Zinema

shapeOscar sarietarako izendapenak jakinarazi dituzte

Martxoaren 4an egingo da, Los Angeleseko (AEB) Dolby antzokian, 90. Oscar sarien banaketa ekitaldia. Sariak jasotzeko hautagaien artean, Guillermo del Tororen The Shape of Water filma da nagusi, hamahiru izendapenekin. Atzetik datozkio Christopher Nolanen Dunkirk, zortzirekin; eta Martin McDonaghen Three Billboards Outside Ebbing, Missouri, zazpirekin. Hain zuzen, hiru lan horiek dute Film onenaren saria jasotzeko aukera, Darkest Hour (Joe Wright), Phantom Thread (Paul Thomas Anderson), Lady Bird (Greta Gerwig), Call Me by Your Name (Luca Guadagnino), Get Out (Jordan Peele) eta The Post (Steven Spielberg) lanekin batera. Zuzendari onenaren saria eskuratzeko lehian daude, del Toro eta Nolan-ez gain, Jordan Peele (Get Out), Greta Gerwig (Lady Bird) eta Paul Thomas Anderson (Phantom Thread). Emakumezko aktore onenari dagokionez, hautagai dira Sally Hawkins (The Shape of Water), Frances McDormand (The Billboards outside Ebbing, Missouri), Margot Robbie (I, Tonya), Saoirse Ronan (Lady Bird) eta Meryl Streep (The Post). Aipagarria da Streepen kasua: berari dagokio aktore batek inoiz jasotako izendapen kopururik handiena, aurten 21. izendapena jasota. Gizonezko aktore onenaren saria lortzeko izendatuak, berriz, hauexek dira: Timothee Chalamet (Call Me by Your Name), Daniel Day-Lewis (Phantom Thread), Daniel Kaluuya (Get Out), Gary Oldman (Darkest Hour) eta Denzel Washington (Roman J. Israel, Esq). Sari gehiago ere badira, jakina, baina denei ezin tokirik egin hemen! Nolanahi ere, badira nahikoak zinemazaleak kinielak egiten hasteko. Irabazleen izenak esatera ausartzen?