformatzeko aukera baldin badaukat, askoz hobeto. Oso gustuko dut fisikoki eta izaeraz asko transformatzea. Beraz, elementu horien artean legoke erakargarritasuna.
Zure katxea ere asko handituko zen orain…
Ez! Ez dago egoera katxea handitzeko moduan, ezta exijitzeko moduan ere. Goya sariak, zerbait emango badit, ikusgarritasuna emango dit. Zuzendari eta ekoizle askok ikusi naute, eta hori aukera aparta da bere horretan baina egoerak ez dio biderik irekitzen nire soldata handitzeari.
Dena den, sariak lortzen dituzten proiektuetan parte hartzen duzu. Begi ona daukazu?
Egia esan, aukeratu ere ez ditut egin, nahiz eta Handia egiteko beste proiektu bati ezetz esan. Sariak gero etorri dira. Proiektu batzuek lortuko dituzte eta beste zenbaitek ez, baina erabakia ez dut hartzen horretan pentsatuz. Aurrean dudan testuak zerbait eragiten badit, eta egutegiak ahalbidetzen badu, parte hartzen dut. Gero, sariak etor daitezke edo ez, baina baliteke saririk gabeko egitasmo bat niretzat, pertsonalki, saririk handiena izatea. Orduan, erlatibizatu egiten dut apur bat. Halere, hori ez da gertatzen botere bereziak ditudalako proiektuak aukeratzeko, baizik eta badagoelako lan handia eta gauzak oso ondo egiten ari den jendea. Bada, bide hau haiekin partekatzea tokatu zait.
Ez duzu etxetik alde egin izanaren sentsazioa?
Bai, nolabait alde egin dut etxetik; neurri batean, proiektuek agintzen didate orain zer egin. Kanpoan badira, joan egingo naiz eta hemen badira, berton geldituko naiz. Dena dela, jendeak uste du aktoreok Madrilen lan egiten dugunean hiriak harrapatu egiten gaituela, eta, lana izanez gero, askoz ere hobeto bizi dela aktorea han. Baina ez da beti horrela izaten. Horrek badu zerikusia konplexuekin, iruditzen baitzaigu kanpoan arrakasta izanez gero, hemengoa gutxietsiko dugula. Halere, nik hemen egin ditut bi pelikula oso saritu eta oso onak, Espainian ere aitorpena jaso dutenak.
Etxean dituzu, hain zuzen, bi antzezlan martxan: Heriotza bikoitza eta Obabakoak. Utzi egin beharko dituzu proiektu berrietan hasteko?
Ez dakit, saiatzen naiz emandako hitza betetzen. Proiektu berriak datozenez, agendak izango ditu aldaketak, eta baliteke onartutako proiekturen bat atzera bota behar izatea. Erabaki handiak hartu beharko ditut datozen asteotan, hurrengo hilabeteak baldintzatuko dizkidaten lanak izango direlako. Ikusi beharko dut bakoitzak zer ematen didan, eta, noski, nire konpromisoak bete.
Antzerkian hasi eta hazitako aktorea zara. Zinemagatik baztertuko duzu?
Ez dut etorkizunik imajinatzen antzerkirik gabe; zinemarik gabe, bai. Sentitzen dut antzerkia oso beharrezkoa dudala, nire gorputzaren osagai dela ia-ia. Ez daukat zalantzarik antzerkia egiten jarraituko dudala, oraintxe bertan ere proiektu gehiago ditut antzerkirako zinemarako baino. Dena dela, ez dut erabakitzen zinema edo antzerki formatuaren arabera, garrantzi handiagoa dauka istorioak, eta norekin kontatuko dudan. Ziur nago antzerkia ez dudala inoiz albo batera utziko. Askatasun esparru bat da niretzat.
Antzerkia ikasgai izan zenuen ikastolan. Orduan piztu zitzaizun antzerkirako grina?
Lehenago sortu zitzaidan, txikitan konturatu gabe egiten nuen etxeko egongelan. Ziurrenik, ez nekien antzerkia zenik ere. Mozorrotu, eta ipuinak kontatzen nituen. Orduan sartu zitzaidan harra, nolabait, baina Kurutziaga ikastolan nahitaezko ikasgaia denez, bertan jaso nuen bultzada. Beharbada, garai hartan ulertu nuen benetan zertan datzan antzerkia, orduan harrapatu ninduen.
Hezkuntza arautuan derrigorrezkoa izan beharko luke ikastetxe guztietan?
Bai horixe. Hezkuntza arautuan, oinarrizko ikasgaiak izan beharko lukete antzerkiak, gorputz adierazpenaz, dantzak, arte plastikoek… Badaude beste izen batzuekin, beste modu batean landuta, baina nahiko nuke indar handiagoa eta garrantzitsuagoak izatea, uste dudalako ez dela soilik artistikoki garatzeko tresna bat. Esperientziak erakutsi didanez, norbere buruarekiko konfiantza, ezagutza eta harremanetarako gaitasun handia dakartza antzerkiak. Horrez gain, istorioak kontatzen direnez, ezagutzen ez ditugun errealitateetara hurbil gaitezke. Beraz, bada beste bide batzuetatik lortzen ez dugun ezagutza jasotzeko modu bat; emozioen bitartez, gainera. Horrela jasotakoa da itsatsien geratzen zaiguna.
Katalunian, kasu, antzerkiak beste egoera bat bizi duela ikusi duzu...
Bartzelonara joaten naizen bakoitzean, oso mundu aberatsa topatzen dut: askotariko aukerak daude, esparru ugari antzerki mota bakoitzerako (antzoki publikoak nahiz areto pribatu txikiak); den-denek dute etengabeko programazioa, eta, normalean, antzezlan bakoitza hilabetez ikusteko aukera. Antzerki kultura handia dago, jendea oso ohituta dago antzezlanak jatorrizko bertsioan ikustera, azpitituluekin. Gainera, urteak dira arte dramatiko unibertsitatea dutela; aktoreen, zuzendarien eta argiztapen teknikarien maila oso handia da. Are garrantzitsuagoa: hiztegi komun bat dute, gehienak eskola beretik datozelako. Horixe da indarguneetako bat antzerki sistema sendoa eskaintzeko.
Nola lortu hori hemen?
Hemen, jendeak ez dauka antzerkirako hainbesteko ohiturarik. Pixkanaka egin behar dugu. Gakoa da, batez ere, gure lana publikoarengana hurbiltzea, emaitza ez ezik, entseguak eta gure errealitatea ere erakutsiz. Nola? Bada, tailerrak eskainiz, programazio ezberdinak sortuz, publiko potentziala entseguetara erakarriz... Ari gara horretan, baina oraindik oso urrun ikusten dut gure egoera Bartzelonakotik. Gure arte dramatiko unibertsitatea oso gaztea da, eta fokua ez da horretan bakarrik jarri behar, baina bada osagai garrantzitsua aktoreak eta sortzaileak hezteko, gero ikusle ere bihurtuko direlako. Asmatzen ari gara antzerkiaren dibertsifikazioan, oso eskaintza zabala ematen ari garelako, baina oraindik lan handia dago egiteko. Antzezlan bat hilabetez eskaintzea antzoki batean ez da bideragarria, gaur egun, publikoa ez dagoelako ohituta. Halere, horixe izango litzateke ideala,  industriari begira oreka ematen digulako antzezlan bat sortu eta hilabeteko emanaldiak ziurtatuta izateak.
Goya sarien galan, zureak izan ziren euskaraz entzun ziren lehenengo hitzak, eta dezente bota zenituen.
Aldarrikapen moduko bat izan zen?
Bai, eta denbora faltagatik nahi nuena baino gutxiago esan  nuen. Hauxe esan nahi nuen: “Segi dezagun zinema euskaraz, katalanez eta galegoz egiten, hizkuntza txikiek erraldoi egiten gaituztelako”. Niretzat aldarri hori oso garrantzitsua zen. Izan ere, gure pelikulak sariak irabazi ditu ez euskaraz egin delako, baizik eta pelikula ona delako; eta, gainera, euskaraz eginda dago. Zineman, hizkuntzak bigarren mailan geratzen dira, neurri batean, zazpigarren arteak  baduelako berezko lengoaia, zinematografikoa, hizkuntza bera baino boteretsuagoa. Halere, hizkuntzak balio handia ematen dio, noski, hizkuntza kultura islatzeko modu aparta delako. Hizkuntza gutxituen kasuan, aldarrikapena are beharrezkoagoa da, hiztunok gutxi garelako eta, guk egiten ez badugu, ez duelako inork egingo. Handiak bultzada eman dio aldarrikapen horri, aldarrikapenik egin nahi izan gabe.
Zer irabazten da euskara ikasita?
Irabazten da, antzerkira joandakoan, aktorearen hitzak hark esan bezala ulertzea; beraz, irabazten dira istorioak, emozioak, abestean kantuak ulertzearen ondorioz musika eta esanahia batera joatea... Irabazten da emozioei irekitako mundu berri bat. Bizitza aberasten du, dudarik gabe; gainera, kultura berri batera hurbiltzeko eta kultura hori bizitzeko modurik naturalena da.

