Gazteluak gailurra koroatu du

irulegi

Bost mendeko negualdiaren ostean ernatu da Irulegiko gaztelua (Aranguren bailaran). 1494an, orduko Nafarroako errege-erreginek eraikina botatzea erabaki zuten, arrazoi estrategikoengatik. Ama-lurrak bere baitan gorde zituen gazteluaren aztarnak; arima, berriz, bizilagunen oroimenean egon da bizirik. Herritarrek gaztelua berreskuratu dute, eta, hala, Nafarroako historiaren puzzleari pieza garrantzitsu bat itsatsi diote. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Aranzadi Zientzia Elkartea.

Haizearen zurrunbiloak urratzen du Irulegi gailurreko (893 metro, Aranguren mendilerroan) isiltasuna. Oinek aurrera egin ahala, azkar antzematen da leku berezia dela. Halaxe baieztatzen dute alde batera zein bestera dauden zuhaitzek, ahapeka Erdi Aroko kontuak baitakartzate. Muinoan, Lakidain eta Ilundain herriek (Aranguren ibarran) Lerrutzi (Lizoain bailaran) eta Idoateri (Izagaondoa ibarran) ematen diete eskua. Tontorraren erdialdean, sastrakek harro erakusten dute 500 urtean gorde izan duten altxorra. Hurbildu bezain pronto, mende luzez lozorroan egondako harriak nafarren hizkuntza zaharrean mintzatzen hasten dira, eta Irulegiko gazteluaren iragana dute mintzagai.
Indusketa arkeologikoak egiten hasi zirenetik, 2006tik aitzinera, hamaika konturen berri eman dute harriek. Gazteluaren sorrerari buruz, baina, ia ez dute informaziorik eskaini. Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo Mattin Aiestaranek zuhurra izan nahi du, eta ez da ausartzen gazteluaren sorrera urtea zehaztera. “Bere garaian, Burdin Aroko herrixka bat zegoen. Aurkitu ditugun datazio batzuek datu hori berretsi dute; hau da, orduko lur mailak edo ikatz zati batzuk topatu ditugu, gerora gaztelua eraikitzeko zabalduko zituztenak” azaldu digu Aiestaranek.
Inguruak, ordea, argi azaltzen du zein izan zen gazteluaren betebeharra. Bistan da lekua guztiz estrategikoa dela: albo batean, Iruñerri osoa eta hiriko sarbideak ikusten dira (egun, Iruñetik gaztelua ikusten da), eta, bestean, Agoitz eta Pirinioetako sarbideak. “Etsaia datorrenean, abisua azkar eman daiteke”. Beraz, Irulegi babeserako sare bateko gaztelua izan zela esan daiteke, Ezkabako, Miravalleseko (Uharte) eta Larunbeko gazteluekin batera.
Gaur arte iraun duten aztarnek, baina, gazteluaren azken garaietako egiturak dira. Hastapenetan, Iruñeko Erresuma sortu zenean, “zeina ez zen geroago bezain indartsua, eta azkar eraso zitekeen”, muga bertan egongo zen, ziurrenik, eta Irulegi mendiko tontorrean egon zitekeen eraikinak babeserako paper garrantzitsua beteko zuen. Gerora, erresuma egonkortu eta zabaldu zenean, barne zaintzarako tresna bihurtu zen.
Gazteluak izaera militarra ere hartu zuen, eta Nafarroako Erresumaren historiako hainbat liskarren lekuko izan zen, baina ez testigu ukigabea. Izan ere, eraikina hainbatetan konpondu behar izan zuten, gerren ondorioz txikituta geratu zelako. Horixe diote orduko agiriek. 1378an, esaterako, Gaztelarekin izandako borroken ostean konpondu behar izan zuten. Helburu militarrak betetzeko ez ezik, garaiko alkaideak eta haien senideak bertan bizitzeko ere balio izan zuen, 1374ko dokumentuen arabera.
