“Plazetan dago gure benetako ekosistema”

maialen

Maialen Lujanbio (Hernani, 1976) Euskal Herriko bertsolari txapelduna da pasa den abendutik. Euskal Herriko azken sei finalak jokatuta, bi aldiz jantzi du txapela; lehenengoa 2009an. Txapela buruan eta ibili munduan, AEBetara joan aurretik harrapatu dugu elkarrizketarako. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Denboratxoa joan da txapelketako finaletik. Txapelaz gain, zer eraman duzu zurekin?
Oraindik goiz da esateko, jabetzeko nago gertatu denaz, baina poz eta asebetetze handiak daramatzat, ondo egindako lanaren sentsazioa eta, beste behin ere, alaitasuna, proiektu oso eder baten parte naizelako. Txapelketa bera bertsogintza lantzeko akuilua da, eta bukaeran, ondo edo gaizki atera, aurrera egin nahia sentitzen da berriz, lantzen eta hobetzen segitzeko gogoa.
Nola prestatu zenuen txapelketa?
Nahiko gauza anbiguoa da, uki, esplika eta arautu ezina. Zorionez! Denok egin  dugu ikasketa prozesu bat, baina maila honetan, txapelketako finalean edo azken txanpan, ez dago oso araututa nola prestatu. Horixe da bertsoaren magia; bestela, matematika izango litzateke, eta neuri, behintzat, ez litzaidake asko gustatuko. Prestaketa intuitiboa da, nork bere modua pentsatzen eta asmatzen du. Ni ez naiz batere pertsona metodikoa eta antolatua zentzu horretan, eta iritzira prestatzen dut, intuizioaren arabera.
Noiz hasi zinen?
Hori ere desberdina izango da bertsolari bakoitzaren kasuan, baina txapelketa dagoen urtea iristean, urte hasieratik ibiltzen da gaia dantzan, zomorroa buruan bueltaka, bertso saioetan askotan hasten da hizpide izaten... Halere, buru-belarri, uda ostean hasten gara. Beharbada, batzuek aurretik ere zerbait egingo dute, baina nik ez dut lortzen, udan saio piloa edukitzen dugulako; gainera, udako saio moldea txapelketaren antitesia da, egikerari dagokionez. Beraz, serio-serio, udazkenean.
Hurrengo txapelketan finalean zuzenean sartuko zara... Jardun faltari beldurrik bai?
Hori, une honetan, zientzia fikzioa da, urruti ikusten dut, lau urte barru... Dena den, frogatuta dago: azkenaldian finalean zuzenean sartu garenok, bai Andoni (Egaña) bai Amets (Arzallus) bai ni neu, pixka bat atzerago geratu gara emaitzetan. Alde onak eta txarrak dauzka finalean horrela sartzeak. Ametsek zioen bezala, txapela irabaztearen alderik onena da lau urtean badakizula hurrengo finalean hantxe izango zarela, eta hori izugarrizko lasaitasuna da. Jardun faltaren larritasuna, berriz, finalaren aurreko udazkenean hasten da. Halere, beharbada, berrikus liteke arau hori, ez litzateke astakeria izango.
Bertsolarien batez besteko adina aspaldiko zaharrena izan zen finalean. Gaztetuko ote da hurrengo txapelketan?
Baietz uste dut, baina horrek ez nau kezkatzen. Txapelketa ez da betiko, edo nik, bederen, ez dut sentitzen ez dakit zenbat urtean hor ibiltzeko borroka denik. Ederra izan arren, asko eskatzen du, gogorra da, eta presio handia eragiten du: bertsolaria etengabe probatzen du, haren ibilbidea jokoan jartzen du... Gaztetan edota lehendabizikoz jokatzen diren txapelketak dira anbizio eta ilusio handienez hartzen direnak. Berritasun hori motibazio erantsia da gazteentzat; zaharragoentzat, aldiz, zailtasun erantsia da. Azkenekoan, gazte jende oso-oso ona dagoela ikusi da. Finalak ez, baina finalaurrekoek inoiz ez bezalako kolorea izan dute; beraz, pauso naturala litzateke oraingoan finalaurrekoetan ikusi dena hurrengo finalean ikustea. Plazetan, berez gertatzen da: irudia bestelakoa da, denetarik egoten gara; eta bertsolaritzaren erretratu errealena plaza da.
