Kattalin Miner

kattalinAurten, euskal literaturak izenburu ederrak eta liburu are hobeak utzi dizkigu. Horien artean, hainbat kolpe batean irentsi ditut.
Lehena, Jenisjoplin (Susa, 2017), Uxue Alberdirena. Nobelazaleentzat idatzia. Mardula da, baina elkarrizketa asko tartekatzen ditu, eta azken urteotako borroken, gatazken, askapenen eta abarren inguruko begirada beharrezko bezain kontraesankorrak mahaigaineratzen ditu.
Bigarrenik, Bihotz handiegia (Susa, 2017) aipatu nahi nuke, Eider Rodriguezek idatzia. Ipuin sorta honek eta bertan pertsonaiak hain xehe deskribatzeko duen gaitasunak Rodriguez euskarazko literatura garaikideko izen handienetako bat dela berretsi digute.
Azkenik, Itzulera (Susa, 2017) poesia liburua, Martin Bidaurrena. Poesia gustuko dugunontzako oparia. Joan-etorrien zamaren eta norberak bere munduan bere lekua topatzeko borrokaren artean dantzan dabiltzan hitzak.