Barrongo urtegia, iragana eta oraina parez pare

ibaia

Barron eta Atiaga artean, 4,9 hektometro kubikoko urtegia eraiki nahi du Arabako Foru Aldundiak Espainiako Nekazaritza Ministerioaren mendeko Acuaes enpresarekin batera. Añanako Kuadrilla ureztatzeko 1999. urtean onartu zuten planaren ginga izango litzateke, eta 182 milioi euro gastatuko lituzkete. Urtegiaren kontra duela bi urte sortu zen herri-plataformak bultzatuta, prozesu parte hartzaile bat abiatu dute eskualdean, eta adituek proiektu zaharra aztertu dute. Barrongo urtegiak Europako uraren legeria urratzen duela ondorioztatu dute. Estitxu Ugarte.

Gasteiztik 33 kilometrora dago Barron, Erriberagoitia udalerrian. Nekazaritza eta abeltzaintza dira bertako jarduera nagusiak. Atiaga, berriz, hiriburutik 36 kilometrora dago, Añanan; ondoan, Gesaltza-Añana dago, eta bertan Gatz Harana ospetsua. Errepide estu batek lotzen ditu Barron eta Atiaga. Ingurune lasaia eta bakartia da, oso biztanle gutxikoa, neguan bereziki hiriburuetara joaten baita jendea, klimatologia gogorrari aurre egiteko. Natura aldetik, hainbat harribitxi gorde ditu eremuak: arrano beltz bikote bat bizi da inguruan, eta Genista eliassennenii izeneko landarea, Euskal Herriko floran bitxienetakoa, han dagoela egiaztatu dute berriki.
Bada, lur horiek urpetuz eraiki nahi dute Arabako Aldundiak eta aipatu  enpresak herrialdeko urtegi berria. Aspaldikoa da horretarako proiektua; izan ere, Arabako Bailarak Ureztatzeko Plana, esan bezala, 1999an onartu zuten, Madrilen, eta harrezkero, epeka eta atzerapen handiz, hainbat obra egin dira Añana Kuadrillako nekazaritza lursailak ureztatzeko. Plana biribiltzeko, administrazioek "ezinbestekotzat" jo dute 182 milioi euroko obra egitea, eta Barrongo urtegia eraikitzeko lanak lehenbailehen hasi nahi dituzte. 4,9 hektometro kubiko ur hartuko ditu urtegiak, eta 53 hektarea nekazaritza lur okupatuko ditu, Atiaga eta Barron artean; horrez gain, herriak lotzen dituen errepidea ere desagertu egingo litzateke, eta Atiagatik oso gertu 15 metroko horma nagusia eraikiko lukete.
Obraren helburua da Añanako Kuadrillako behealdeko lurrak –Ribabellosa, Erriberabeitia, Lantarón– ureztatzea, Gaubeako eta Erriberagoitiko ibaiek negu partean jasotzen duten ura Barronera bideratuta. Diputazioak nabarmendu duenez, nekazaritzari mesede egingo dio urtegiak: ureztatzeko aukerak biderkatu egingo ditu, eta, horrenbestez, etorkizunean hainbat labore mota landatu ahal izango dira. Aldi berean, jende gutxi dagoen udalerrietan populazioa finkatuko du, eta lagun gehiago erakarriko ditu. 
Plataforma sortu dute
Bi urte igaro dira Espainiako eta Arabako administrazioen asmoaren inguruko lehen albisteak hedabideetan zabaltzen hasi zirenetik. Zaplaztekoa izan zen herritarrentzat. Administraziotako bat ere ez da jarri harremanetan kaltetutako nekazariekin, ezta Barrongo edo Atiagako biztanleekin ere. Informazio eske joan izan direnean, lasaitzeko eskatu diete Diputazioko arduradunek. "Ezkutuan jokatu dute", Barrongo urtegiaren aurka 2016. urtean osatu zen herri plataformaren esanetan.
