Haizeari begira

haizeariJon Ariza de Miguel
Elkar, 2017

Liburu honetan, Jon Ariza de Miguelen (Portugalete, 1979) bigarren eleberrian, irakurleak Tiestes eta Atreo bikiak ezagutuko ditu, azkenekoa gehienbat, eta irudiaz harago ezagutu ez, baina emakume gazte bat ere izango du une oro jomugan, leihoaren bestaldeko leiho atzean. Izan ere, Atreok hari begira emango ditu egunak, nolakoa izango ote den irudikatzen, harekin egingo lukeenaz amesten, hoteletik atera ere egin gabe. Tiestes, ordea, gehiago ibiliko da kalean, museoan, tabernetan… anaiarena ez bezalako oporraldi tipikoagoan.
Nola dute izena bikiek, mitologia grekotik hartutakoak alde batera utzita; zenbat urte dituzte; non ari dira ematen liburua (eta kapituluak) osatzen duten bost egunak; nondik iritsi dira eta nora abiatuko dira azkenean… Ezertxo ere ez dakigu haietaz, oro har pertsonez jakin ohi dugun gutxienekoaz (hona hemen Arizaren marka, aurreko lanean berdin gertatzen zenez gero). Gehixeago, aldiz, amaierarako, beren barne munduaz, honen eta haren gaineko beren ikuskeraz, beren literatur zaletasunez, bereziki, baina beti Atreoren begiradatik, begirada sakon, sentibera eta adeitsutik, umore tantatxoez zipriztindutik.
Kadentzia leuna du nobelak, izu-ikararik gabea, patxadatsua, tarteka baita motela ere… opor egunetan batez ere lasai egotea atsegin dutenen aldartearen modukoa. Aldarte obsesiboa honakoa, halere, baina fina, eta azalaz barrukoa.
Usoa Alberdi Fernández