Ikastetxeetan sakelakoa erabiltzea debekatzeari ongi deritzozu?

ikamika

Frantziako Gobernuak, iazko abenduan jakinarazi zuenez, debekatu egingo du sakelakoen erabilera ikastetxeetan, 2018ko irailetik aurrera, 6 eta 16 urte bitarteko ikasleen artean. Berez, ikastetxe gehienetan dago debekatuta, batez ere eskola orduetan. Haatik, Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen neurriaren arabera, ikastetxe guztietara eta jolas garaiko orduetara zabalduko da debekua. Hots, gazteek sakelakoa ikastetxera eraman ahal izango dute, baina ezin izango dute erabili bertatik irten arte. Hala, ikasleen arteko jolas eta jokoak sustatu nahi dituzte, eta ikasgelatik kanpoko jarduerak bultzatu. Gainera, gailuon bidez egin daitekeen jazarpena gutxitzeko ere balioko omen du neurriak. Zer iruditzen zaizue? Donibane Garaziko AEK-ko goizeko B1 mailako taldea.

1. Mixel

Justifikatua da, ikastetxeetan eta gizartean elkarbizitza batez ere sakelakoek ahuldu dutelako. Haatik, ez da erraza izanen gauzatzea. Ikastetxeetako arduradunek neurria azaldu beharko diete gurasoei eta ikasleei. Erabakia ongi gauzatzeko, irakasleek eta gurasoek elkarrekin lan egin beharko dute.
2.  Iris
Ados naiz. Gazteak beren ikasketetan kontzentratuko dira; gainera, ikasgelatik kanpo sortze jarduerak eta kolektiboak eginen dituzte. Horrela, ikastetxeetan giro hobea izaten lagunduko du.               
3. Rafa
Neurria egokia da. Lehenik, ikasleek ikasi behar dute murrizketa batzuk onartzen: denbora bat bada jolasteko eta beste bat ikasteko. Ondoren, ongi iruditzen zait haurrek mundua eta lagunak beren begiekin ikustea, eta ez pantaila baten atzetik. Azkenik, nire ustez, egunen batean wifia eta uhinak tabakoa bezain arriskutsuak direlako ideia zabalduko da.            
4.  Samuel
Ikastetxeetan sakelakoa debekatzea ongi da. Ikastetxea ikasteko tokia da, baita haurren artean loturak sortzekoa ere. Jolas garaietan telefonoa erabiltzeak haurrak elkarrengandik urrunarazi ditu, eta ikasgelan kontzentraziorako kaltegarria da. Debekatzea ongi da; hala ere, helduak eredu izatea beharrezkoa da.  
5. Claudie
Ez naiz ados, izan ere, irakasleentzat poliziarena egitea zaila izanen da. Neurri karioa izanen da, gainera, kutxa giltzatuak erosi beharko dituztelako. Sakelakoak gurasoei segurtasuna ematen die, eta mundu numerikoan bizi gara. Gazteek, sakelakoarekin, bai josta bai ikas dezakete. Halere, ikasleek hobe lukete itzaltzea ikasgelan, baina airea hartzean pizturik izan dezaten baimenduta.
6. Ttotte
Sakelakoa debekatu egin behar dugu. Epe luzera osasunean izango dituen ondorioak ez ditugu ezagutzen. Telefonoen uhinak ez dira onak. Joan den hilean, Massiliako ikastetxe batean, ikasle batek irakaslea zauritu zuen, sakelakoa kendu ziolako. Beraz, nahiz eta debekatu, zaila izanen da neurria gauzatzea.
7. Nadou
Nire semearen bizia ikustean, mundu arras ezberdinean bizi dela ulertzen dut. Berarentzat, sakelakoa eta Internet beharrezkoak dira. Bistan da legeak garrantzitsuak direla, baina heziketarik gabe debekatzea ez da aterabide ona izanen. Tolerantzia, elkartasuna eta errespetua irakastea ezinbestekoa da... beharbada, gazteen tresnen bitartez.