Montoiaren hitzontziak, memoriaz bakardadean

montoia

Hitzontziak (Susa, 2017) du izena Xabier Montoiaren azken eleberriak. Langile borrokak, sabotajeak, lapurretak, drogak, negozioak, hilketak, adiskidantza, amodio harremanak... dira gaiak, eta Iturri tabernan egiten dute topo, aldian behin, pertsonaiek: Oihane filosofo gaztea, Biteri tabernaria, Goietxe ugazaba eta Gloria alarguna. Hala ere, badira lau protagonistek baino toki handiagoa hartzen duten beste bi pertsonaia ere, biak modu desberdinetan baina bortizki hilak, aurreko mendeko 80ko hamarkadaren amaieran. Kontakizun honetako lau protagonistak memoriaren mende bizi dira, neurri handi batean, eta iraganeko mamuek ez diete bakerik ematen, kontu eske etorriko balitzaizkie bezala. Guztiek dute, hasieran ez badakite ere, batzen dituen oinaze bat. Eta bada, tabernaz, minaz eta memoriaz gain, lau pertsonaiak elkartzen dituen beste elementu bat ere: bakardadea.


pinillaRAMIRO PINILLA eleberri laburren lehiaketa antolatu du, lehendabiziko aldiz, Getxoko kultur etxeak, idazle getxoztarraren memoriari eusteko asmoz. Parte hartzeko, euskaraz zein gaztelaniaz idatz daitezke lanak, eta saria 6.000 eurokoa izango da hizkuntza bakoitzeko lanaren egilearentzat. Idazkiak originalak eta argitaragabeak izan behar dira, eta 2018ko apirilaren 23rako aurkeztu beharko dira. Besteak beste, epaimahaiak ondokoak balioetsiko ditu: obraren sormen kalitatea; lanaren berezitasuna, bikaintasuna eta originaltasuna; eta obraren eite formala. Erabakia 2018ko irailaren 13an jakinaraziko da, Ramiro Pinillaren jaiotzaren urteurren egunean, hain zuzen ere. Informazio gehiago nahi duenak www.getxo.eus webgunean eskura dezake.

 

 

arrotzaARROTZA
Albert Camus
Itzultzailea: Josu Zabaleta Kortabarria
Erein, 2017

Meursault bulegari arrunta da, ama guztiak bezala azkenean hil egiten diren ama horietako baten semea; bizilagun arruntak ditu, lankide arruntak, taberna arrunt batean bazkaltzen du, neska lagun arrunta du, edozein hondartzatara joaten da bainatzera... Harik eta egun batean, hondartza batean, eguzki kiskalgarriak itsututa, arabiar bat hiltzen duen arte, ia nahi gabe: arabiar bat, ez du izenik. Kartzela, auzia, epaia, heriotza zigorra...

mendiMENDI-JOAK
Aingeru Epaltza
Elkar, 2017

Mendi giroko ipuinak idatzi ditu oraingoan Epaltzak, baina attrezzoa besterik ez dira makilak eta kranpoiak, pioletak eta polainak, motxilak eta botak. Dekoratu horren atzean, giza harreman nabar eta askotarikoak ageri dira: bikote bizitza higatuak, familia maiz ozpinduak, beldur gauzatuak, poz geroratuak, ilusio zapuztuak, baita asetasun labur eta zorion une ustekabekoak ere, egilearen ohiko begirada zorrotz eta maltzurraz, esku trebe eta jostalariaz kontatuak.