Emakume gehiago izango dela ere ziurtzat jotzen da...
Bai, baina eztabaida hau bi ahoko labana ere bada, eta erne ibili behar da. Txapelketa honetan, asko hitz egin dugu emakumeei buruz, kopurutan, eta ez zait zilegi iruditzen. Era berean, ulertzen dut finalean emakume bat baino gehiago egoteak badaukala bere esangura, genero ikuspegitik eta bertsogintzaren eta gizartearen aurrerapenaren ikuspegitik. Baina gaiari ñabardura gehiagorekin heldu behar zaio, ezin dugu hitz egin hain grosso modo gauza hauetaz. Halere, gazteei buruz esan dudana emakumeez ere esan daiteke, gazteen artean gehienak emakumezkoak direlako. Plazan, presentzia nabarmena dute, oso puntakoa, eta, gainera, oso bertsolari ezberdinak dira. Hori da, nire ustez, aldaketa handienetako bat bertsolaritzan: emakume horiek oso ideologia, janzkera, estetika, ikuspuntu, bizimodu... ezberdinak dituzte. Horrek ekarriko dizkigu mundu desberdinak bertsotara.
Beteranoak prest zaudete bidea libre uzteko?
Pixka bat lehiatu beharko dutela esatera nindoan, baina broma da, kar-kar! Gure belaunaldia oso esanguratsua eta indartsua izan da bertsolaritzan. Edo, beste modu batean esanda, gure belaunaldiari tokatu zaio oso garai berezi eta esanguratsua: Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia... Gure belaunaldiak gaztetu zuen bertsolaritza, aldaketa handiko garaian. Lehen gazte ginen haiek orain beteranoak gara, eta gaur egun bertsolaritza bera bestelakoa da. Normala izango da nire belaunaldikoak baztertuz joatea eta berriak etortzea, errelebo naturala, alegia. Txapelketatik erretiratu arren, hor dago Andoni Egaña. Plazan daude gure jardunaren ardatza eta oinarria, hortxe segi daiteke, segi dezatela eta segi dezagula, horixe baita gure benetako ekosistema. Adibidez, gazteak aipatzearren, badago beste bertsolari mordo bat, Iker Zubeldia edo Uxue Alberdi, kasu, txapelketan parte hartu gabe plazetan dabilena.
BECen zeuden guztiak ez ei ziren “benetako” bertsozaleak, finala ikuskizun handia bihurtu da. Kezkatzen zaitu horrek?
Kontziente gara BEC, eta txapelketa, zer diren. Txapelketa ez da soilik onena izendatzeko, beste funtzio asko ditu, bertsolaritzaren sustapena eta zabalkundea, adibidez. Saioak Bastidan, Maulen edo Irunen eginda gera daitekeen sedimentuak gerora fruituak ematen ditu: bertso eskolak sortzen dira, edo gugandik urrutiago dagoen jendea bertsogintza, edo euskara bera, ezagutzen hasten da... Bestalde, gaur egun bertsoa bizitzeko modu oso ezberdinak daude, zorionez, hainbat geruzatako zaleak daudelako: batzuk txapelketetara hurbiltzen dira, beste batzuek bertsoa.eus segitzen dute, hauek beren herriko saiora joaten dira urtean behin, haiek plazaz plaza ibiltzen dira udara osoan... Hori ere ederra da.
”Zenbat eman du euskalduntzeak? Ez behar beste guretzat” kantatu zenuen agurrean...
Nik 41 urte ditut, aro demokratiko delako honek bezala. Euskalduntzeak, ikastolen sorrerak, hizkuntza politikak eta abarrek zer eman duten aztertuta, beharbada ez dute eman egindako lanaren adinako emaitza, edo espero zitekeena. Ikusi, bestela, ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka, adibide bat jartzearren. Hainbeste urtean egindako lanak... zer eman du? Eman du, noski, hemen gaude gu adibiderako, edo ikastolak, edo AEK edo beste hainbeste, baina ez du eman behar beste, ez espero beste edo nahi genukeen beste. Dena den, agian, irakurketa positiboa ere egin daiteke,  e? Hernanin, gazteek lehen baino gehiago hitz egiten dute euskaraz, nabarmena da, baina ez behar beste, ezta gutxienekoa ere.
Animatu egin beharko ditugu ikasten ari direnak...
