Fenomenoak

azurmendiNerea Azurmendi

Iragan mendeko 30eko hamarkadan, Christian Karembeu futbolari ohiaren birraitona-amonak, Kaledonia Berriko kanakak, 'giza zoo' batean ibili ziren Europan barrena. Kanibalak balira bezala aurkezten zituzten, larruazal zuri eta sudur fineko gizon-emakumeei harridura eta zirrara eragiteko. Egunotan etorri zait akordura orain urte batzuk erakusketa batean irakurritakoa.
Urrutitik ekarritako pertsona haiek ikuskizun bilakatu zituztenerako, goia XIX. mendean jo zuen modaren aparra oso apalduta zegoen. Negozioaz harago munduaren ikuskera jakin bat islatu zuen joera haren urrezko aroaren berri, hain zuzen, eman digu oraindik orain zinemak: zintzotasunez Handia filmak; modu gezurti eta tranpatian, aldiz, The Greatest Showman pelikulak, haur, emakume eta gizonezko gaixo edo elbarrituen kontura aberastu zen P.T. Barnumen bizitzaren bertsio azukreztatua dakarrenak.
Bata zein bestea ikustetik pozik atera gaitezke, halako gauzak pentsaezinak diren garaietan bizi garelako, erdietsi dugun zibilizazio-mailaz harro. Konturatu gabe,  isil-isilean hezur-muineraino blaitzen gaituen zuzentasun politikoak errealitatearen pertzepzioa itxuraldatzeko gaitasuna ere baduelako, funtsean oso alde txikia baitago Barnumek erakusten zituen fenomenoen eta egun ia nonahi ikusgai ditugunen artean. Ez al diegu begiratzen, bada, garai batean Elefante Gizonari begiratzen zioten bezala, 300dik gora kilorekin bizitzea zer den komuneraino sartzen zaien kamerari kontatzen diotenei, eritasunaren arrastoak erakusten dituztenei edota, adibidetan ez luzatzearren, telebistaren aurrean goxo-goxo gauden bitartean oinaze betean dauden horiei?
Beti aurkituko dugu, jakina, morbo susmorik txikiena ere uxatuko duen arrazoiren bat. Osasunaren inguruko kezka, zientziaren aurrerabidea, elkartasunezko bultzada, informazio beharra... Nik, nolanahi ere, uste dut gauzak askoz ere sinpleagoak direla, eta beti izango duela arrakasta aldi berean deserosoa eta erakargarria egiten zaigun ikuskizun mota horrek. Desberdinei eta arauetara egokitzen ez direnei urruti samarretik begiratzeak lasaigarria izaten jarraitzen du, haien 'bestelakotasuna' delako gure 'normaltasunaren' baieztapena eta bermea.