Historiako 25 filmik onenak, euskaraz

filmak

Aurten, hamar urte beteko ditu Azpitituluak.com proiektuak, filmak jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin ikusteko aukera ematen duen guneak. Hori dela eta, zinemaren historiako 25 lanik onenak euskaratu ditu, eta erabiltzaileen eskura ipini. Lanak aukeratzeko, Joxe Aranzabal webguneko kide aktiboak azaldu duenez, British Film Institute-k argitaratzen duen Sight & Sound aldizkaria izan dute oinarri. Aldian behin, inoizko 50 film onenen zerrenda argitaratzen du aldizkariak, eta fidagarrientzat jotzen da mota horretako zerrenden artean. Bada, zerrendako 25 lehenak euskaratu dituzte (batzuk lehendik zituzten euskaratuak): Vertigo, Citizen Kane, Tokyo Monogatari... Bestalde, proiektuaren arduradun Luistxo Fernandezek egitasmoaren ardura uzteko asmoa agertu du: “Lan asko eskaini izan diot ideia eta proiektu honi, baina dagoeneko nekatuta nago”. Hala, guneko katalogoa 1.000 filmera ailegatzen denean (orain, 900 baino gehiago ditu), utzi egingo du. Halere, webgunea martxan izango du, eta lekukoa emateko prest ere agertu da, “boluntario gazteren bat agertzen bada proposamen majo batekin”.


 

IAZKO ABENDUAREN hondar asteetatik, sarean da Euskararen Adierazle Sistema, euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko informazio nagusia jasotzen duen webgunea. Hainbat ikerketatako datuak biltzen ditu: inkesta soziolinguistikoak, kale erabilerari buruzkoak, Arrue txostena... Iturri horiek oinarri, 33 adierazle batzen ditu, oraingoz. Alta, aurrerantzean adierazle gehiago biltzeko aukera zabalik du proiektuak. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean garatu dute, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin batera. Soziolinguistika Klusterrak ere parte hartu du. Hala, Euskal Herri osoko datuak jasotzen ditu guneak, nahiz eta ez aldagai guztiei dagokienez, oraingoz. www.euskadi.eus gunean dago kontsultagai eta erabilgarri Euskararen Adierazle Sistema, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

LABURREAN

TOKIZ KANPO izeneko saioa sareratuko dute Hiru Damatxo ideia faktoriak eta Islandia ekoiztetxeak, otsailetik aurrera. Elkarrizketa formatua izango du, eta saio bakoitzean bi lagun jarriko ditu parez pare, ezohiko lekuetan, elkarrizketan. Lehen sei saioetan, hauek hartuko dute parte: Maite Arroitajauregi Mursego eta Maite Larburu musikariak, Gorka Erostarbe eta Gorka Bereziartua kazetariak, Ander Gortazar eta Jon Ander Agirre arkitektoak, Itxaro Borda eta Miren Agur Meabe idazleak; Telmo Trenor eta Aitor Etxebarria musikariak, eta Ramon Zabalegi eta Nagore Legarrena artista grafikoak. Otsailaren 7an sareratuko dute lehena, eta ondorengoak bi astetik behin.

txbTBX Interneteko euskarazko bideoen batzailea berritu du Codesyntax enpresak, egitasmoaren sortzaileak. Batetik, webgunea (TBX.eus) berritu du, funtzio gehiago erantsita; esaterako, bilaketa egiteko aukera. Bestetik, aplikazioa ere garatu dute, eta webgunearen oinarrizko funtzionalitate berak ditu. Hau da, unean-unean, azken aste eta hiletan pil-pilean zer dagoen ezagutzeko aukera ematen du. Horrez gain, bilaketa egiteko aukera ere ematen du, baita jakinarazpenak jasotzekoa ere. IOS/iPhone eta Android sistemetarako garatua, Google Play-n eta iTunes-en eskura daiteke.