Zortzi begirada

ultravioletaULTRAVIOLETA
Revolta Permanent
Gaua, 2018

Hirugarren diskoaren erronkari aurre egiteko, formula berritzailea aukeratu dute Revolta Permanentekoek: ospe handiko zortzi produktore hautatu (haietako batzuk taldearen soinutik aldendu samar daudenak, Paco Loco eta Marc Parrot, esaterako) eta Ultravioleta hau osatzen duten zortzi kantuetatik bana nahasteko eskatu diete. Emaitza aniztasun handiko lana da, non, nire ustez, zortzi ekoizleek muturrera eraman dituzten Revolta Permanenten proposamenean uztartzen diren joerak. Hau da, gitarraren riff-etan oinarritzen diren kantu gogorrak inoiz baino gogorragoak dira, metal industrialaren esparrura sartzeraino (Azido, adibidez), eta doinu dantzagarriak inoiz baino dantzagarriagoak bilakatu dituzte: Drive filmaren soinu bandatik ateratako Nightcall kantua, adibidez, birmoldatu egin dute, eta emaitza Eivissako diskotekarik modernoenetan entzuteko modukoa da. Otsailean hasi ziren diskoa zuzenean aurkezten, eta, seguru asko, agenda beterik izango dute datozen hilotan.
Gotzon Hermosilla