Arantxa Iturbek liburua argitaratu berri du

iturbe

Honetara ezkero (Susa) izenburua jarri dio Iturbek 29 kontakizun batzen dituen liburuari.  Egileak aitortu duenez, “bonsai egilearen obsesioaz” idatzi eta kimatu ditu, arnasarik hartzen utzi gabe. Azken emaitza da idazleak hitz gutxitan asko esaten duela. Gauza bera gertatzen da narrazioen izenburuekin ere: hitz bakar batera ekarri ditu idazleak, “apropos, batzuetan muina seinalatzeko; bestetan, arreta desbideratzeko”. Kontakizun umoretsu, gaizto, zorrotz... hauen funtsa harremanak dira, gehienetan: “Inkomunikazioa, gaizki ulertuak, zer diogun eta zer isiltzen dugun...”. Emakumeak dira, oro har, narratzaile edo protagonistak, nahiz eta batzuetan ez egon zehaztuta: “Kimatzen hasita, izena eta adina ere kendu dizkiet”. Bada beste ezaugarri komun bat pertsonaien artean: ez aurrera ez atzera, krisiak bueltarik ia ez daukan tokira iritsi dira pertsonaia gehienak, eta “honetara ezkero, kostatuko zaie egoera horretatik irtetea, besteak beste ohitu egin direlako, edo etsi egin dutelako, edo bertan gozo daudelako”.


lertxundi

HORMA (Erein) du izenburu Anjel Lertxundiren azken nobelak. Harremanez ari da, komunikazioaz eta inkomunikazioaz, memoriaz eta memoria ezaz... Narratzailea, eleberriko protagonista bera, itzultzailea da. Ez da kasualitatea, Lertxundik aitortua baitu itzulpengintzak arduratu egiten duela; baita inkomunikazioak ere. Hain zuzen, horixe ageri da nobelaren hasieran, protagonistaren amari alzheimerra diagnostikatzen diotenean, itzultzaileak Martarekin bikote harremana hasi behar duen une berean. Protagonistak bere bizitzaren errepasoa egingo dio amari, izan dituen gorabehera nagusiena, nahiz eta jakin hark ez diola ulertuko. Nolabait pilotaleku, edo horma, gisa erabiltzen du istorioa kontatzeko. Izenburuak laburbiltzen du, halaber, liburuaren tonu nagusia: hoztasuna.

 

 

 

 

zaldiZALDI BELTZAK ZERUAN
Txomin  Peillen
Pamiela, 2018

Idazleak 1967an argitaratutako Gauaz ibiltzen dana nobela beltz aitzindariaren hiru kapitulu gehi bost ipuin, beltzak eta ongi girotuak, daude lan honetan: herentzia bat, desagerpen bat eta anaiaren bilaketa; mafiako buruaren hilketa eta ondorengo lehia; arrebaren joko zikina ezagutzen duen pertsonaiaren ibiltzeak; lan bila dabilen gaztea familia zikinkeriak deskubritzen; hildakoekin lanean eta bizidunekin jostetan aritzen den lege medikua…

 

hadjiHADJI-MURAT
Lev Tolstoi
Itzulpena: Josu Zabaleta
Meettok, 2017

Hadji-Murat, Errusiar Inperioa XIX. mendean Kaukasoko mendietan gauzatzen ari den konkista politikaren aurkako erresistentziako buruzagia, elkarren aurkako bi botereren artean dago: batetik Shamil, islamiar erresistentziako buruzagi nagusia, Hadji-Murat mendeko matxinatua hilik ala bizirik harrapatzeko haren familia bahiturik daukana; bestetik, errusiar armada, Hadji-Murat itxuraz babesten duena, baina familia askatzeko laguntzarik ematen ez diona.