Jaio. Iraun. Hil.

Hutsunea utzi du Berton aldizkariaren desagerpenak, Bilboko Santutxu auzoan ez ezik, Bilbo osoan ere. Harmaila kirol aldizkaria, berriz, zuloa betetzera dator. Ez, ordea, hutsune bera, beste bat baizik. Izan ere, euskarazko hedabideek zulo asko dituzte betetzeko oraindik. Euskararen erabileraren antzera, eta horren ondorioz, euskal hedabideen arloa ez dago normalizatuta: berri pozgarri bat jaso dugunean (kirol aldizkariaren jaiotza, kasu), beste baten amaierak zapuztu digu aurreko bozkarioa. Bitartean, beste batzuk, irauteko ahaleginean, baldintza prekarioetan ari dira lanean, ezinean, baina eutsiz. Horietakoa da, beste askoren artean, Deustuko Prest! aldizkaria, datorren urtean 20 urte beteko dituena. Horixe ote da euskal hedabideen patua? Sortu, biziraun eta ezinean bukatu? Noiz arte? Txomin L. Aramaio, M. Egimendi.

harmaila

“Euskarazko kirol aldizkaririk ez zegoela nabaritzen genuen”

Euskara, genero berdintasuna, lurraldetasuna, lasai irakurtzekoa.... Ezaugarri horiek guztiak eta gehiago batu ditu Harmaila kirol aldizkari berriak. 0. zenbakia online baino ez argitaratu ostean, abenduan argitaratu zuten online eta paperezko formatuan 1. zenbakia, eta 2.a prestatzen harrapatu dugu proiektuaren sortzaile5 Aitor Manterola kazetaria (Zumaia, 1975). Argia saria jaso berri du ekimenak. Argazkia: ARGAZKIPRESS.

Proiektu berri-berria da gurea. Eñaut Barandiaran eta biok futbol kontu batengatik jarri ginen harremanetan, duela sei urte, eta, berbetan, euskarazko kirol aldizkaririk ez zegoela esaten genuen” azaldu dio Manterolak AIZU!ri. Zenbait urtean ideia hori bere horretan egon ondoren, duela urte bi berriro elkartu, eta proiektua bultzatzea erabaki zuten. Handik gutxira, bikoteari Iñaki Berastegi gehitu zitzaion.
Hasiera-hasieratik, argi izan dute Harmaila paperean argitaratuko zutela. “Badakigu eguneroko prentsa idatzia gero eta gutxiago saltzen dela kioskoetan, baina, era berean, paperak bizirik jarraitzen du, eta erabat argi geneukan zer euskarritan argitaratu nahi genuen”.