Informazioa zabaltzea eta urtegiaren eraikuntzan parte hartzeko herritarren eskubidea sustatzea izan dira plataformaren lanaren koska nagusiak azken bi urteotan. Batzar ugari egin dira Añanako Kuadrillan, kontzejuetan eztabaida bultzatzen saiatu dira, protestak egin dituzte, sinadurak bildu, eta hainbat agerraldi publikotan azaldu dituzte urtegiak eragingo lituzkeen kalteak. Dekalogoa osatu dute, non, besteak beste, obra egin beharra kolokan jartzen duten, Añana ureztatzeko ez baitago horrenbeste ur bildu beharrik, haien esanetan. Gainera, Barrongo urtegiak kalte sozial eta ekonomiko handia eragingo omen luke, eta hiru familiaren lana eta etorkizun ekonomikoa arriskuan jarriko lituzke, ingurumenean eragingo dituen kalteak ahaztu gabe (esaterako, aipatu arrano beltzei dagokienez). Diru publikoa xahutuko dela ere salatzen dute, hala nola herritarrekin eta kaltetuekin hitz egin gabe egin nahi izatea.
Txosten teknikoa urtegiaren kontra
EH Bildurekin eta Podemosekin Arabako aurrekontua adosteko eginiko negoziazioetan onartu zuen EAJk, 2017. urtearen hasieran, prozesu parte-hartzailea abiatzea eskualdean Añanako obraren inguruan. Besteren artean, azterketa tekniko bat eskatzea aurreikusi zuten, eta lan hori Zaragozako Fundación Nueva Cultura del Agua elkarteari esleitu  zitzaion. Bada, FNCAk joan den azaroan aurkeztu zituen ondorioak,  Diputazioaren asmoari buruzko txosten kritiko gogor batean.
Jorge Bielsa, Cesar Gonzalez eta Domingo Baeza unibertsitate adituek eginiko azterketaren arabera, akats larriak ditu Barrongo urtegiaren proiektuak. Hala, Europako Zuzentarauak jasotzen duenaren kontra, ez da bideragarritasun ekonomikoari eta sozialari buruzko azterketarik egin, eta, gainera, ez da kostuak berreskuratzeari buruzko txostenik aurkeztu. FNCAko teknikarien esanetan, "ikerketa ezak proiektua bera baliogabetzen du; Aldundiaren txostenak ez du Urari buruzko Europako Zuzentaraua betetzen". Ingurumenari dagokionez, obrak Gaubeako Tumecillo eta Omecillo ibaien arroak eta egoera ekologikoa kaltetuko lituzkeelakoan daude adituak, Barrongo urtegia betetzeko ponpaketak egingo baitira gehienbat. Gainera,  "ez dute neurtu zer-nolako eragina izango duen klima aldaketan, eta, urtegia betetzeko, ura ibaietatik hartu beharko dute urtero”.
Zaragozako teknikarien esanetan, Barrongo auzian kontuan hartu beharko da epaileek Huescako (Espainia) Biscarrueseko urtegiaren proiektua bertan behera uzteko erabilitako irizpide bera, eta, aurrera egin ahal izateko, aipatu Zuzentarauak zehazturiko baldintzak bete beharko ditu. Bestela, Biscarruesen bezala, Añanan ere ezerezean gera daiteke ura biltzeko proiektua.
Herri plataformako kideak pozik agertu dira ondorio horiekin, finean hasieratik defendatu dituzten argudioak berresten dituztelako. Halaber, Aldundiak proiektua bere horretan mantenduz gero, bide judizialera jotzeko argudioak eman dizkie txostenak. Arabako Diputazioa, berriz, urtegiaren inguruan Espainiako Ingurumen Ministerioan aurkeztutako Ingurumen Inpaktuari buruzko Txostenaren gaineko ebazpenaren zain dago, eta ez du inolako iritzirik eman txosten teknikoen inguruan. Dena dela, EAJk Barrongo urtegia finantzatzeko partidei eutsi die PPrekin adostu dituen 2018ko foru aurrekontuetan.

