Gizartea

soldadutzaNahitaezko soldadutza berrezarriko dute Ipar Euskal Herrian

Iraganeko kontua zen, baina itzultzear da: Ipar Euskal Herriko gazteek nahitaezko soldadutza egin beharko dute, Frantziako presidente Emmanuel Macronek soldadutza berrezarriko duela iragarri baitu. Presidentetzarako hauteskundeetan egin zuen proposamena, iaz, eta berriki berretsi du. Hori bai, xehetasun askorik eman gabe; soilik jakinarazi du aurrekontu berezia izango duela eta hainbat ministerio arduratuko direla gaiaz. Nolanahi ere, Frantziako diputatu talde bat hasia da proposamen bat lantzen. Macronek iaz esandakoen arabera, hilabeteko iraupena izango du, eta 18 eta 21 urte bitartekoek egin beharko dute. Halere, proposamen zehatzik ez dagoenez, oraingoz ez dago jakiterik nolakoa izango den soldadutza hori. Frantziako presidenteak “soldadutza” hitza ez du aipatzen, badaezpada, eta “zerbitzu nazional unibertsal” izendatu du. Frantziako defentsa “hobetzea” xede, gazteek “prestakuntza zibiko-militarra” jasoko ei dute. Gainera, soldadutza egiten duten gazteak erreserban egongo dira, “krisi garaian” baliatu ahal izateko. Frantzian, 1997an kendu zuten nahitaezko soldadutza. Orain, proposamena zelan gauzatzen den ikusi beharko da, baina, historiari erreparatuz gero, badago susmatzea zer ekarriko duen… Izan ere, beste gauza batzuen artean, derrigor egin beharreko soldadutza urte askoan izan da baliagarria Gobernuak Frantziako nazio eta kultura gutxituak bereganatzeko.