Euskararen erabilera sustatzeko tresna berriak sarean

euskalterm

Egunerokoan euskararen erabilera normalizatzen jarraitzeko xedez, sarean baliatzeko hamahiru baliabide aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Horietako asko hiztegiak dira. Esaterako, UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak hainbat gairi buruz egindako bederatzi hiztegi terminologiko: ehiza eta arrantza; garraioa eta logistika; hiesa; azokak, biltzarrak eta jendaurreko ikuskizunak; mendekotasuna; mineralak; sare sozialak; telefonia; eta traumatologia. Bederatzi hiztegiok Euskalterm terminologia bankuan (euskadi.eus/euskalterm/) kontsulta daitezke. Elhuyarrek garaturikoak dira gainerako lau tresnak. Batetik, euskadi.eus atariko Elhuyar Hiztegi digitalaren bertsio berritua, itxuraz zein edukiz. Era berean, Elhuyar Hiztegien aplikazioa ere berritu dute, eta hiztegia on line nahiz offline kontsultatzeko moduan paratu. Bestetik, dagoeneko erabilgarri dago Hiztegibar izeneko plug in sortu berria, zeinak Google Chrome eta Internet Explorer nabigatzaileetan hainbat hizkuntza-baliabide batera kontsultatzeko aukera ematen duen. Azkenik, Hizketa-ereduak argitalpenaren aplikazioak egunerokoan erabiltzen diren esaldi eta elkarrizketa ereduak jasotzen ditu.


ANTZERKIAN, arte plastikoetan, bertsolaritzan, dantzan, ikus-entzunezkoetan, literaturan eta musikan ari diren 2.000 artista baino gehiago biltzen ditu sortzaileak.eus atariak, euskal sortzaileen sareko katalogoak. Gotzon Barandiaranek osatu du, Berria Fundazioaren Berria bekaren laguntzarekin, eta euskal artistak ikusgai jartzea du helburu. Egun sorkuntza lanean ari diren artistak jasotzen ditu atariak; hots, bizirik daudenak eta azken hamabost urteotan obrak plazaratu dituztenak. Artista bakoitzaren argazkia eta oinarrizko datuak ez ezik, haiei buruzko informazioa jasotzen duten webguneen estekak ere ageri dira fitxa bakoitzean. Izan ere, kultur arloko zenbait webgune baliatzen ditu informazioa biltzeko: ganbara.eus (zinema), armiarma.eus (literatura), bertsozale.eus (bertsolaritza), dantzan.eus (dantza), badok.eus (musika)... Fitxak arloz arlo zein izenez izen kontsulta daitezke, baita bilatzailea erabilita ere.

LABURREAN

KOMIKIKOMIKIPEDIA izenarekin, euskarazko komikien datutegia abiatu du Iñaki Otamendi Andoaingo komikizaleak, euskaraz argitaratu eta argitaratzen diren lanen datu basea izan dadin. Urtero argitaratzen diren komikiak batzeaz gain, komikiei buruzko hainbat datu biltzen ditu: egilea, argitaletxea, itzultzailea... Wiki moduko plataforma baliatzen duenez, gainera, erabiltzaileen laguntzarekin osatzeko aukera eskaintzen du. Oraingoz datuak biltzen baditu ere, etorkizunean eskaintza osatuko du, komikiaren inguruko berriei leku eginda. http://www.komikipedia.eus gunean dago ikusgai.

loturaLOKAILUAK, juntagailuak eta antolatzaileak lantzeko aplikazioa sortu du Gesmae Informatica enpresak: Loturapp. Euskara ikasten ari direnentzat edota hobetu nahi dutenentzat egina, teoria eta ariketak biltzen ditu. Android eta iOS sistemetan ez ezik, bestelako gailu eta ordenagailuetan ere erabili ahal da. Helbide honetan eskura daiteke: http://euskarapps.gesmae.com/loturapp/.