Maite Cruz: “Herri plataformak eragiten duen presioa da kaltetuon itxaropen bakarra”

Ginea herriko biztanlea eta abeltzaina da Maite Cruz. Etxetik kilometro gutxira bazkatzen dira, Barrongo belartzetan, familiaren behiak. 170 buruko ustiategiaren etorkizuna arriskuan jarri du urtegiaren proiektuak, ganadurako eremuaren erdia ur azpian geratuko baita. Cruzek itxaropen bakarra du: urtegiaren kontrako plataforma eragiten ari den presioa.
Zer kalte pairatuko dituzu Barrongo urtegia eginez gero?
Hasteko eta behin, lurraren % 50 inguru kenduko digute, Barronen aurreikusita dagoen urtegiak gure 20 hektarea hartuko baititu. Nekazaritzatik edo abeltzaintzatik bizi garen hiru familia kaltetuko ditu obrak.
Berririk ba al zenuten Barrongo urtegiari buruz?
Orain dela bi urte jakin genuen, Barrongo jendeak deitu zuenean esateko Arabako aldizkariak iragarkia zekarrela. Urte hauetan, baina, inor ez zaigu etorri informazioa ematera, edo zenbat hektarea lur kenduko diguten jakinaraztera;  are gehiago, Aldundira  galdetzera joan garenean, ez kezkatzeko erantzun digute, obra egiten denerako gu ez garela hemen izango. Bi urte igaro dira proiektua argitaratu zutenetik, eta dakigun bakarra urtegiaren kontrako plataformak egindako lanari esker dakigu.
 Zure familiaren etorkizuna arriskuan jarriko dute?
Bai, noski. Sekulako lana egin dugu lurrei eusteko, belaunaldiz belaunaldi, eta egun batetik bestera  ezer esan gabe kendu nahi dizkigute. Bi alaba ditut, eta biek dute ganaduarekin jarraitzeko asmoa.
Urtegiak nekazariak erakarriko dituela esan du Diputazioak.
Tira, gu hemen bizi gara, eta gure etorkizuna hondatuko dute. Eskualdeari min egingo diote, hemen bizi garenok ezingo dugulako hemen jarraitu. Bestetik, teorian urtegiaren ura baliatuko dutenak, Ribabellosako edo beste herrietako nekazariak, hirietan bizi dira gehienak, Miranda de Ebron edo Gasteizen, eta herrira joaten dira soilik lan egitera. Landa eremuan biztanleak finkatzea gero eta zailagoa da, eta proiektua babesten ari direnek ez dakite zer den landa eremuan bizitzea.
Zein dira, zure ustez, urtegia eraikitzeko interesak?
Ekonomikoak. Batetik, ura gero eta urriagoa da, eta negozioa izan daiteke etorkizunean. Bestetik, nekazaritzarekin loturiko interesak izan daitezke, eredu industrializatua bultzatzeko lurrak ureztatu behar direlako. Azkenik, eraikuntzako obra guztien atzean dauden interes ekonomikoak ere izan daitezke.
Parte hartzeko prozesuaren ondorioek proiektua baldintzatuko dute?
Administrazioari ez zaio batere gustatu teknikarien txostena,  plataformak aspalditik zioena berretsi duelako, alegia, proiektua duela hogei urteko errealitatean oinarrituta dagoela eta egun ez dela beharrezkoa. Baina, zoritxarrez, uste dut ez entzunarena egingo dutela. Batzarretan, argi ikusi dugu Aldundiko teknikarien jarrera beligerante eta agintzailea.
Eta orain, zer?
Plataformari esker, informazioa zabaltzea, ahotsa altxatzea eta proiektuan dauden interesak agerian uztea lortu dugu. Bide horretatik jarraituko dugu, horixe baita gure itxaropen bakarra. Nekazarien artean gatazka sortu nahi izan du administrazioak, nekazari batzuen interesak beste batzuenen gainetik jarrita, eta gu ikusezinak bilakatzeko ahalegina egin du, baina argi utzi dugu, hasieratik, ez gaudela ureztatzearen kontra, baizik eta Barrongo urtegiaren kontra.