Manterola eta Barandiaran futbolak batu bazituen ere, Harmaila futbola baino gehiago da. “Guretzat futbola beste kirol bat da, baina ez bakarra. 0. eta 1. zenbakiei erreparatuta, argi geratzen da. Kirolen arteko beste bat da, ez besterik” azpimarratu du Zumaiko kazetariak. Kirol guztiei (edo askori, bederen) tartea egiteko aldizkari mardula, handia, lasai irakurtzekoa, ondu dute. Aldizkariaren izena ere hortik dator. “Ia kirol guztiak lotzen zituen izen bat behar genuen, eta harmaila egokia iruditu zitzaigun”.
“Kirola eta kirolariak dira protagonistak gurean. Erdigunean ipini nahi izan ditugu, eta saiatu gara albo batera uzten zoritxarrez kirol hedabide askotan modan dauden inguruko parafernalia eta zirkua. Mamiari heldu, gaia jorratu, landu... lasai irakurtzeko 100 orrialde inguruko aldizkaria prestatzen ahalegintzen gara”. Hiru lagunen artean lan guztia egitea ezinezkoa denez, kolaboratzaileen sare bat sortu dute: kazetariak, diseinatzaileak, argazkilariak... denetik. “Hiruron artean erabakitzen dugu zer gai landu eta nola jorratu, eta atenporalitateari indar handia ematen diogu. Hala ere, garaian garaikoa ere sartzen dugu”.
Harmailaren hiru ezaugarri garrantzitsu genero berdintasuna, euskara eta lurraldetasuna dira. “Genero berdintasuna da gure filosofiaren oinarrietako bat. Izan ere, emakumeen kirola indartzen ari da, baina ez zaio leku handirik egiten, gure ustetan, hedabideetan; beraz, guk ikusgaiago jarri nahi izan dugu”. Argitaratutako bi zenbakietan, argi geratu da.
Era berean, lurraldetasunari dagokionez, Euskal Herria bere osotasunean hartzen ere ahalegintzen dira. “Euskal Herria zer den erakutsi nahi dugu, eta lurralde guztietako berriak sartzen ahalegintzen gara”.
Azkenik, Harmaila euskara hutsean argitaratzen dute. “16-17 urtekoek, eskola utzitakoan, euskarazko erreferentziak galtzen dituzte, eta beste hizkuntzen itsaso zabalean murgiltzen dira. Ea haietako batzuk euskaraz irakurtzen jarraitzera erakartzen ditugun, kirolzaleak baldin badira, noski”.
Momentuz, borondatez edo musu-truk egiten dute lan, eta ahalik eta gutxien gastatuta. Gauzak bide onetik badoaz, izango dute aukera zer edo zer kobratzeko, baina horretarako harpidedunak behar dituzte.
1. zenbakia argitaratzeko, 100 bat harpidedun behar genituen, eta kopuru horretan ibiliko gara, gutxi gorabehera. Hori bai, urtean 5 zenbaki argitaratu ahal izateko, gehixeago beharko genituzke: 300 inguru”. Harpidedun egiteko informazio zehatza aldizkariaren web orrialdean aurki daiteke: www.harmaila.eus.

