The Florida Project

florida

Zuzendaria: Sean Baker. Gidoia: Sean Baker, Chris Bergoch. Aktoreak: Brooklynn Prince, Willem Dafoe, Bria Vinaite, Valeria Cotto. AEB, 2017.

Istorioa: Moonee 6 urteko neskatoa amarekin bizi da, Disney World-etik (Orlando, Florida, AEB) gertu dagoen motel merke batean. Halako ugari daude inguruan, beste inora joaterik ez duten etxerik gabeko pertsona eta familiez mukuru. Uda da, eta hantxe ibiltzen da Moonee bere antzeko egoeran dauden beste hainbat lagunekin, nagusiek bizi dituzten egoera latzak arrotz zaizkiela.
Zuzendaria: AEBetako zinema independentean berezko izena du Bakerrek, batik bat Tangerine (2015) egin zuenetik. Bada, film honek, toki magikoen artean magikoenetakoa omen den Disney Worlden aldirietako miseriari erreparatzen dionak, are gehiago handitu du Bakerren ospea. Kritikak oso ondo hartu du filma, eta makina bat sari irabazteko hautagai da (tartean, Willen Dafoeren lanari esker, taldeko gizonezko aktore onenaren Oscar saria). Ez da harritzekoa, pelikula puska da eta.
Onena: Umeen (eta ez hain umeen) ametsak gorpuzten dituen paradisu disneytarrean, Mickeyren eta enparauen irribarre aratzen, su artifizialen zarataren eta ongi bernizatutako zoriontasunaren bestelako adierazpenen itzalean, amesgaiztoak nagusi: dena galduta ezer gutxi duten norbanakoak eta familiak, giza eta ekonomia miseriaren atzaparretan, oroigarri merkeen outlet denden antzera oparotasunaren bazterretan geratzen direnak. AEBetan gero eta ugariagoak diren horiei trebezia handiz erreparatzen die Bakerrek, Mooneeren eta bere lagunen ibiliei jarraituta. Inolako epairik egin gabe, tarteka dokumental itxura hartuta, eguneroko biziraupenean zaildutako umeen eskutik darama ikuslea; haien jolas eta bihurrikeriak lagun, tarteka dibertituz, tarteka haien deabrukeriekin asaldatuta, egoeraren gogorraz jabetuko da. Aktoreen lanak ere badu zerikusia horretan, Dafoe beteranoaren alboan ari direnek ere primerako lana gauzatu baitute, Mooneerena egiten duen Brooklynn Princek berak, esaterako.
EƱaut Mitxelena