Anaitasunaren aurpegiak argitara

zazpi

Zazpi lagunen testigantzak oinarri, anaitasunari buruzko Zazpi senideko lana osatu dute elkarlanean ArteDrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Axut! antzerki taldeek. Anaitasunaren aurpegiak argitara, bere alde atsegin zein lotsagarrienetan. Horretarako, Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga eta Eñaut Castagneten ekarpenak jaso dituzte. Ximun eta Manex Fuchs aktoreak arituko dira, Ander Lipusen zuzendaritzapean musikaz eta bideoz lagundutako antzezlanean. Martxoaren 8an estreinatuko dute, Lartzabalen, eta hurrengo egunean ere bertan ikusi ahal izango da. Ondoren, besteren artean, Aulestin antzeztuko dute, apirilaren 2an; Baigorrin, 15ean; Hendaian, 27an; Donostian, 28an eta 29an; Zumaian, ekainaren 1ean; eta Ezpeletan, ekainaren 2an.


bertsomoviedaDAGOENEKO abian da Bertsomovieda 2018, bertsoak eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen lehiaketa. Beasaingo Arrano kultur elkarteak antolatua, zazpigarren edizioa du aurtengoa. Parte hartzeko, bertsoren bat ageri den bideo bat, gutxienez 7 segundokoa, grabatu eta sareratu behar da, eta antolatzaileei horren berri eman. Bi kategoria izango ditu, gazteena eta helduena, eta 2.500 euro banatuko dira saritan; tartean, jendeak gehien bozkatzen duenari. Apirilaren 9tik 20ra bitartean aurkez daitezke lanak, eta apirilaren 23tik 27ra bozkatu. Xehetasun guztiak www.bertsomovieda.com gunean jaso dituzte.

LABURREAN

AZPITITULUAK euskaraz dituen film bat ikusi ahal izango da, hilero, BilbaoArten, jatorrizko bertsioan eta doan, Lehen astearteko hitzorduak ekimenaren baitan. Martxoan hasita eta abendura arte, hil bakoitzaren lehen asteartean eskainiko dituzte filmak, BilbaoArte eta Filmazpit-en lankidetzari esker. Lehen emanaldia martxoaren 6an izango da, 19:00etan: What We Do in the Shadows (Jemaine Clement eta Taika Waititi). Azkena, berriz, abenduaren 4an. Eskaintza guztia bilbaoarte.org gunean ikus daiteke.

tabernariaOIER GUILLANEK irabazi du Kafe Bar Bilbao XV. Teatro Laburreko Gidoien Lehiaketa, Kafe Bar Bilbaok Tartean teatroaren laguntzarekin antolatzen duen lehiaketa. Euskaraz jasotako 13 lanen artean, Guillanen Ero, ia lanak jaso du 750 euroko saria. Gaztelaniazko obren saria, berriz, Iñigo Coboren Oaxaca en dos lanari eman diote. Gainera, Patxo Telleriari ere sari berezia eskaini diote, urteotan euskal dramaturgian egindako lanarengatik eta Tabernaria: Instrukzioak Botatzeko Ondo bat Kaña obrarengatik. Antzezlanak http://bilbao-cafebar.com atarian ipiniko dituzte irakurgai.

MARTXOAREN 5etik 10era izango da Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko XII. Jaialdia. Sail ofizialean, 14 herrialdetako 21 film eskainiko dituzte; besteak beste, Marina Lameiro eta Maddi Barber nafarren film bana: Young And Beatiful eta Yours Truly, hurrenez hurren. Sail ofizialaz gain, ohi bezala, bestelako sailak eta jarduerak ere izango dira: sail bereziak, musika, artea... Egitarau osoa ikusteko, jo www.puntodevistafestival.com/eu gunera.