Erresuma Batua

sandwichAutoek bezainbeste kutsatzen dute sandwichek

Urtero, 11.500 milioi sandwich jaten dituzte Erresuma Batuan, BSA British Sandwich Association elkartearen arabera. Horrek badu eragina ingurumenean: 8,6 milioi autok beste, hain justu. Sandwicha sortzen denetik jaten edota botatzen den arte, prozesu osoak eragiten dituen emisio kaltegarriak aztertu ditu Manchesterreko Unibertsitateak: ekoizpena, osagaiak, ontziratzea, hoztea, hondakinak... Horrek guztiak, urtero, batez beste 9,5 milioi tona karbono dioxido (edota antzeko gai kutsatzaile) sortzen ditu. Hau da, urtean 8,6 milioi auto erabiltzeak eragiten duenaren adinako kopurua. Guztira, 40 sandwich mota aztertu dituzte, askotarikoak. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, txerrikiz egindakoak dira kaltegarrienak ingurumenerako, baita gazta eta ganbak dituztenak ere. Guztien artean kutsatzaileena arrautza, hirugiharra eta saltxitxa daramatzana da, eta dendetan saltzen dena (gutxi gorabehera, Erresuma Batuan urtero jaten diren sandwichen erdiak dendetan saltzen dira; beste erdiak etxean egindakoak dira): egiten denetik jan edo bota arte, auto batek 19 kilometrotan sorturiko isuri kopuru bera eragiten du. Gutxien kutsatzen duen sandwicha, aldiz, urdaiazpiko eta gaztaduna da; hori bai, etxean egindakoa. Osagaietan, ontziratzean, birziklatzean eta iraungitze datetan hobekuntzak eginez gero, sandwichen karbono aztarna % 50 murritz daitekeela azaldu dute ikertzaileek.