Ezkontzaren dirdiraren atzean, ‘Txarriboda’

 

txarriboda

Iji eta aja, dena irri, dena algara, dena festa eta zorion. Ezkontza ospakizunak hala beharko luke. Haatik, Mireiaren eta Imanolen ezteietan azkar asko desagertuko dira dirdirak eta pozak, eta atzean dauden hipokrisia, miseriak zein trapu zikinak azaleratuko dira. Horixe du oinarri Txarriboda-k, Hika antzerki konpainiak aurkeztu berri duen antzezlanak. Kabaret erakoa, eta kabaretari dagokion umore gordina lagun, Agurtzane Intxaurragak zuzendu du. Zehazki, euskal kabareta izango da, euskal kantuak baliatu baitituzte, hitzak egokituta. Sei aktorek gorpuzten dituzte pertsonaia nagusiak: Iñigo Aranbarri, Sandra Fernandez Agirre, Patxi Gonzalez, Kepa Errasti, Juanjo Otero eta Iñaki Marurik. Rol gehiago ere jokatzen dituzte antzezlanean, antzezpena dantza eta kantuekin uztartuta. Urtarrilaren 20an estreinatu zuten, Errenterian, eta aurrerantzean ere izango da non ikusi: otsailaren 16an, Beasainen; 23an, Gernika-Lumon; eta martxoaren 11n, Eibarren, besteak beste. Herri batetik bestera aldeak izango dira, herrien inplikazioa lortzeko asmoa baitu konpainiak.


 

zinegoakOTSAILAREN 19tik martxoaren 4ra bitartean egingo da, Bilbon, Zinegoak Gaylesbotrans 15. Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia. Urtero bezala, mundu mailako estreinaldiak, Euskal Herrian eginiko lanak, nazioartean saritutako pelikulak, film laburrak, arte eszenikoak eta beste hainbat jarduera eskainiko ditu. Tartean, galegoz grabaturiko lehen LGTB filma estreinatuko dute: Nove de Novembro. Bestalde, Emilie Jouvet zinema zuzendaria omenduko dute, berari emanda Ohorezko Saria. Jaialdiaren data ofizialetatik kanpo ere izango da zer ikusi: otsailaren 15etik 18ra 3, 2, 1... Zinegoak! aurrejaialdia egingo dute; jaialdia amaitu eta gero, berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 35 herritan baino gehiagotan emanaldiak izango dira. Zehaztasun guztiak www.zinegoak.com atarian topa daitezke.

LABURREAN

OTSAILAREN 28tik martxoaren 28ra, euskaraz eginiko zortzi film labur ikusteko aukera eskainiko du XV. Laburbirak, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako film laburren zirkuituak. Beti bezala, Euskal Herriko hainbat herritan izango dira emanaldiak. Lan hauek osatuko dute Laburbiraren eskaintza: Koldo Carranzaren Ilunpetan; Izaskun Arandiaren Night Shift; Oihane Zunzunegi eta Amaia Otaolaren Higadurak; Javi Arriagaren Ejecutor; UDA films-en Tazan; Atxur animazio taldearen Areka; Oier Fuentesen Kreba; eta Erika Olaizola eta Amancay Gaztañagaren Z U L O. Egitarau osoa www.topagunea.eus gunean dago.

MARTXOAREN 2an estreinatuko dute zinema aretoetan Errementari, Paul Urkijo arabarrak eginiko fantasiazko filma. Berez, Sitgeseko Fantasiazko Zinema jaialdian aurkeztu zuten, iaz, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean ere ikusgai izan zen. Orain, areto komertzialetan ikusi ahal izango da Patxi Errementaria kontakizunean oinarritutako filma.

BARTZELONAKO Euskal Etxeak antolatuta, otsailaren 8tik 18ra egingo da 13. Zinemaldia.cat, euskal zinemari eskainitako jaialdia. Aurten, 9 lan ariko dira Txapela d’Or sariak eskuratzeko lehian: fikzioari dagokionez, Handia, Non, Bi txirula eta Errementari eskainiko dituzte; dokumentalen sailean, Sitio Distinto, Volar, Deixar anar/ Utzi joaten, Converso eta Elkarrekin-Together. Sail ofizialetik at, Kimuak programako film laburrak eskainiko dituzte eta zinema ibilbidea egingo dute Alterzinema sailaren barnean. Egitarau osoa www.euskaletxea.cat/zinemaldia gunean dago ikusgai.