Komunikazioa

argia2018ko Argia sariek badituzte jabeak

Azken urtean nabarmendutako euskarazko komunikazio proiektuak saritu ditu, urtero legez, Argia aldizkariak. 29. Argia sariak urtarrilaren 26an banatu zituzten, Usurbilgo Atxega jatetxean. Saridunei dagokienez, iaz jaiotako Harmaila kirol aldizkariak jaso zuen Prentsa idatziaren alorreko saria. Ikus-entzunezkoetan, berriz, Uxue Alberdik eta Aitzol Barandiaranek eskuratu zuten, Bertsolari Txapelketa Nagusiari ETBn egindako jarraipenarengatik. Euskadi Irratiko Ekosfera saioaren gidari Jokin Aldazabali eman zioten Irratiko saria, kontzientzia ekologikoa zabaltzeko egindako lanarengatik. Gabi de la Mazak ere, Interneteko Txantxangorria egitasmo ezagunaren arduradunak, erdietsi zuen saria; izan ere, egitasmoarekin hasi zenetik, 2.000 abesti baino gehiago atondu eta sareratu ditu karaokean abesteko, eta Interneteko Argia sariarekin lan itzel hori aitortu diote. Sustapenekoa, ostera, Iruñeko Udaleko Berdintasun Sailak erdietsi zuen, Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske izeneko kanpainarengatik. Azkenik, bi merezimenduzko sari banatu dituzte aurten: bata Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei, 30 urte bete dituztenei, urteotako ibilbidea aitortzeko; bestea Bakearen Artisauei, ETAren armagabetze prozesuan komunikazioak izan duen garrantziarengatik.