Bai, noski! Kritikatu dudan egoeraren errudunak ez dira ikasle horiek, baizik eta egiturak, politikak, kanpainak, ausardia falta... gobernu eta politika mailan. Ikasteko ahalegin guztia egiten dutenei, esker on osoa! Gure besoak zabalik dituzte, dudarik gabe.
Zergatik merezi du euskara ikasteak?
Niretzat bizi osoa da euskara. Euskaraz bizi naiz, euskaraz sortzen dut, nire mundua euskarazkoa da, oro har... Ni, euskararik gabe, ez nintzateke existituko, nolabait esanda; ezinbestekoa dut. Halere, bistakoa da beste jende batentzat bigarren, hirugarren edo laugarren hizkuntza dela. Zergatik ikasi? Bada, modu bakar eta nahitaezkoa delako Euskal Herria bere osotasunean ezagutzeko, hiru dimentsiotan ikusteko eta ulertzeko. Bertsogintza da horren adibide ona: euskaraz jakin beharra dago bertsoa ulertzeko, mundu erreferentzial eta giro hori partekatzeko, eta horrek dakartzan sentimenduak, bizipenak eta abarrak bizitzeko.
Hemendik aurrera, zer ekarriko dizu txapela buruan ibiltzeak?
Funtsean, ez da gauza handirik aldatuko. 25 urte pasatxo daramatzat bertsotan, nire jardun nagusia plazaz plaza kantatzea da. Uste dut horrela segituko dudala, eta hori nahi nuke. Horrez gain, zer? Bada, beharbada, “marroi” gehiago, konpromiso gehiago, akaso gustuko ez ditudan leku batzuetan egon beharra... Baina ez da oso larria, moldatuko gara nola edo hala, ezetz esaten ere ikasi egiten da. Bigarren txapela dut, eta badakit zer den.

KOLKOTIK
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Ufa! Hainbeste... Esaterako, euskara ofiziala eta erabilia dela euskararen lurralde guztietan.
Lehengo bertsolari bat?
Txirrita.
Eta oraingo bat?
Amets (Arzallus), adibidez.
Oholtza gainera igo aurreko maniaren bat?
Ez naiz oso maniatikoa, baina lehenengoa ez izaten saiatzen naiz. Halere, askotan, ez zait ondo ateratzen.
Zenbat parranda egin duzu bertso saioen aitzakian?
Dezente, baina egin ahal nituen guztietarako gutxi. Halere, asko.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Segur aski, kirolaria, edo animaliekin lotutako zerbaitetan jardun.
Eta orain zer ez duzu izan nahi?
Egunero-egunero lan bera egitea ofizio duen pertsona.
Oporretarako leku bat?
Pirinioak.
Lehenengoaren ondoan jarri duzu bigarren txapela?
Eskuratu nuenean utzi nuen bezalaxe dago, mahai gainean. Oraindik ez du bere lekua aurkitu.
Bi txapelez gain, zer eman dizu bertsolaritzak?
Mundu bat: lagunak, bizimodua, ideologia lantzeko lurra... dena.
Eta zeuk zer eman diozu bertsoari?
Nire kezkak, bizipenak, burutazioak... nire mundu ikuskera.
Zer edaten duzu bertso afarietan?
Sagardoa edo ardoa.
Zerk ematen dizu amorrua?
Bertsoekin lotuta, egin behar nukeena lotsarik gabe esaten didan jendeak.
Zeri diozu potoari baino beldur handiagoa?
Potoari ez diot beldur handirik... Bai, ordea, isilik gelditzeari.
Zerk lotsatzen zaitu?
Paradoxa bada ere, jendaurrean egoteak.
Zein gai ez duzu gustuko bertsotan jarduteko?
Oro har, ekonomia eta lan mundua.
Zenbat aldiz entzun diezu ezezagunei “Bota bertsoa, Maialen!”?
Askotan, eta amorrua ematen dit. Jendeari iruditzen zaio, musika instrumentu beharrik eta ez duzunez, noiznahi zaudela kantatzeko umorez. Gainera, ezetz esaten baduzu, pipertuta dirudizu...
Eta?
Normalean ez dut botatzen bertsoa, eutsi egiten diot.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Ibili.
Bi hitzetan, nolakoa da Maialen Lujanbio?
Pertsona lasaia eta estua aldi berean.