Ez kutxak, ez tontoak

Pentsatzen jarrita, izugarria da teknologia zelako abiaduran bilakatzen ari den azken urteotan, e? Pentsa 80ko hamarkadako denboran zeharreko bidaiari bat, kasualitatez, gurera iritsiko balitz: gauza asko eta asko ez lituzke ezagutuko, batez ere etxeko tresneria elektrikoa... Kapsulako kafea? Xurgagailu-robota? Sakelako telefonoa? Gure bidaiariaren jatorrizko sasoian,  halakoak asmatu gabe zeuden oraindik.         
Beste batzuk ere, 80ko garaian asmatuta zeuden arren, nekez ezagutuko lituzke gure lagun despistatuak. Tartean, bere garaian, oso era deskribatzailean, ‘kutxa leloa’ izendatzen zena; izan ere, garai hartan, telebistak izugarrizko kutxatzarrak eta, bai, gailu erabat ‘leloak’ ziren. Alderatu abstrakzio hura gaur egungo telebista gailuekin: ez kutxak (pantaila lauak dira jaun eta jabe merkatuan) ez leloak; gehienak justu kontrakoa dira: ‘Smart TV’ edo telebista adimendunak. Internetera konektatzen dira, ahots bidezko aginduak uler ditzakete, etxeko beste gailu batzuei aginduak eman diezazkiete... A, eta bai, telebista ikusteko ere balio dute. Batzuek hiru dimentsioko irudiak ere ematen dizkigute... bueno, edo zizkiguten, 2017an fabrikatzaile guztiek 3D telebistak egiten jarraitzeari uko egin baitzioten.
Dirudienez, gainera, telebistak asko aldatuko dira hurrengo hilabete eta urteotan. Urte honen hasieran, Estatu Batuetako CES azokan ikusi ditugu hurrengo joerak: poster bat balira bezala, zuzenean horman itsats daitezkeen telebista erraldoiak, baina mehe-meheak; lauzak gehituz edo kenduz tamainaz alda daitezkeenak; erabiltzen ez denean pertsiana baten moduan bil daitezkeenak...
Gailuekin eurekin bezainbeste, erabiltzeko moduarekin ere haluzinatu egingo luke gure lagun ‘vintageak’: programazioa telebistan bertan kontsultatu ahal izatea; saioak gero ikusteko gorde ahal izatea; kanalek eskaintzen dutenaren ordez, norberaren intereseko bideoak aukeratu ahal izatea Interneten... Beharbada, edukiei erreparatuta, telebistak tontoa izaten jarraituko du... baina kutxatik oso gutxi geratzen zaio, ezta?

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/lgtelebista
LG etxeak errezel baten moduan bil-tzen den telebista aurkeztu du Las Vegaseko CES azokan. Ikusi hemen bideo bat (ingelesez).

https://labur.eus/samsungwall
Samsungen teknologia berria telebistetarako: moduluak kenduz edo gehituz, pantaila erraldoiaren tamaina aldatu egin daiteke.

https://labur.eus/faktoriaCES
CES elektronika azokaren inguruko elkarrizketa interesgarria Euskadi Irratian.

Joxe Rojas