Itzal lausoak argitara

karitas

Etxebizitza bat eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoak, laguntzen murrizketak, jarrerak gogortu izana… Kaletik irteteko aukera eskasak dituzte etxerik gabe geratu diren hainbat lagunek. Euskal Herrian, 3.000 etxegabe baino gehiago daude, premia larriak jota. Bizkaiko hiriburuan, Beste Bi plataformak “bestelako Bilbo hiria” du aldarri, kalean daudenen egoera zaila hainbat talderekin elkarlanean diharduela azaleratu nahian. Maider del Olmo.

 

Urtean bi zenbaketa egin ohi direla azaldu dute Bilboko Caritas-eko kideek. Horrela, etxegabeen kopurua ezagutzen da: “Egoeraren larritasuna azaleratzeko baliagarria da kontaketa, gero erakundeetan eragiteko”. Zenbaketa gauez egiten da, honela: kalean daudenak behatuz eta, zenbaitetan,  galdetegiak betearaziz, “beti errespetuz, noski”.  Kasu askotan, kontaketa egiten dutenak erreferentziazko pertsonak izaten dira etxerik gabekoentzat, hots, ezagun izaten dituzte.  Ezin uka, horrenbestez, hainbat erakundek “kontrolpean” dituztela etxegabeak, Bilbon, kasu. 
Hala eta guztiz ere, gizarte zerbitzuek etxegabe gehienak ezagutuagatik, administrazioak sarri huts egiten du, pertsona horien oinarrizko beharrizanei erantzuteko orduan. Horra paradoxa: aldi berean, era horretako neurketak gero eta ohikoagoak dira. 80ko hamarkadan hirietan zabaltzen hasi zirenetik, ugaldu ez ezik sistematizatu ere egin dira kale kontaketak.
Iazko arazoan, halako zenbait neurketaren emaitzen berri eman zuten hainbat erakundek, Euskadiko Bizitegi-bazterketari buruzko III. Jardunaldietan. Datu horien arabera, Euskal Herrian 3.000 etxegabe baino gehiago daude. Dena den, guztiek ez dute kalean lo egiten.  
Neguan haien egoera zailagoa izaten denez, askok jotzen dute aterpe bila. Aitzitik, Gaberako aterbea bilatzea, Bertol Brechten poemak dioen gisara, ez da irtenbidea. Are gutxiago gaur egun, laguntzak tai gabe murrizten ari diren garaian. Caritasek gogoratu duenez, “Patxi Lopez lehendakari ohiak egin zuen lehenengo murrizketa gogorra”.  Gehiago etorri dira atzetik, hain zuzen ere etxegabeei bete-betean eragiten dieten neurriak.
Esate baterako, diru sarrerei dagokienez, kalean bizi diren gehienek ez dute laguntzarik jasotzen.  Beste Bi plataformako kide baten esanetan, “burokraziak” are gehiago zailtzen die kontua diru-laguntza eskatzera joaten direnei. Eskatzaileek, zenbaitetan, ulergaitzak zaizkien paperak bete behar izaten dituzte, itxaronaldiak luzeak dira, trabak ugariak… Halakoetan, arruntena amore ematea da.
Aterperik bakoen Bilboko plataforma da Beste Bi. Bestelako Bilbo du xede, Bilbo desberdina. Hala, hainbat talde aritzen dira elkarlanean etxerik gabekoen duintasuna aldarrikatzeko eta beharrizana dutenen egoera azaleratzeko. Caritas plataformako kideetako bat da. Urtean bi kanpaina egin ohi dituzte etxegabeak egon badirela ikusarazteko. Kalean bizi den norbait hiltzen denean, berriz, elkarretaratzeak egiten dituzte, heriotza salatzeko.
Erakundeen estrategia
Administrazioari dagokionez, Eusko Jaurlaritza, etxegabeen egoerari irtenbidea eman nahian, estrategia bat prestatzen ari da egun. Sustatzailea Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila da. 2017-2020 epealdirako plana da. Jaurlaritzaren esanetan, “estrategia oinarrituta dago eskubideen ikuspegian eta, zehatzago esateko, etxerik gabeko pertsonentzako eskubide bikoitzean: etxebizitza independentea izateko eskubidea eta autonomiarako, bizi-kalitaterako eta gizarte-inklusiorako beharrezko laguntzak izateko eskubidea. Estrategiaren ardatza, azken batean, pertsonak eta etxebizitzak dira”.
Horren harira, Beste Bi plataformak manifestu bat kaleratu zuen iazko apirilean: Euskadin etxegabetasuna errotik ezabatzeko euskal estrategiaren alde. Idazkian, sinatzaileek garrantzitsutzat jo zuten Eusko Jaurlaritzak estrategia bat abiarazi izana; aldi berean, baina, ez zituzten beren kezkak ezkutatu, eta, besteak beste, estrategiak aurrekonturik ez duela leporatu zioten Jaurlaritzari.
Egoerak hobera egingo badu, etxebizitza politiketan aldaketak egiteari, beste gauza batzuen artean, ezinbestekoa deritzote gizarte bazterketaren aurkako taldeek. Izan ere, Bilboko Caritasek esan bezala, “alokairuaren merkatua txikia eta garestia da. Gero eta zailtasun handiagoak daude etxe bat eskuratzeko, dela gutxieneko diru-sarrerak badituzula erakusten duen nomina eskatzen dutelako, dela batzuek ez dietelako etxea beste herrialde batzuetatik etorritakoei alokatu nahi…”.


Etxegabeen bidean lagun, Joseba Gayak liburu bat argitaratu du

Etxegabeen sailaren arduraduna da Joseba Gaya Caritaseko kidea. Ikusbideak bildumaren baitako zazpigarren zenbakia idatzi du, etxegabeekin urte luzez izandako esperientziak oinarri. Hala, hausnarketa sakona dakar erakundeen esku-hartzeari buruz, adibidez. Bilbon egin zuten aurkezpena, urtearen amaieran, etxegabeen gaineko jardunaldi batzuetan. Liburua euskaraz  idatzi du Gayak. Testuaren edukiaz adierazi duenez,  “asko egin da, baina gutxi idatzi da gaiaren gainean. Askotan, etxerik gabeko pertsonekin aritu behar dugunean, hutsetik abiatzen garen sentsazioa izaten dugu. Nire asmoa zen metodologia baten berri ematea. Hau ez da ikerketa bat, hemen ez dago guztia”. Nolanahi ere, baliagarria izan daitekeelakoan dago.  Etxegabeen bidean lagun, Gaberako aterbea poemak ematen dio hasiera liburuxkari, Bertolt Brechti hartuta  Mikel Laboak abestu zituen hitz horiek, hain zuzen. Liburua euskaraz eta gaztelaniaz irakur daiteke.