Eneko Aizpurua

aizpuruaDenetik irakurtzea atsegin dut, nahas-mahasean eta irizpide zehatz bati jarraitu gabe. Irakurri dudan azken liburua Kristo irakiarra (Pasazaite, 2017) da, Hassan Blasim idazlearena. Liburua zenbait ipuinez osatuta dago, eta, fantasia erabiliz, egun Iraken bizi duten errealitate gordinaren berri ematen digu idazleak.
Nire liburu gogokoenetako bat James Joyceren Ulises (Igela, 2015) da. Leopold Bloom antiheroi eta pertsonaia nagusiak Dublinen igarotako egun bat kontatzen du nobelak, eta digresio eta pasadizo apartak ditu.
Bukatzeko, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Ramon Saizarbitoriaren Hamaika Pauso (Erein, 1995). Nobela bikaina, Angel Otaegiren fusilatzearen testuinguruan dago kokatuta, eta idazleak iraganeko urte haietako gertakarien eta errealitatearen inguruko hausnarketa egiten du, orduko joerak eta sentsibilitateak irudikatzen dituzten pertsonaien bidez.