Montoiaren azken diskoa da ‘Gorraizea’

montoia

Aurreko lana kaleratu eta sei urtera, Gorraizea (Gaztelupeko Hotsak) diskoa argitaratu du Xabier Montoiak, bere bakarkako ibilbideko seigarrena. Ibilbide horretan, hasierako lanetako pop-rock eta gitarra doinu elektrikoak desagertuz joan dira, diskoz disko, eta proposamen soil eta akustikoa nagusitu da azken grabazioetan. Halaxe gertatu da oraingo honetan ere: sinpletasuna bilatu du musikariak. Haatik, horren atzean “sekulako lana” dagoela aitortu zuen diskoaren aurkezpenean. Hari laukote bat izan du lagun oraingo honetan: Itziar Lertxundi (txeloa eta ahotsa), Monika Peino (biola), Leire Pikabea (biolina) eta Xabier Zeberio (biolina). Horiez gain, Ibon Rodriguez ere ondoan izan du, pianoan, gitarretan, ahotsetan eta moldaketetan. Hasiera batean orkestra batekin grabatzea amestu bazuen ere, azkenean talde txikiagoarekin grabatu du hamar abesti biltzen dituen diskoa, Beasaingo Pottoko Studion. Hitzei dagokienez, berriz, bere “betiko obsesioak” landu dituela adierazi zuen Montoiak.


 

enekoraENEKORA taldeak kalean du bere bigarren diskoa: Maitatzea nahiago. Erritmo alaiz jositako hamabi abestiek gai unibertsalak dituzte hizpide, euskaraz eta mandingaz kantatuta. Diskoan oinarrituta, ikuskizun bat prestatu du taldeak, eta “Afrikako sustraiak, adar euskaldunak eta fruitu unibertsalen gozamena” dela dio. Izan ere, kora izeneko harpa afrikarrak lagunduta, ahotsak, baxuak, bateriak, perkusioak, koroak, saxo sopranoak, dantzak eta proiekzioek osatzen dute zuzenekoa. Besteak beste, otsailaren 16an eskainiko dute emanaldia Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. Eneko Larrañaga (kora, ahotsa), Idoia Larrañaga (koroak, perkusioak,dantza), Andres Insua (baxua), Ibon Irijoa (saxo sopranoa), Asier Elias (bateria), Luis Camino (perkusioak) eta Leandro Insua (proiekzioak) dira taldekideak.

 

 

 

zesatekIBILITA IKASTEN DA ERORTZEN
Ze Esatek!
Baga-Biga, 2017

Talde gipuzkoarra Higain estudiora itzuli da, bere bosgarren diskoa Haritz Harreguyrekin grabatzeko. Ohikoak dituzten erritmo alaiak galdu gabe, rocka da disko berria, rockaren esparruko askotariko estiloak jota: rock melodikoa, punka eta punk melodikoa, hardcorea eta hardcore melodikoa, pop-punka eta pop-punk melodikoa... Sustrai Colina bertsolariari zor dizkiote diskoaren izenburua eta hiru abestiren hitzak. Beste kolaborazio batzuk ere izan dituzte, hala nola, Alex Gatibu, Pello Skakeitan, Libe... Zortzi abesti, dibertitzen jarraitzeko.

paulineHEGALDAKA
Pauline & Juliette
Agorila, 2107

Duela hiru urte ezagutu zuten elkar. Gitarra parea hartu eta kantuan hasita, 80 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte, bertsioak eginez: Francis Cabrel, Mikel Urdangarin, Imanol, Leonard Cohen, Simon & Garfunkel... Orain, lehen diskoa argitaratzeko orena iritsi zaie, eta, bost bertsioz gain, eurek sortutako abestiak ere sartu dituzte, sei zehazki (bat malgaxez kantatua, Madagaskarren jaioa baita Juliette). Lan honetan, hainbat adiskide izan dituzte alboan, hitzekin zein musikarekin laguntzen: Amets Arzallus, Maddi Sarasua, Anje Duhalde, Xabaltx...