Mugaldekoak, hirugarren diskoarekin

mugaldekoak

Mugaldekoak taldeak jatorrizko hirukote formatua berreskuratu du Galdemoduen trilogia (Gaztelupeko Hotsak) lanean: Edu Zelaieta arduratu da abestien hitzak idazteaz, eta Beñardo Goietxe eta Raul Garcia aritu dira musikan. Alabaina, hirukoteak laguntza handia izan du grabazio estudioan. Oinarri erritmikoa osatzeko Xavi Perez Bull baxu jotzailea eta Ander Barrenetxea baterian izan ditu lagun, eta hainbat kolaboratzailek eman diete kolorea abestiei: Morau, Petti eta Idoia Gillenea ahotsetan aritu dira, Kotte Berrueta akordeoiarekin, Begoña Rudi pianoan... Doinuei dagokienez, sustraidun musikaren inbentario moduko bat osatu dute, taldearen hastapenetatik erabat identifikagarria den folk-rock ildoari beste hainbat giro gehituta: Tom Waitsen doinu uherrak, Pascal Comeladeren jostailuzko bihurrikeriak, folk ingelesa, rockabilly peto-petoa, tex mex baladak, Mississippiko bluesa... Ikusi eta entzun nahi izatekotan, aukera dago hil honen 16an Lugaritzen (Donostia) eta 17an Berako Kultur Etxean.


LIBELIBE Ilargia erori da (Bonberenea Ekintzak 2017) disko berriaren aurkezpen biran dabil. Hala, Durangon eta Donostian egongo da hil honetan (Plateruenan 2an eta Bukowskin 11n, hurrenez hurren). Apirilaren 15ean, berriz, Larrabetzuko gaztetxean; eta 21ean, Urretxuko Poligrafo Fest-en. Sei abestiz osatutako lan hau, bigarrena bakarkako proiektua hasi zuenetik, aurrekoa baino landuagoa dela adierazi du musikariak. Hitz guztiak Jon Basagurenek idatzi ditu, eta Maite Arroitajauregiren txeloaren kolaborazioa izan du Maitasun kuantikoa eta Lo dago kantuetan. Abestiak osatzeko orduan,aurreko diskoan alboan izan zituen Dani Arrizabalaga eta Txus Villalabeitiaren laguntza izan du, eta hirukoari Karlos Osinaga batu zaio, baxu jotzaile eta ekoizle lanetan.

gaurezII
Gaur EZ
Gor, 2017

Irurtzun eta Iruñetik datorren Gaur Ez taldea abeslari berri baten eskutik itzuli da. Orain dela bost urte kaleratu zuten lehen diskoa, eta euskal rockaren eszenan indarrez agertu ziren; orain, atsedenaldia hartu ondoren, bigarren bilduma dakarte Amaiak (ahotsa), Alfredok (gitarra), Idoiak (gitarra), Julenek (bateria eta ahotsak) eta Xabierrek (baxua eta ahotsak). Bederatzi abestiko diskotik, Korapiloa izenekoa aukeratu dute aurkezpen singlerako, Xabier Unanua taldekideak zuzendu eta errealizatutako bideoklip eta guzti.

bultzERRAIAK
Bultz!
Mauka, 2017

Durangaldeko lau lagun batuta sortutako taldearen lehen lana da hau. Xaguk, Liherrek, Ibaikok eta Txibilok, aurretik Iheskide, Pixontxis edota Kruders taldeetan arituek, punketik zein rocketik edan dute hamabi kantu biltzen dituen diskoa osatzeko. Hala, gitarra soinu zorrotzei koru melodiko eta itsaskorrak gehitu dizkiete, eta bateria soinu gihartsu eta frenetikoari baxu indartsuak laguntzen dio. Abesti gehienetan, zenbait unetan, Rancid edota Bad Religionen ziztada argiak suma daitezke, baita taldekideen aurreko proiektuen zantzuak ere.