Lasai, ez da ezer gertatzen

malagon

Hori du izenburu Ana Malagonek (Donostia, 1978) Elkar argitaletxearekin kaleratu berri duen mikro-ipuin bildumak. Orri batetik beherako 162 ipuin txiki idatzi ditu, eta, pertsonaia asko agertu arren, guztietan nagusitzen dira bakardadea eta frustrazioa, autorearen ustez, “gaurko jendartearen adierazgarrietako bi”. Ironian aurkitu du egileak horri aurre egiteko modua, “egoerak erlatibizatzeko. Alegia, ezer gertatzen ez dela pentsatzeko, nahiz eta gertatu eta mina hor egon”.
Idazkera soil eta zehatza darabil Malagonek, erredundantziari eta apaingarriei ihesi. Ipuin laburren formatua aukeratu du, egokiena iruditu zaiolako kontatu nahi zituen istorioak idazteko. Egokiena, eraginkorra izateko eta ipuinek indarrik ez galtzeko: “Berez istorioak nahiko drastikoak dira, enfasiak ez zien ezer gehituko”.
Malagon Interneten hasi zen mikro-ipuinak idazten eta orain horietako batzuk paperean argitaratu dira, moldatuta edo gabe. Beste batzuk, berriz, libururako sortu ditu espresuki.