olaziregi“Irakurleek babestea da proiektuari eusteko modu bakarra”

Martxoan 19 urte beteko ditu Prest! aldizkariak. Deustuko jaietan sortua, Berbaizu! euskara elkartearen txosnan lan eginez ospatzen dituzte kideek urteurrenak. Hain zuzen, elkarteak bultzatuta jaio zen hilabetekaria, Deustualdeko informazioa euskaraz eskaini eta etxe euskaldun guztietara doan heltzeko.

Diru laguntzen eta iragarkien bidez lortzen zuten doakotasuna hasieran. Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren diru laguntzak ez ziren nahikoa, baina publizitateari esker osatzen zuten aurrekontua, “garai onak zirelako eta, orain bezala, produktu estimatua zelako” gogoratu du hasieratik erredakzio taldeko kide den Nerea Olaziregik (Deustu, 1972). Halere, azken 10 urteotan nabarmen egin du behera, denda batzuk itxi egin direlako eta beste batzuek murrizketak egin behar izan dituztelako. Iragarki txiki eta ertainak ziren, baina askotxo: “Handi bat izan genuen, BBKrena, baina hori ere desagertu da tokiko aldizkarietatik. Lehen, babesle nagusia zen; orain, babesle ere ez da”. 
Hala, duela 8 urtetik hona, babesleak lortzeko kanpaina egiten du Prest!ek udazkenero, aldizkaria bideraezina bihurtu zelako: “Pentsatu genuen harpidedunei diru laguntza sinbolikoa eskatzea, babesle bihurtzea”. Batetik, elkarteetara jo zuten, badutelako aldizkariarekiko atxikimendua; emaitza: 20 bat elkarteren baiezkoa eta borondatezko ekarpen ekonomikoa (batez beste 100 € inguru bakoitzak). Bestetik, irakurleen artean, orain arte 200 bat babesle lortu dituzte, urtean 25 € ordaintzeko prest: “Zorionez, harpidedunek oso hurbileko sentitzen dute aldizkaria. Horixe da etorkizuna, irakurleek babestea baita proiektuari eusteko modu bakarra. Asmoa da kopuru horiek handitzea, eta nolabaiteko kutxa sortzea”. Egoera ideala litzateke “doako harpidedun guztiak, 2.800 inguru, babesle bihurtzea”. Aldizkari askok dute urteroko kuota sorreratik, baina Prest! ez zen horrela jaio, eta “sistema aldatzea oso zaila da, jendea ohituta dagoelako doan jasotzera. Egunen batean, agian, erabaki beharko dugu amaitu ala, jarraitu nahi bada, denek ordaindu behar izatea, baina... unean unekoa”.
Bost laguneko lantaldean, zuzendaria besterik ez zen jarri hasieratik soldatapean. Handik gutxira, administraziorako eta publizitaterako beste lagun bati ordaintzea erabaki zuten, eta, harrezkero, bi lanaldi erdi dituzte. Gainerako guztiek musu-truk jarduten dute. Dena den, egoera ezberdinak bizi izan dituzte, eta batzuetan jendearen inplikazioa ahultzen ere ikusi dute: “Une batean, laguntza eskatu behar izan genuen taldea zabaldu, gaztetu eta aberasteko”. Ez da beti lortu, boladak izan dira, baina gaur egun taldea “nahiko zabala” da. Alabaina, egonkortu nahian dabiltza, parte-hartze handiagoa izango duen jende gehiagoren bila. “Beti da komenigarria ardurak hartzeko prest dagoen jende gazte gehiago hurbiltzea. Deustu handia eta aldakorra da, eta herri izaera duen komunikabide batek herritarren parte-hartze etengabea behar du” dio Olaziregik. “Hala ere, auzoa aldatu egin da; lehen, deustuarron pertenentzia sentimendua askoz ere handiagoa zen. Batzuek aitortzen digute sekulako poza hartzen dutela aldizkaria postontzian topatzean, gero irakurri ez arren, baina, oro har, irakurtzeko denbora gutxiago dugu, eta teknologia berriek komunikazioa aldatu dute”. Dena den, jakin badakite gutxieneko gainbegiratua ematen zaiola: “Prest!en... ikusi zaitut”  eta antzekoak ohikoak dira deustuarren artean.
Berton desagertu izanak penatu egin ditu Prest!eko kideak. Olaziregik “tristura itzela” sentitu zuen, baina “aldi berean, pentsatu nuen lantaldea ausarta izan dela horrelako erabakia hartzeko. Herri aldizkaria edukitzea oso polita da, baina horren atzean pertsonak daude, eta badakigu zein den pertsona horien egoera. Ulertzen dut zama handia zela kideentzat eta erabaki ona izan dela. Gainera, gauza guztiek dute iraungitze data. Auskalo zer sor daitekeen hemendik urte batzuetara!”. Prest! ere egon ei da inoiz antzeko egoeran: “Onartu behar dugu edonoiz desager litekeela. Irakurleak eta erakundeak inplikatu ezean, horixe izan liteke gure patua ere”. Ez du meritu makala 19 urte irauteak aldizkaria hilero doan banatzen! Eta oraindik ere eusten diote: Prest! aldizkariko lagunak prest dira hurrengo urtean 20. urteurrena ospatzeko.

berton“Bertonek mendekotasun handia izan du musu-truk egindako lanarekiko”

Iazko azaroko zenbakian iragarri zuen Bilboko Santutxu auzoko Berton aldizkariak bere ibilbidea amaitzear zela. 20 urte beteko zituen hil honetan, baina urtarrilean kaleratu zuen azken zenbakia, lantaldeko kide, kolaboratzaile, babesle eta iragarle izan direnen bizipenak eta iritziak bilduta.

