Erkintasun izpirik ez

txapelketa

Hitz erabilienetakoa izango zen “erkin” Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Lauzpabost aldiz baliatu zuten bertsolariek, eta eztabaida ugari eragin zituen ikus-entzuleen artean. Interneti esker, noski, berba ziztu bizian bihurtu zen Twitterreko etiketa, eta berehala ase zuten askok beren jakin-mina. Agertoki gainean, baina, Lujanbiok ez zuen inolako ahuleziarik erakutsi: urrats sendoz egin zuen aurrera, buruz burukoan merezimendu osoz sartzeko hautagai nagusia bihurtu arte. Aitor Mendiluze laguna ere garaitu zuen azkenean, eta txapela Lujanbioren buru ahaltsuaren gainean pausatu zuen Sebastian Lizasok. BECeko burrunba eta harrabotsa Maulen ere entzungo ziren! Agurrean, txapeldunak gogoan izan zituen lehengo, gaurko eta geroko bertsolariak, eta finala jokatu zuten bik lekua utziko diete geroko horiei: Igor Elortzak eta Aitor Sarriegik agur esan zioten txapelketari. Halaber, Iñaki Muruak ere iragarri zuen Bertsozale Elkarteko lehendakaritzan azken txapelketa izan duela joandakoa. Lujanbiok, jakina, gutxienez hurrengo lau urteetan ibiliko du txapela buruan.