Booktegi, sarean apala bete liburu

booktegi

Book, liburu. -tegi, lekua adierazteko atzizkia. Bien batura da Booktegi, Interneten topa daitekeen liburutegi berezia: euskarazko liburuak musu-truk leitzeko edota idatziak plazaratzeko aukera eskaintzen du. Eñaut Mitxelena.

 

Guztion liburuak, guztiontzat. Leloak argi erakusten du zer den Booktegi. Egitasmoaren sortzaile eta arduradun Aritz Brantonek are zehatzago azaldu du: “Booktegi plataforma digitala da, non kalitatezko euskarazko liburu elektronikoak dohainik eskaintzen diren”. Zahar zein berri, askotariko liburuak eskura daitezke www.booktegi.eus-en: fikzioa, poesia, gazte literatura, antzezlanak zinema gidoiak, itzulpenak, literatura klasikoa, ipuinak, artikulu eta bertso bildumak... Guztiak doan, liburu elektronikoek baliatzen dituzten formatu nagusietan: ePUB, PDF eta MOVI. Prozedura ezin errazagoa da: webgunera jo, liburu bat aukeratu eta deskargatu. Harpidetza egiteko aukera ere badu, liburuen berri e-posta bidez jasotzeko. Leitzeko ez eze, idazkiak plazaratzeko modua ere arras erraza da: testua webgunean ageri den helbide elektronikora (E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ) bidali, eta, “gure kalitate baldintzak betetzen baditu”, edizioa prestatu eta plataforman paratzen dute.
Irakurgaiekin batera, informazio gehigarria dakar guneak: liburuari buruzko azalpen laburra, idazleari egindako bideo elkarrizketa, eta testuen pasarteen audioak, gehienetan idazleek eurek irakurriak. Eskaintza osatuagoa, liburua irakurtzeko “bide atsegina” izan dadin: “Lehenik, egilea eta hark egin nahi duena ezagutu, eta gero irakurtzen hasi”.
Iazko martxoan abiatu zuen Booktegi Brantonek, euskararen munduan antzemandako bi gabeziari erantzuteko asmoz. Hasteko, ahaztuak geratu diren liburuei bizitza berria emateko. “Liburu ahaztu horiek onak badira, bigarren ibilbidea eskaintzea interesgarria iruditzen zitzaidan”. Ez bakarrik argitaratutako liburuei, “baita liburu berriei ere. Nahiz eta onak izan, liburu batzuk ez dira inprimatzen, merkatuaren gorabeherengatik”. Era berean, liburu elektronikoei bultzada eman nahi izan die. “Oro har, liburu elektronikoa oso gutxi erabiltzen da euskararen munduan. Iruditu zitzaidan bazegoela aukera bi ahulezia horiek uztartzeko eta zerbait sortzeko”.
Aurki beteko du urtebete Booktegik. Joan den urtean, 63 lan sareratu zituen, hasieratik eskaintza zabala izateko. “Orain, pixka bat motelago ariko gara, batez ere liburu bakoitzak bere osagaiak dituelako: bideoa eta audioa”. Aurten “20 edo 30 liburu” plazaratzeko asmoa du.
Erantzun ona
Harrera ona izaten ari da. Batez beste, hilean 1.000 bisitari baino gehiago izaten ditu, eta 1.500 bisita inguru. “Deskargak, hilero, 1.000 bat izango dira. Hasieran, martxan jarri genuenean, beldur nintzen hau guztia ez ote zen izango nire ameskeria, ez ote zuen inork erabiliko... Baina ez, harrera oso ona izan da”. Gehien deskargaturiko lanen artean dira Amama filmaren gidoia, Harkaitz Canoren Paradisuaren ifrentzua ipuin bilduma eta Paul Gallicoren Elur-antzara eleberri laburra.
Erabiltzaileengandik jasotako iritziek ere berretsi diote egitasmoak izandako harrera ona: “Egia esan, feedbacka oso positiboa izan da. Batzuetan, oso hunkigarria. Beharbada, gehiegi esatea da, baina zentzu horretan badaukat esatea, nolabait, egindako lana ordainduta dagoela”. Izan ere, Brantonek egiten du dena, egunari nahiz gauari orduak kenduta. Hori bai, “lagun askoren laguntza jasotzen dut Booktegi gauzatzeko”. Brantonek aitortu du oso gustura ari dela, lan handia eskatu arren. Gainera, idazleak ezagutzeko parada ematen dio: “Kasu guztietan plazer hutsa izan da. Pertsona eskuzabalak, interesgarriak eta dibertigarriak dira”. Idazleak ere gustura daudela uste du: “Booktegik eskaintzen die irakurleekin harreman gehiago izateko aukera, kameren aurrean gauzak azaltzekoa, liburuak berriro ateratzekoa edo lehenengo aldiz plazaratzekoa”.
Ibilian, hazten ari da Booktegi. Saretik at ere jauzi egin zuen, urriaren 9an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean hainbat idazlerekin eginiko Literatura-loturak emanaldi literarioan. Ideia jarioek ez dute etenik, gainera: “Proiektu gehiago ditugu gogoan. Esaterako, literatur jaialdiekin batera lan egitea”.
Garatze bidean dira ideia batzuk, eta gauzatze bidean besteak.  Esaterako, “edizio elebidunak izango ditugu hemendik gutxira, euskaraz eta ingelesez”. Hasteko, Tindersticks musika taldearen bi ipuin musikatu euskarara ekarriko dituzte. Ondoren edizio elebidun gehiago etorriko dira, baina alderantzizko bidean: euskaratik ingelesera. Euskal idazleen edizio elebidunak izango dira, “eta kasu guztietan elkarrizketak izango ditugu, azpitituluekin”. Hartara, txapel bakarrarekin bi buru estaliko ditu. Batetik, “beti bezala, eduki eder eta fina eskainiko diegu euskal irakurleei. Aldi berean, euskal literatura munduan ezagutarazi eta euskararen berri emango dugu, leku gehienetan ez dakite-eta euskara zer den”. Bestetik, nobela beltzari ere leku egitekotan da.
Irakurketaz gozatzeko ataria da Booktegi, ez soilik irakurle porrokatuak asetzekoa. Euskara ikasleentzat ere aproposa izan daiteke: “Liburu asko oso interesgarriak dira ikasleentzat. Gainera, oso aukera ona da liburuak irakurtzeko eta aldi berean entzuteko”. Sareko apalategira jo, zokomiran aritu eta gustuko lana hautatu besterik ez da egin behar.

