Anaia handia, Txinan

Gazteegiak ez bazarete, behintzat, gogoan izango dituzue Robocop eta Terminator filmak... Pelikuletako efektu berezietako bat roboten ikuspegi subjektiboak ziren. Makinok guk bezalaxe ikusten zuten bere ingurua, baina objektu guztien gainean testu kutxa gehigarri bat agertzen zitzaien, pertsona edo objektu bakoitza zer ote zen eta harekin zer egin behar zuten zehazki esaten ziena.
Bada, halaxe dabiltza duela aste batzuetatik Txinako hainbat hiritako poliziak. Gobernuak betaurreko berezi batzuk banatu dizkie, inguruko jendea identifikatu eta hari buruzko informazioa emateko ahalmena dutenak. Gaizkileren bat parean suertatuz gero, bip, bip, bip!, alarmak jotzen dio poliziari, eta atxilotzeko edo isuna jartzeko abisua ere ematen dio, noski.
Betaurreko kontakatilu hauek bi norabidetan funtzionatzen dute. Batean, Gobernuak zuzenean eman ahal die agindua pertsona jakin baten bila hasteko, eta orduan betaurrekoak inguruko jende guztia identifikatzen saiatzen dira, bilatzen ari diren hori inguruan ote dagoen jakiteko.
Bestean, gailua jantzita daraman poliziak berak ere abia dezake prozesua. Inguruan dabilen norbaitek jokaera susmagarria izanez gero, betaurrekoak erabiliz argazkia egin, eta sistemak di-da itzultzen dio pertsona horren gaineko informazio fitxa bat: izen-abizenak, bizitokia, justiziarekiko historia... baita Interneteko nabigazio historia ere!
Badirudi gobernu txinatarrak lotsa gutxi duela jendearen zaintza masiboa eta intimitatearen aurkako tresna hauek iragarri eta erabiltzeko orduan. Azken hilabete parean, hainbat aldiz agertu da prentsan antzeko arrazoiengatik: kalean hara eta hona dabiltzan ibilgailu eta oinezko guztiak identifikatzeko kamera sare adimendun eta erraldoia zabaldu du, hiritarrak kontrolpean izateko puntuazio sistema bat ezarri, Black Mirror telesailean bezalaxe... Beldurgarria benetan! Are beldurgarriagoa: Txinan publikoki egiten ari badira, gugandik hurbilago ere zer ez ote duten egingo, nahiz eta modu isilagoan, beharbada...

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/betaurrekoak
Betaurrekoen berri, Sustatu.eus atarian.

https://labur.eus/kamerak
Erreportaje interesgarria, Berrian, zaintzarako kamerak egiten dituen enpresa txinatar bati buruz.

https://labur.eus/blackmirror
Gaztezuloko lagunak ere kezkatuta dabiltza Txinako gobernuaren ateraldiekin.