Urtarrilaren 20an egin zuten agur jaia, “erabakia hartzea oso gogorra izan zelako, ia aho batez hartu arren” dio Lur Mallea (Bilbo, 1977) zuzendari ohiak. “Indarge geunden, nekea pilatuta, ilusiorik eta gogorik gabe... eta ingurua ere oso ahulduta geneukan: babesle nagusi izan genuen Asapala euskara elkartea desagertu zenetik, Berton umezurtz gelditu zen, nolabait”. Erabaki “logikoena” hartuta, zer ospatu ere bazegoela gogoratu eta jaia antolatu zuten, urteetan babesle izandakoekin elkartu eta eskerrak emateko, “Berton auzolana izan delako. Neurri txikian profesionalizatutako proiektuak mendekotasun handia izan du boluntarioek musu-truk egindako lanarekiko”.
Halere, harro egoteko moduko emaitzak ere baziren: “Tokikomen sortzaileen artean egon ginen, eta Hekimeneko partaide ginen. Gure azken lan handia Uriola.eus sortzea izan zen, Bilbon ezberdinen artean euskaraz egiten diren lan guztiak plataforma bakarrean eskaintzeko. Bestalde, Larrinaga kartzelari buruz Aranzadi Zientzia Elkarteak egin zuen erakusketan laguntzaile izan ginen; Orue txaletaren kartzela garaiari buruzko ikerketarako eta memoriaren berreskurapenerako lantaldean parte hartu dugu; ondo gordeta ditugun argazki zahar asko bildu ditugu... Gure txikitasunean, ondare handia sortu dugu. Lasai asko esan dezakegu erreferente izan garela, beste inork ez duelako egin lan hori. Euskaraz egin dugu, gainera, eta auzolanean”.
Aldizkariaren azken zenbakia erabili zuten egindako lanari aitortza eta garrantzia emateko: “Herri aldizkari baten atzean dagoen lana erakutsi nahi genuen, herri produktuek etengabeko zaintza eta babesa behar dituztela azaldu. ‘Zaindu maite duzun hori’ mezua zabaldu nahi izan genuen, agerian utzi auzoan eta Bilbon geratuko den hutsunea. Autokritika egin behar dugu, irakurle askok Berton hilezkortzat zutelako, ez dugu asmatu behar bezala zaintzen: urteak eman ditugu jendeari babesa behar genuela esaten, baina ez dugu behar bezala komunikatzen asmatu, edo jendeak ez du behar bezala hartu. Izan ere, harpidedunak 2.300 inguru izanda, babesleak (urtean 25 €) 250en bueltan ibili ziren. Hortxe dago desoreka: denek apurtxo bat ordaindu balute, panorama asko aldatuko zen”.
Berton doan banatu da, baina sorreran nolabaiteko babesa izan zuen, hainbat familia eta norbanakoren diru ekarpenekin, eta orduko babesle gehientsuenak mantendu egin dira. Lantaldean, bi lanaldi erdi egon ziren hasieran; gauzak ekonomikoki okertu zirenetik, baina, lanaldi erdi bat eta lanaldi laurden bat: "Nahikoa izan daiteke, lantalde zabala eta ekimentsua baldin badago, baina, horrek huts egiten badu, bi pertsona horiek gero eta lan gehiago egin behar dute, eta, azkenean, ezintasuna sortzen da. Bada, horixe gertatu da hemen”.
Diru laguntzak ere murriztu dira: “Bizkaiko Foru Aldundiak berdin jarraitu du, baina Eusko Jaurlaritzaren irizpide aldaketak kaltetu egin gintuen. Bilboko Udalak, berriz, ez du inolako konfiantzarik izan euskarazko komunikabideetan. Anekdotikoa izan da Euskara Sailetik jaso dugun laguntza txikia. Harpidetza kanpaina eraginkorra egiteko, berriz, jendea behar da, ezin zara horretan ibili administrazio lanak egiten edo erreportajeak idazten ari zaren bitartean. Neurri handi batean, lantaldea txikitzea eta ahultzea izan da arazoa”.
Halere, mezu positiboa bota du Malleak: “Berton badoa, baina ekinean jarraitzeko prest gaude, eta digitalean jarraituko dugu, beste batzuekin elkarlanean, Uriolatik. Badaude zereginak, urratu gabeko bideak zabaltzeko ordua da, beste jende batekin eta egiteko bestelako moduekin, eta horietara bideratuko gara aurrerantzean. Agian, etorkizunean sortuko dira beste batzuk, Bilbok eta bilbotarrok merezi dugun euskarazko informazio hori izan dezagun”.