KOLKOTIK

Aktore ez bazina, zer?
Euskal filologoa.
Zer sentimendu eragiten dizu alfonbra gorriak?
Ziurgabetasuna eta eszitazioa.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Idiazabalgo gazta.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Ilara luzeak Euskal Herriko antzokietako ateetan.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Pianoa jo.
Zerk ematen dizu amorrua?
Larderiak.
Eta lotsa?

Gezurrak.
Oso gustura jokatuko zenukeen pertsonaia historiko bat?
Federico García Lorca.
Antzezlan bat?
Xake Produkzioak-en Mami Lebrun.
Film bat?
The Florida Project.
Egia al da kolore horiak zorte txarra ematen duela?
Niri ez zait tokatu.
Miresten duzun aktore bat?
Denis Lavant.
Zein zuzendarirekin lan egitea izango litzateke ametsa?
Michael Haneke, Carla Simon, Carlos Vermut, Yorgos Lanthimos…
Goya lortuta, Oscarra noizko?
Berak nahi duenerako.
Larunbat gauerako planik onena?
Antzerkia eta lagunekin afaria.
Bizio bat?
Tabakoa.
Zerk alaitzen dizu eguna?
Gosari onak.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Zintzotasuna.
Bi hitzetan, nolakoa da Eneko Sagardoy?
Buruari buelta gehiegi ematekoa eta absurdoa, zentzu onean.