Gasteiz

gaztetxea Gaztetxeak 30. urteurrena ospatuko du

Hogeita hamar urte bete ditu Gasteizko Gaztetxeak. 1988ko apirilaren 28an okupatu zuten, eta, ordutik, autogestioa oinarri, erreferente bilakatu da hirian arlo askotan egindako lanarengatik: kultur eskaintza, aldarrikapenak, herri mugimendua... Urteurren berezia izango da, ospatzeko moduarengatik: hiriko beste zenbait eragilerekin batera, urteurren bateratua egingo dute. Zehazki, autogestioa ardatz duten hiriko beste zenbait eragilerekin, haiek ere urtebetetze biribilak baitituzte aurten: ekainean, 10 urte beteko ditu Auzolana Pilotalekuak; abuztuan, 35 urte  Hala Bedi irratiak;  eta irailean, 5 beteko ditu Errekaleor Bizirik! egitasmoak. Denek elkarrekin, OkupaTU Gasteiz dinamika sortu dute eta, besteak beste, ekimen hauek egingo dituzte, Bihurri eta harro, súbete al carro lelopean: urtarrilean, ekologismoari loturiko ekintzak burutu dituzte; otsailean, gazte mugimendua izango da protagonista; martxoan, feminismoa; apirilean, okupazioa eta autogestioa jorratzen duten eragileak; maiatzean, preso eta iheslariak; ekainean, Alde Zaharreko eragileak; eta uztailean, internazionalismoa. Azkenik, urriaren 6an, OkupaTU Gasteiz eguna ospatuko dute. Zorionak, beraz, gaztetxeari eta gainerako eragile bihurri guztiei!