Ozeanoa

baleaEuskal balea arrisku gorrian da

Sardako balea (Eubalena glacialis), hainbat mendez euskal baleazaleek arrantzatu izan zutelako euskal balea izenez ere ezaguna, desagertzeko zorian da. Hala jakinarazi du NOAA National Oceanic and Atmospheric Administration AEBetako Gobernuaren mendeko erakundeak. Azken urteko datuak bildu ostean zabaldu du larrialdi gaztigua NOAAk: azken hamabi hilotan, 17 ale hil dira, eta orain 450 bat bale besterik ez omen dago bizirik. Horietatik, soilik 100 dira ugaltzeko adinean diren emeak. Lehendik ere kezkagarriak ziren datuen erantzule nagusia, nola ez, gizakia da. NOAAk jakinarazi duenez, bi dira beherakadaren eragile nagusiak: isilpeko arrantza eta arrantzatzeko baliatzen diren teknika desegokiak. Izan ere, balea asko kateatuta geratzen dira arrantza ontzien sareetan, eta horrek estresa eragiten die animaliei. Estresak, aldi berean, ugaltzeko gaitasuna kaltetzen die. NOAAko adituek jaso dituzten datuen arabera, aurten hildako bale gehienak ugaltze adinean zeuden. Gainera, azkenaldian murriztu egin da ugaltzeko moduan diren euskal baleen kopurua. Arrazoi horien guztien ondorioz, kinka larrian dira euskal baleak. Berez, espezie babestua da sardako balea. Haatik, salbuespenezko eta premiazko babes neurriak hartu ezean, euskal baleen populazioa ez da leheneratuko, NOAAk ohartarazi duenez.