Turismoa

gaindegiaBisitariei Euskal Herria bere osotasunean erakusteko mapa egin du Gaindegiak

Euskal Herria ezagutzeko baliabideak nahi izanez gero, bisitariek eta turistek zail izaten dute lurralde osoa aintzat hartzen duen mapa topatzea. Izan ere, Euskal Herriaren banaketa administratiboa tarteko, edota tokian tokiko turismo bulegoek lurraldearen osotasunari erreparatzen ez diotelako, maiz eskualdeen mapak besterik ez da izaten turismo bulego eta ostatuetan. Gabezia horri aurre egin nahian, Euskal Herri osoa erakusten duen mapa sortu du Gaindegia Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategiak, turistek modu bateratuan ezagut ditzaten Euskal Herriko herrialdeak eta lurraldeak. Izaera funtzionala du mapak; besteak beste, Euskal Herriko 686 udalerriak ageri dira, zein bere izen ofizialarekin, baita errepide zein ezaugarri geografiko nagusiak ere. Distantzia kilometrikoak zehazten dituen taula bat eta udalerriak topatzeko sistema bat ere badauzka. Horrez gain, maparen atzealdean informazio gehiago aurki daiteke; esaterako, “Euskal Herria XXI. mendean bizirik dagoen herri bat dela” azaltzen duen testua. Mapa ingelesez dago, ahalik eta bisitari gehienek uler dezaten, eta ahal beste zerbitzu turistikotan paratu nahi dute, debalde, turista eta bisitari ororen eskura egon dadin. Gainera, Interneten ere webgunea sortuko dute, maparen osagarri eta lagungarri. Oraintxe bertan, Gaindegiaren webgunean (www.gaindegia.eus) deskarga daiteke mapa.