Duda-mudatan

azurmendiNerea Azurmendi

Zalantza bat daukat. Alergien modura, duda hau, xumea bera, sasoi jakin batean areagotu ohi zait. Ez daukat argi diru eta erosketa kontuetan noiz gainditzen dugun dezentziaren muga, eta, horrenbestez, noiz hasi behar dugun geure buruaz lotsatzen. Ongizatearen eta gehiegikeriaren arteko mugari buruzkoa da nire kezka, beraz. Badakit, jakina, mugak malguak izan daitezkeela, komeni zaigunean; hauskorrak, alegia. Hain ahulak, non egutegi baten paperezko ertza nahikoa den haiek zartatzeko, batez ere abenduko egunak biltzen dituen orria bada paperezko arma erasotzailea.
Demagun muga pixka bat harago bultzatu dugula, laxatu dugula gerrikoa, sabelean aise egon daitezen langostinoak eta polboroiak, xanpainetan dantzan. Kitatu beharko, nola edo hala, sasoiarekiko zorra, ezta? Total, urtaroko gehiegikeria da, noizbehinkakoa, kontrolpean dugun adikzio kaltegabea. Ez gara gu, baizik eta gure zirkunstantziak. Gizarte kapitalista eta kontsumista ankerra, badakizu. Tamalez, aitzakiek (azalpenek) ez dituzte dudak uxatzen: zenbat jostailu behar ditu haur batek zoriontsu izateko? Zenbat praka pare nerabeak? Zenbat plater otorduak? Noraino heda dezakegu gehiegikeria, geure buruaz lotsatzen hasi eta, aldi berean, zarrastelkerian murgilduta bizi diren harroputz higuingarriak egurtzeko autoritatea galdu aurretik?
Orain dela aste batzuk, pasieran nenbilela, Luxury izeneko denda baten erakusleihoan hauxe irakurri nuen: “Luxua, beharraz harago...”. Bi hitz eta etenpuntuak. Norberak finka dezan, akaso, zer duen behar-beharrezkoa? Zer den haragokoa? Erantzun zehatzagoak behar izaten ditut nik zalantzak uxatzeko, baina aitortu beharra daukat une aproposean ikusi nuela sasidefinizioa. Hark bultzatuta, normalean nire buruari 'ondoren' egiten dizkiodan galderak 'aurretik' egin dizkiot. Hala, dudati banabil ere, baliteke zalantza eta galdera gutxi horiei esker, bestondoa gaindituta eguneko ohiko martxa berreskuratzen dudanean, nire buruari gehiegi lotsatu gabe begiratu ahal izatea. Izango zaituztet jakinaren gainean.