Three Billboards Outside Ebbing, Missouri

zinekritika

Zuzendaria: Martin McDonagh. Gidoia: Martin McDonagh. Aktoreak: Frances McDormand, Woody Harrelson, Sam Rockwell, Caleb Landry Jones. Erresuma Batua-AEB, 2017.

Istorioa: Mildred Hayesen alaba duela hil batzuk bortxatu eta hil zuten. Emakumea sinetsita dago herriko poliziek deus gutxi egiten dutela kasua argitzeko.
Sariak: Oscar sarietarako faborito nagusietako bat da McDonaghen filma, zazpi izendapen jasota (tartean, pelikula eta emakumezko aktore onenarenak), baina lehendik ere zakukada bete sari eta izendapen dakar bizkarrean. McDormanden lana, esaterako, askotan saritu dute; ez da gutxiagorako, lan aparta egiten baitu.
Onena: Pelikula gogorra da. Orain, muturrekoa eskuinarekin; jarraian, ezkerkada sendoa... dinbi-danba etengabe, ikuslea atsedenik gabe kolpatzen du amorruaren bideetan barrena murgildu ahala. Zartakorik ez denean, berriz, hortxe agertzen zaigu, batere gupidarik gabe, umore aski beltz eta gaiztoa. Ubelduz beteta eta arnasestuka bada ere, ezin gusturago ikusten da filma.
Txarrena: Kontakizun biribil-biribila josi behar horretan, zenbait josturek kale egiten dute.
Eñaut Mitxelena