Lanik egin gabe, hemen ez dago ezer errazik

frantzesenaAitor Frantzesena
Surflaria

Surflaria, entrenatzailea, Zarauzko Surf Eskolaren (Espainiako lehena) sortzaileetakoa, taula egilea... Surfa da Aitor Frantzesena Galloren bizitzaren ardatza. Sortzetiko glaukoma zela eta, 14 urterekin ikusmena galdu zuen begi batean, eta duela lau urte, surfean ari zela izandako istripu batek itsu utzi zuen. Berriz surfean hasi zen, entzumenari eta sentitzen duenari esker itsasoak ematen dion informazioa baliatuta. 2016ean, munduko lehen txapelduna izan zen surf egokituan, itsuen mailan; iaz, hirugarrena. “Denak emanda” bizitzea du laket, nahia ahala da leloari jarraiki.

2016an, urrea; 2017an, brontzea. Nolako aho zaporea utzi dizu?
Penaz, ez dudalako berriro irabazi. Baina lagun minak esaten didan bezala, beti irabaziz gero jendeak pentsatzen du erraza dela. Emaitza onartzen dut, eta nik uste hirugarrena izatea ez dela txarra izan. 2016an, oso prestatuta joan nintzen txapelketara, eta, irabazi arren, lehertu samar ailegatu nintzen. Iaz lasaiago hartu, eta hirugarrena. Orduan, ongi etorri zait tamaina hartzeko.
Itsu geratu zinenean, pasa zitzaizun burutik horrela ibiliko zinenik?
Esan dezaket ez nuela pentsatzen surfean egitea, uste nuelako zorabiatu egingo nintzela, eta abar. Baina zerbait egiten hasten naizenean, nik ez diot behin ere galdetzen nire buruari egiterik dagoen. Itsu geratu ondoren, uretan sartu eta itsasoak informazioa ematen zidala sentitu nuenean... ordutik, ez naiz geratu.  Badago egiterik? Bada, aurrera! Iritsiko zara iristen zaren tokiraino. Egin! Agian, horixe da gakoa.
Zertan aldatu zara itsu geratu zinenetik?
Bizitza aldatu egiten da, eta horixe aldatu naizela. Asko. Nola? Une bakoitza biziago bizitzen eta sentitzen dut. Harro sentitzen naiz hori esateaz, eta gustura. Lehen, jakin banekienez lehenago edo beranduago itsu geratuko nintzela, ahalik eta gehien ez ikusteak tripak jaten zizkidan, asko. Hala, bizitza osoa eman dut korrika, dena ikusi behar horrekin, dena harrapatu nahian. Horrek eragiten zidan uneak ez bizitzea unean bertan. Itsua izatea, bai, pena da, nire alaba nola hazten ari den eta beste hainbat kontu ez ditudalako ikusten, baina beste gauza askotarako ongi etorri zait, komatxo artean.
Sakrifizioa, superazioa eta gogobetetasuna. Hori da Aitor?
Bai. Horrek betetzen nau. Horretan pentsatzen dut nire buruari egitekoren bat jartzen diodanean. Lehenik, helburu bat jarri, eta ikusi bideragarria den. Ahal bada, aurrera. Sakrifizioa oso garrantzitsua da: lanik egin gabe, hemen ez dago ezer errazik. Superazioari dagokionez, gauzak ongi pentsatuz gero, emaitza ona izango da. Gogobetetasuna... denoi gustatzen zaigu bueltan etortzen zaigun hori. Halere, lehenengo biak gabe, normalean ez da izaten halakorik.
Hurrengo helburuak, zeintzuk?
Oso zaila da orain nire helburuak esatea; izan ere, niretzat, egin arte ez dira helburuak, ideiak baizik. Ideia asko dauzkat; besteak beste, munduko txapelketa ahalik eta gehienetan irabaztea eta 2024ko Paralinpiar Jokoetarako prestatzen jarraitzea ere. Gustatuko litzaidake itsuentzako lehen txapelketa paralinpikoa irabaztea. Horretarako, ez naiz asko erre behar. Urte asko geratzen dira; hortaz, gehiegikerian aritzen banaiz, akituta hel naiteke, edo nire gorputzak, beharbada, ez du behar bezala erantzungo. Hauxe da publikoki diodan lehen aldia: estrategia txiki hori prestatzen ari naiz.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Nire alabarekin egoteak eta surfean egiteak.
Eta tristatu? Zahardadeaz pentsatzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza askok.
Eta negarra? Hunkitzeak. Erraz hunkitzen naiz.
Zerk haserrarazten zaitu? Injustiziek.
Bizio bat? Txuleta jatea, eta Pamplona txorizo ogitartekoa. Lehenik ogitartekoa eta gero txuleta!
Surfean aritzeko leku bat: Orrua.
Surflari bat: Aritz Aranburu.
Surfa ez den kirol bat: Motorrak.
Surfean aritu ala surfean irakatsi. Zer nahiago? Surfean ibili.

Eñaut Mitxelena