Bertsolaritza

bardoakkuadrillaArabako Kuadrillak eta Nafarroako Bardoak bertsotan hasiak dira

Martxora bitartean, bertsolaritzaz gozatzeko parada mordoxka izango da bai Araban bai Nafarroan, Arabako Bertso Kuadrilla Arteko V. Txapelketari eta Bardoak egitasmoari esker, hurrenez hurren. Arabakoa jada abian da, urtarrilean hasi baitzen. Arabako Bertsozale Elkarteak antolatuta, aurtengoan txapelketa formatua berreskuratu du, baina izaera kolektibo eta herrikoiari eutsita. Hala, autoantolakuntzan eta elkarlanean oinarrituko da. Bi modalitatetan jokatzen ari da: bat-batean, 14 talderen parte hartzearekin; eta idatzizkoan, txapelketa izaerarik gabe, 17 talderekin. Guztira, 320 lagunek hartuko dute parte. Urtarrilean eta otsailean kanporaketak jokatu ostean, finalaurrekoak otsailaren 17an, 24an eta martxoaren 3an izango dira. “Festa-finala”, berriz, martxoaren 17an egingo dute, Gasteizko Landatxo kiroldegian. Bardoak Nafarroako txapelketak, ostera, otsailaren 2an hasi zuen bidea, eta bi hilean 23 saio eskainiko ditu. Orotara, 16 talde eta 113 parte hartzaile izango ditu; horietatik 74 bertsolariak izango dira. Finala martxoaren 24an izango da, Lekunberriko Toki Alai sagardotegian. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolaturiko txapelketa, lehiaz harago, “Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da”. Izan ere, Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketan bezala, helburu nagusia ez da norgehiagoka. Aitzitik, bertsozaletasuna eta bertso-eskolen sarea indartzea du xede. Finean, bakoitzak bere lurraldeko bertsolaritza sendotzea, molde parte hartzaileak praktikan jarrita eta auzolanari leku eginda. Txapelketa baten zein bestearen berri izateko, eta saioen data eta leku zehatzak ezagutzeko, Bertsozale Elkartearen webgunera jotzea da egokiena: www.bertsozale.eus.