Natura

koalaArriskuan diren animalien zerrenda, inoiz baino luzeagoa

Gehiago eta gehiago, etenik gabe. Munduan arriskuan diren animalien eta landareen kopuruak gora egin zuen 2017an: orain, 1.800 espezie gehiago dira. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak urtero egiten du Zerrenda Gorria deritzona, alegia, desagertzeko arriskuan diren animalien eta landareen zerrenda. Bada, 2017koak marka guztiak hautsi ditu. Guztira, 25.800 espezie jaso dituzte zerrendan, IUCNk aztertzen dituen espezieen % 30, inoizko ehunekorik handiena. Kopurutan, iaz baino 1.800 espezie gehiago dira, esan bezala, 2016an 24.000 espezie jaso baitzituzten. Hau da, espezie mordoa igaro da desagertzeko arriskuan egotera. Horien artean, kaltetuenak pangolinak, koalak, itsas zaldiak eta intsektu hegalariak izan dira. Arrazoiei dagokienez, baina, berritasunik ez: habitat galera, isilpeko ehiza, klima aldaketa, pestiziden gehiegizko erabilera... Ohiko arrazoiak, atzean gizakiaren eskua dutenak. Nolanahi ere, albiste on gutxi batzuk ere jaso ditu IUCNk, besteren artean hauek: munduko zenbait eskualdetan, itsas dortoken kopurua hazi egin da; Mekong ibaian, 9 izurde jaio dira (egun, 80 ale besterik ez dago); eta Kaukasoko pantera azpiespezieko bost kume sortu dira (40 eta 60 bitartean daude munduan). Berri on gutxiegi datu txar oldearen erdian, tamalez.