Gu orduko hauek

guordukoGarazi Arrula Ruiz
Txalaparta, 2017

Garazi Arrula Ruiz tafallarraren estreinako liburua da Gu orduko hauek ipuin bilduma. Zortzi ipuin dira, eta azkenak eman dio titulua liburuari. Nahiko agerikoa da ipuinotan kontakizunak non lekutzen diren, eta ez da ausazko erabakia izan; ez dirudi, behintzat: azken batean, inkomunikazioa, elkar maite duten (behinola elkar maite zuten) pertsonen arteko aldentzea, fisikoa zein emozionala, kontatzeko ez baitago urrutira joan beharrik. Kontrara, ezta? Zentzu horretan, Nafarroa da ezbairik gabeko protagonista; eta Tafalla, idazlearen herria, protagonista nagusia. Hain nagusia, ezen azkeneko ipuinean hango inguruen deskribapen nahiko zehatza ageri den.
Izenburuak ere badirudi deliberatuki anbiguoa. Idazlearen “baimenarekin”, jolas gaitezen (puntuazio marken bidez):  Gu, orduko hauek? Gu orduko, hauek? Ala, besterik gabe, Gu-Orduko-Hauek? Auskalo. Baina ipuinetan ere, izenburuarekin gertatzen den bezala, esan baino gehiago, iradoki egiten da.
Pertsona arrunton beldur, kezka eta aurreiritzi berak dituzte ipuinetako pertsonaiek, baita guztion ametsak ere. Esan eta egin nahi, baina esatera eta egitera ausartzen ez garena; izan zitekeena, izatea gura genukeena, eta benetan dena. Bizitza, azken batean.

Igor Elordui Etxebarria