Hala ere, Nafarroako konkistaren hasierako gertakariek jarri zuten gaztelua historiaren jomugan. Agaramontarren (Nafarroaren aldekoak) eta Beaumontarren (Gaztelaren aldekoak) arteko gerra zibilaren ostean, eraikina bigarrenen esku geratu zen. 1494an, Nafarroako koroak gotorlekua berreskuratu zuenean, orduko errege-erregin Joan III.ak eta Foixeko Katalinak gaztelua suntsitzeko agindua eman zuten. “Ez zuten etsaiak erraz-erraz eskura zezakeen gaztelurik nahi erresumako hiriburutik hain hurbil. Ez zuten erabat kontrolpean, ordura arte etsaiarena izan zelako, eta uste zuten beren kontra bihur zitekeela” diosku Aiestaranek. Urte hartan, denboran izoztuta geratu zen Irulegiko gaztelua, argia berriro noiz ikusiko zain.
Iragan berreskuratua
Eraikinak bost mende eman ditu iluntasunean. Haren argiak, baina, pizturik jarraitu du inguruko bailaretako herritarren artean. Aranguren herriko Ruben Iberok txikitatik ezagutzen du gazteluaren arima. “Gure arbasoek gazteluaz hitz egiten ziguten, baina ez genuen espero aurkitu dugunarekin topo egitea” azaldu dio AIZU! aldizkariari. “Ikaragarria izan da”.
2005ean, jakin-minak kosk egin zion. Hala, ibarreko lagunak auzolanean elkartu eta gazteluaren ingurunea miatzen hasi ziren, belarrez josita baitzegoen. “Lurra mugitzen hasi ginen, eta, bat-batean, harlandu handi bat topatu genuen, dorre nagusiari zegokiona. Ondoren, poliki-poliki, ingurua aztertu eta uharka topatu genuen”. Harriak hitz egiten hasi ziren eta, beren hizkuntza hobeki ulertzeko, Aranzadi Zientzia Elkartearekin jarri ziren harremanetan, 2006an.
Hamar urtez ibili dira lanean Irulegi gailurrean. “Guztia atera edo berriro estali behar genuen, aztarnategia babesteko” dio Iberok.  Aranguren ibarrak hasieratik egin du bat proiektuarekin, eta urte hauetan guztietan diru-kopuru bat eman izan du indusketa lanak aurrera ateratzeko. “Auzolana izan dugu ardatz. Bizilagunok lan handia egin dugu gure bailarako gaztelua berreskuratzeko, eta horrek bizilagunon arteko batasuna indartu du; oso garrantzitsua izan da”.
Herritarren eta Aranzadi Zientzia Elkarteko lagunen artean egindako lanari esker, Nafarroak Erdi Aroko gaztelu baten aztarnategi sendoa berreskuratu du, XXI. mendean. Mattin Aiestaranek azaldu legez, dorre nagusiak zaintzen du ingurua. Horrez gain, harresi nagusia dago, eta bost dorre txiki ditu; horietako bat, ipar-ekialdekoa, hain zuzen, kapera bat eraikitzeko erabili zuten, aldarea baitu. Ur putzua ere badu gazteluak, “setio batean irauteko, ura ezinbestekoa baitzen”.
Harriek gazteluaren egitura nolakoa zen irudikarazten digute. Baina egituraren gaineko informazioa eskaintzeaz batera, Irulegiko aztarnategiak garaiko bizilagunen berri ere eman du indusketetan. Adibidez, gerriko baten belarria topatu dute, baita hainbat apaingarri ere. “Nahiko bitxiak dira, ez lituzke edonork jantziko garai hartan” dio Aranzadiko kideak. Halere, aurkikuntza guztien artean bitxienak hezurrezko dadoak dira: “Ez dira hain ohikoak. Kontuan hartuta soldaduen eguneroko bizimodua nolakoa zen, honelako materialak erabiliko zituzten beren aisialdian”.
Indusketa lanek iraun duten bitartean, aldi berean egin dira arkeologia lanak eta zaharberritzekoak. Nafarroako Gobernuko teknikariek ere prozesuaren jarraipena egin dute. Une honetan, inguruan zehar hainbat informazio panel daude, gazteluaren nondik norakoen berri emateko. “Jendeak ez baldin badaki zer egin dugun, ezta zertan ari, garen ere, gure lana ez gara ongi egiten ari” azpimarratu du indusketaren azken urteotako zuzendariak.
Irulegiko gazteluak Nafarroa osoan eragin du interesa. Orain, bisitak kudeatzen hasiko dira, aztarnategia ezagutzera emateko. Hala, bizilagunek antzinako erresuma ezagutzeko parada izanen dute, eta webgune bat ere abian jarri dute informazio guztia eskaintzeko: www.irulegi.eus. Bost menderen ostean, ahul iritsitako argiak sendo eta gogotsu argiztatuko du Iruñerria.