Euskara ikastearen plazera

Euskal Herrian bizi denetik, Aritz da Brantonen izena. Ath du berezkoa. Ahoskatzeko egokiagoa zelakoan, lagun batek esandakoari jarraiki egin zuen bere Aritz. Malmesburyn (Erresuma Batua) jaioa, filologoa da, eta itzultzaile ari da 11 Itzulpen enpresan. Duela 12 bat urte etorri zen Euskal Herrira. Neska euskaldun batek “euskal gramatikaren gainean hitz egin zidan, eta maitemindu egin nintzen. Biez”. Euskal Herrira etorri, eta euskara ikasi zuen. Edota, berak dioen moduan, “ikasten ari naiz. Euskara ikastea beti izan da egundoko plazera”. Batez ere, bi arrazoirengatik: “Bata, hizkuntzagatik beragatik. Euskal sintaxia oso ederra iruditzen zait. Euskaraz, hitz guztiak konfiguratzen ditugu, eta, konfiguratu ondoren, askatasuna dugu. Milaka gauza esan ditzakegu oso modu naturalean. Hori askoz zailagoa da ezagutzen ditudan beste hizkuntzetan. Nire ustez, hori oso ezaugarri ederra da”. Horrez gain, “jaso duen laguntzarengatik” ere zaio plazent euskara ikastea. “Laguntza jaso izan dut irakasleen aldetik, ikaskideen eskutik, lagunengandik... Oso esperientzia polita izan da. Booktegin saiatzen naiz, neurri batean, nire ekarpena egiten”.

Webgune berria abiatzear

Edukiak ez ezik, itxura ere berrituko du laster barru Booktegik, Brantonek webgunea berrituko baitu. Espero du otsailean martxan egotea, eta batik bat aldaketa estetikoa izango da: “Bideo eta audioei garrantzia eman nahi diegu”, eta, horretarako, gunearen azalean lekua egingo diete. “Horrela, agerian egongo dira. Beraz, guneak mugimendu handiagoa izango du, baita kolore gehiago ere”.